Kpop-a? Zelako kopla

Kpop-a? Zelako kopla – 

Azkenengo hamarkadan, genero berri bat ezarri da gure artean, Kpop-a. XX. mendearen amaieran Hego Korean sortutako musika generoa daukagu; bere baitan pop, hip-hop, rock edota “EDM” moduko generoak biltzen dituena, besteak beste. Kpop artistak “idol” bezala ezagutzen dira, eta bakarlariak zein musika talde oso handiak osatzen aurkitu ditzakegu. Hala eta guztiz ere, denek daukate zerbait amankomunean; gehienontzat lortezinak diren Hego Koreako edertasun-arauak betetzen dituztela.

Nahiz eta Kpop-a Hego Koreakoa izan eta hori guretzako munduko beste muturrean egon, ezin da ukatu gure gizartean daukan eragina nabarmena dela; bai onerako zein txarrerako. Honen erantzuleak sare sozialak direla esan daiteke. Enpresek haien artistak honela ezagutzera ematen dituzte. Etengabe daude jarraitzaileek kontsumitzeko edukia sortzen, bai zuzeneko bideoak zein programa berezien bidez.

Kpop-a pertsona ugariren bizitzetan finkatu den zerbait da. Egia esan, gazte askoren euskarri emozionala bilakatu da; eskaintzen duten edukiak eguneroko bizitzatik nolabait aldentzeko aukera ematen baitu. Horretaz gain, zenbait talderen abestiak momentu gogorretarako terapeutikoak izan daitezke. Horregatik guztiagatik, artista hauek inoiz ezagutu ez izan arren, pertsona askok haien lagunak balira bezala sentitzen dute. Baina, noraino da hau egokia?

Hortik aparte, Kpop taldeen jarraitzaileak batzen direnean, ikaragarrizko boterea izan dezakete. Horren adibidea da  AEB-tako “Black Lives Matter” mugimenduan  suertatutakoa. Izan ere, momentu horretan ematen ziren matxinadei aurre egiteko, AEB-tako poliziak mugikorrerako aplikazio bat sortu zuen, matxinaden partaideak salatzeko. Baina, Kpop “fandom” desberdinak batu egin ziren eta aplikazio hori haien taldeen ikuskizunen bideokin bete zituztenez, hau deuseztatzeko gai izan ziren.

Beste aldetik, Kpop-aren alde iluna daukagu. Mundu hau iceberg baten modukoa, beherantz joan ahala aurkitzen diren alde txarrak itsusiagoak dira; beraz, ez dut honetan asko sakonduko.  Lehen esan dudan moduan, “idol” -ek edertasun ezaugarri oso zorrotz batzuk bete behar dituzte; hala nola, ikaragarri argalak izatea, begi handiekin eta sudur-trenkada altuarekin. Hau lortzeko, artista gehienak kirurgia estetikoak egiteaz gain, dieta oso zorrotzak jarraitzen dituzte; askotan haien enpresa babesleek bultzatuta. Pertsona arruntentzat lortezinak diren estandar batzuk ezartzen dituzte. Hala ere, jendeak haiek bezain “ederra” izan nahi du. Hori dela-eta, dituzten nahiak betetzen ez direla ikustean, haien buruarekin txarto sentitzen dira eta hainbat arazo psikologiko izatera ailega daitezke.

Beraz, bere une gorenean aurkitzen den Kpop-a ona ala txarra da? Bada, gainontzeko gauzak bezala, ezin ditugu dena zuri-beltzean ikusi, aitzitik, mundua bitarteko gris tonalitateez osatuta dago. Kpop-ak pertsona askoren bizitzan onurak dakartza. Baina mugen barnean eduki behar ditugu gauzak; horrekin esan nahi dut ezin dugula gustuko dugun zerbait gure bizitza menperatzen utzi.

 

Kpop-a? Zelako kopla

Zer duzu buruan “Kpop-a? Zelako kopla”-ri buruz

  • Estatu Batuetako banda pop horien antza handia ikusi dut bideoan. Koreografia landua (kasu honetan “Koreagrafia” hitz jokoa eginez) bai, baña ia amerikarren kopia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude