Bihotz karrankaria duen lo-kanta [Cinco lobitos]

Bihotz karrankaria duen lo-kanta “cinco lobitos” –

Alauda Ruiz de Azuaren opera prima arreta osoa eskatuko digun Bizkaian girotutako ama-alaba drama da. Ruiz de Azúak idatzitako gidoia ama bezala igarotako bere lehen urtean izandako esperientziatik abiatzen da; horren arabera, «ikaragarria, magikoa, aspergarria eta eroa», hain zuzen ere. «Cinco lobitos» Amaiari buruzko filma da -Laia Costak hauskortasun hunkigarriz interpretatutakoa-; hori ama berria da hiri handi batean, eta bere bikotekidea kanpoan dago hainbat astez. Filmaren lehen eszenek jaiotza osteko kaosaren erretratu ederra egingo dute, lan ezegonkorrarekin zein negar egiten duen haurtxoarekin eta, arrakastarik gabe, malabarismoak egiten saiatzen den Amaia nekatuarekin.

Bitartean, harrigarriki animatuta dagoen Javik lan-bidaia luzeak egiten ditu, hainbeste behar duten dirua lortzeko. Beraz, Amaiak bere bizitzako urterik onenak izatea espero zituen horiek okerrenak bezala sentituko ditu. Eta errudun sentituko da ondorioz; oso gaizki fisikoki, psikologikoki zein emozionalki. Eta jadanik ez daki nor begitan hartu. Haurtxoa sofatik erortzen den eszenaren ondoren, erru sentimenduarekin abiatzen da bere familiaren etxera. «Zoriontsua izan behar duzu!», esaten diote Amaiari; hori gogorarazten diote, hori errezetatzen diote. Esan gabe doa horrek ez duela funtzionatuko; egiatan, erremedioak sintomak larriagotzea besterik ez du egingo. Amatasuna bere gordintasunean.

Aiton-amonak, autoritarioa eta pragmatikoa agertzen den Begoña -Susi Sánchez miragarria-, eta Koldo, -«etxeko elbarriaren» rola bikain egiten duen Ramón Barea-, laguntza baino, aparteko karga dira. Baina bere ama gaixotu egingo da: Amaiak ama eta etxea zaintzen amaituko du, adin bera zuenean bere amak zuen antzeko bizitza eramanez. Orain hasiko da bizitzan egindako aukerak ulertzen. Amak bere alabari buruz hainbat gauza pentsatzen eta isiltzen baditu ere: eskas samarra dela, hain zuzen ere. Amaiak kidetasun berria lortuko du bere amarekin; Ruiz de Azúak segurtasunez, graziaz eta zorroztasunez gidatuko du gaia.

Bihotz karrankaria duen lo-kantaIdazle zein zuzendariak zuhurki saihestu ditu klixeak, lentea egia emozionaletan kokatu duen bitartean. Bi aktoreek ñabarduraz betetako lan itzela egingo dute, batez ere, elkarrekin daudenean. Emakumeak argi zein itzal gehiagorekin agertzen dira eta bidaia emozionalei ekiten diete, Koldok ez bezala; izan ere, bere emazteak «senar beldurgarria baina aita ona» bezala deskribatuko du. Amaiaren amatasunak berak ahalbidetuko du 30 urte bete berri dituen Amaiaren eta, familian ardaztuta eta bere amets pertsonalak alde batera utzita, mundu guztiz ezberdina bizi izan duen amaren belaunaldiarteko harremanari buruz hitz egitea. Amaiaren eta bere amaren arteko ulermen handiagoak bigarren zatia beteko du, bere bigarren amaiera zoragarriekin.

Sekuentzia gehienak gela ilunetan garatuko dira: horietako une batek modu bikainean nahasten ditu telebistako beldurrezko musika eta haserre zein mehatxatzaile agertzen den Begoñaren presentzia. Aire zabaleko sarraldiak noizbehinkakoak besterik ez dira; horietako batek Iñakiren -José Ramón Soroiz- forma duen eskeletoa aterako du armairutik. Hura Begoñaren antzinako maitea izan zen eta bere amaren ezagutza sakonagoa eragingo dio Amaiari. Jarrera (edo itxura) bakoitzaren atzeko histeriak, xalotasunak, zorroztasunak, gertutasunak… Pertsona bakoitzaren konplexutasun hauskorraz jabetzea eta hori maitatzen ikastea eragingo digute. Denboran aurrera egiteko duen moduarekin (batzuetan, lehen begi-kolpean ikusezinak diren saltoekin), «Cinco lobitos» filmak teorian mugitzen den egunerokotasunaren gainetik jartzea lortuko du. Erretratatzen dituen gorabeheren haraindian doa, agian, mirariz dena konponduko duen besarkada antzemateko eta lortzeko.

Hau ere emakumezko zuzendari gazteentzat nazioarteko aintzatespena gorantz egiten ari denaren beste froga bat da. Adibidez, Berlinetik pasatuz Malagara iritsi den Alauda edo «Alcarràs» filmarekin Urrezko Hartza irabazi zuen Kataluniako Carla Simon. Ruiz de Azúaren filmak bost biznaga lortu zituen Malagan.

Galde 37 uda/2022

“cinco lobitos” Bihotz karrankaria duen lo-kanta

“cinco lobitos” Bihotz karrankaria duen lo-kanta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude