Internet-eko trikimailuak

Internet-eko trikimailuak

Teknologiaren aroan hazi garenok ia egunero erabiltzen dugu “Google” eta beste hainbeste informazio bilatzaile, baina hauek denbora-pasa bezala, edo nork daki, gure astelehenak hain astunak izan ez daitezen, hainbat trikimailu asmatu dituzte. Eta bide batez, baietz zu aho bete hortz utzi!

Lehenengoz, eta sinpleenetatik hasita, “Do a barrel roll” Google-eko bilaketan ipiniz, web orria biraka ikus dezakegu (izan ere, barrel hitzaren esanahia “kupela” da eta roll, “buelta ematea”). Esan bezala, oso oinarrizkoa da, baina beti erabili dezakegu gure gurasoak edota ume gazteak harritzeko, baina besterik ez. Hemen sakatuz gero, efektu bera ikusiko duzu.

Horrez gain, beste bitxikeri batzuk dituzu ikusgai. Besteak beste “ispilua” (mirror), “urazpikoa” (underwater), “gitarra jo” korda edo hariei eraginez, eta abar.  Egiari zor, efektu hau ez du Google-ek berak sortu, “elgooG” deituriko erakunde batek baizik, ondo pasatzeko, ez besterik.

Hurrengoa, lehenengoaren parean, “Google gravity” datorkigu. Hau Google-en bilatzean, bere izenak esaten duen bezala, grabitate-indarraren eraginez, letra guztiak jausten dira, hauek eusten zituen kola desegin balitz bezala.

Jokozaleentzat, edo orain deitzen zaien “gamer”-entzat, “Zerg Rush” atera zuen Google-ek. Berau bilatzean, euliz beterik dagoen hegoaldeko herri baten udako gau bero bat balitz bezala, “O” letrak zurrunbiloka agertzen hasten dira intsektu hegalari horiek bailiran, web orrien izenburuak jan nahian. Zuk, saguarekin segitu behar dituzu eta haien gainean bizpahiru aldiz klikatuz, hil egiten dituzu. Joko oso originala da eta noizbait oso estresatuta bazaude zure lanarekin edo ikasketekin, adrenalina askatzaile ezinhobea da. Ez kezkatu ordea, “O” horiek guztiak hiltzen ez badituzu, izan ere, hori zaila da gero!

Internet-eko trikimailuakIrudietara bagoaz, oso famatua den “breakout” jokoa daukagu erabilgai, “Atari breakout” Google-eko “Irudiak” atalean bilatzean, ateratzen dena. Askotan jokatu dugu eta niri, behintzat, nire gaztarora zuzenki bidaltzen nau.

Azken bitxikeria bezala, Youtube-n ere horrelako gauzak sustatu dituztela jakinarazten dizuet. Adibidez, Youtube-ko bilaketan “Do the Harlem shake” ipiniz, seguraski espero ez duzuen mugimenduak gertatuko dira bilatutako bideoetan. Hori bai, igo bolumena eta itxaron segundu batzuk! (nik dakidala mugikorretan ez dabil, beraz, egin ezazu ordenagailu edo tabletan).

Eta hauek dira internet-en aurkitu ditudan trikimailu sorta. Klasean aspertuta edo etxean zereginik gabe zaudenean, paregabeak dira denborapasa bezala! Aprobetxatu itzazue!

Internet-eko trikimailuak

Zer duzu buruan “Internet-eko trikimailuak”-ri buruz