Euskara: inkestak, mapak eta erantzukizunak

Euskara: inkestak eta mapak

Euskara: inkestak eta mapak

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Saila protagonista izan duen azken Inkesta Soziolinguistikoa kolore ezin alaiagoetan atera bezain azkar kaleratu da askoz sinesgarriagoa dirudien mapa uherra, UEMAko datuetan oinarritua.

Egoera beraren bi irakurketa egiteko aukera, beraz. Bata hizkuntzaren ustezko ezagutzaz baliatzen da txistua eta danbolina jotzeko; besteak, eguneroko errealitatean atzematen den euskararen erabilera ezaren datuarekin batera eskaintzen du ezagutzarena. Lehenetik, bada, aukera eta itxaropenez beteriko etorkizun koloretsua islatzen da; bigarrenetik, berriz, txalupa ziztrin bat baino ezin da irudikatu, norantz goazen eta noraino iritsi gaitezkeen garbi erakusten duena.

Eta ez gara Nafarroako edo Iparraldeko egoeraz ari, ikaragarri latza izan baitute han iraupena bera. Euskadi delako honetan gertatzen ari denaz dihardugu eta ia berrogei urtez Euskararen biziberritzearen ardura politikoa izan duten horiez.

Nola uler daiteke euskararen ezagutza-maila %80tik gora duten herri handietan (Lekeitio, Azpeitia, Azkoitia, Orio…) euskaldunen arteko interakzioan 20-30 puntu gutxiagoko erabilera izatea, eta orotara 30-40 puntu gutxiagoko erabilera? Edo Ondarroaren kasua, non 7.200 euskal hiztun eta %84,2ko ezagutza izanik, orain %49,3ko erabileran seko geratua baitago, duela dozena bat urte erabilera ezagutza baino handiagoa zuenean? Eta nola ulertu Arrasate bezalako herri handi batean (14.500 biztanle euskaldun), %65,5eko ezagutza dagoenean, euskaldunen arteko erabilera %29,8 izatea eta orotarako erabilera soziala %19,5raino jaistea?

Ez dago hemen erantzukizunik? Eta hondamendi horren errudun politikorik? Inork ez al du hemen Hizkuntza Politika edota Plangintzaren ardurarik izan? Aurpegiren bat, izenen bat izango da behintzat, ezta?

Ezin zaio, seguruenik, HPko sailburuordeari leporatu euskarak azken urteotan izan duen beherakada horren erru guztia. Sailburuordea, antza, ohiko funtzionario hutsen parekoa delako eta esaten zaiona baino egiten ez duelako.

Eta ez, Baztarrika ez da errudun nagusia. Baina Baztarrikak ezin hobeto gorpuzten ditu Arduradun lausoaren irudia eta izana. Ezin hobeto irudikatzen ditu lurraren alturako narrasti-ikuspegi miopea, eta ekimen gaseosoa, puztua, inolako efektu positiborik gabekoa.

Sailburuordeak, papargorriaren ikurra paparrean, harro, kongresuz kongresu eta hegazkinez hegazkin ibiltzea du eginkizun nagusia. Eta noizik behin, hizkuntza gutxituen iraupen-itxaropenari buruzko diskurtso garaipentsu bat edo beste botatzea. Besterik ez.

Hori ohi da funtzionarioaren lana. Eta ezin zaio gehiago eskatu, ezin baitu eman. Berea zen, bai, “amets txikien iraultza”, Neguko Jauregi honetaraino ekarri gaituena.

Harako emakume filosofo hura gaizkiaren hutsaltasunaz mintzo bazen, horrelakoen kasuan hutsaltasunaren hutsaltasunaz mintzatu behar da nahitaez. Hots, egiten dudana egiten dut, halaxe agintzen didatelako; eta egiten dudana egiten dut halaxe erabaki duelako nire gainean dagoenak.

Eta Baztarrika ez da errudun nagusia, azken finean Eusko Anaia Jibaroak aspaldi erabaki zuelako Euskararen Normalkuntzaren inguruko Proiektua nola produktu bilakatu eta nola ekoitzi: talde disziplinatuen artean sakabanatua, bakoitzak ekoizpenaren ataltxo bat eginez (zuek Hezkuntza, guk Hizkuntza, haiek Hazkuntza…), arrazionaltasuna eta egingarritasuna loreontzian jarriz…

Agintaldiaren proba pasatzeko produktua, bada, Hizkuntza Politika izenekoa. Inolako bermerik gabekoa, ez behintzat gizartearen inertziak eman dezakeena baino sendoagoa.

Ondoren letorkeena, beraz, Martxoko Idusen apetari leporatzeko moduan uzten da. Eta inork ez du erantzukizunik horretan, noski, egiazko diruditen konpromisoak ere bukatutzat ematen baitira agintaldien amaieretan.

Baina diskurtsoak beti hitz zuriz eta aho-puzgarriz beteak, nork bere burua eta bere alderdia laudatzeko prestatuak.

Eta bitartean, euskararen erabilera gero eta errekara joanago eta jausiago. Eta erabilerarekin batera, motibazioa ere ahulago. Eta ezagutza, euskara ezagutzen omen dutenen artean, urriago.

Hizkuntzaren egoera erreala islatzen duen mapa lekuko.

(J.U.)

Euskara: inkestak eta mapak

Zer duzu buruan “Euskara: inkestak, mapak eta erantzukizunak”-ri buruz

  • Ni oso lasai nago. EH Bilduren oposizio kritikoarekin (adituen artikuluak hementxe bertan) eta Donostiako Protokolo iraultzailearekin utopiara goaz zuzen-zuzenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude