Garaiak aldatu omen dira

Garaiak aldatu omen dira –

Garaiak aldatu omen dira

Zenbat aldiz entzun ote dugu “ohiturak aldatu dira” esaldia? Zenbat aldiz esan ote dugu “aurrera goaz”? Baina egia diogu? Ez nuke esango guztiz zuzena denik egia dela esatea. Ez behintzat herri honetan, herri txiki honetan. Getariarra naiz jaio nintzen egunetik, 3.000 biztanletik beherako herri txiki batekoa. Lehen pertsonan bizi izan dut haurtzaroa Getarian nolakoa den. Neure azalean sentitu dut zer den “ohikotasunetik kanpoko” haur bat izatea herri honetan, hau da, futbola eta bideojokoak ez gustatzea. Baina ez da hain sinplea. Herri honetan ezarritako estandar horretatik ihes doana baztertua izaten da. Ni barne. Eta agian hori da atzera begiratzeko prespektiba eman didana. Agian eskertuta egon beharko nintzatekeen koadrilatik kanporatua izanagatik, agian mesede besterik ez baitit egin. Baina, gaur behintzat, ez ditut lerro hauek horretarako erabiliko.

Esaerak “herri txiki, infernu handi” dio. Eta, egia esan, nabari da lehen aldiz esan zuenak bazekiela zer esaten ari zen. Haurrak ginenean ohikoa zen bihurrikeritan aritzea. Hori, ordea, dida batean konpontzen zen, guraso baten errieta jaso orduko. Akaso beharrezko bihurrikeriak ziren, pedagogikoak, egin daitekenaren eta ezin daitekenaren arteko mugaren bila egindako espedizioak. Gero, handitu ginen. Hasi ziren “etzeuztik potruak” ala “kagau” bezalako esaldi motibagarriak. Hasieran, “tocatimbres”-ean ibiltzen ginen (ez dut uste azalpen gehiegi behar duenik). Ostera, txinatar dendan litxarreriak lapurtzen. Haren atzetik heldu ziren mutilen eta nesken arteko banaketa. Ondoren, etxe eta lokal hutsetan sartzeari ekin zioten. Baina horiek horren pedagogikoak ziren? “Guk ere eginten genizkian” esaldiak justifikatuta dena omen da zuzena. Eta artean, nola ez, “ezberdinak” tantaz tanta herri honen indar zentrifugoek kanporatuak izan ziren ala, hobeto esanda, izan ginen.

Dena den, horiek gure kontuak ziren, ez zetozen bat herriko egungo haur eta gazteekin. Gaur egun plazara begiratu eta haur guztiak ikusten zenituen hizketan, barrez. Mutilak eta neskak batera, ohikoak eta ezohikoak, beldurtiak eta ausartak. Bazirudien garaiak aldatu zirela. Jada ez ziren gure belaunaldiko basetan zikintzen ari. Agian itxurak besterik ez ziren? Gaur déjà vu bat izan dut. Ni baino hiruzpalau urte gazteagoko batzuk ikusi ditut oilategi baten ondoan, bertako txakurrei xaxatzen. Beste behin entzun ditut “etzeuztik potruak txakurrengana sartzeko” eta “kagau”. Berriz etorri zaizkit burura ezohikoak, herriari egindako kalteak, bereizketak. Zer pentsatua eman dit. Garaiak aldatu omen dira. Orain dena omen da dibertsoagoa, pluralagoa, zabalagoa. Orain guztia aldatu omen da. Jada ez omen dira jarraitzen lehenoko kanonak eta erreferenteak. Hala bada, bi aukera soilik geratzen dira: ez dugu asmatu Getariara aldaketa hori ekartzen ala ez da hainbesteko aldaketarik izan.

Herrian bada esaera bat kaiola politean txori gaiztoak besterik ezin duela egon diona. Akaso horixe izango da herri honetan esan den egi bakarra. Zoritxarrez, ez da hori bidea. “Zer egingo zatiok, guk ere egiten genian” esaten duten gurasoak dauden artean “etzeuztik potruak” dioten haurrak izango dira.

Ekintzak justifikazioa duen bitartean ekintzak egilea izango du. Eta, tamalez, ez dago hori salatzeko prest dagoenik.

Garaiak aldatu omen dira Garaiak aldatu omen dira

3 pentsamendu “Garaiak aldatu omen dira”-ri buruz

  • josu naberan 2022-01-03 09:47

    Zorionak, Amets, hire ele biKAIN HORREGATIK!

    aRAZO SOZIAL BATEN ITU-ITUAN EMATEN DOK!

    USU (ohizko) denetik AT ateratzen dena, NEGAZIONISTA izatera kondenatuta zegok.
    Eta are okerrago, horregatik goitizen bat (“ardi beltza” edota ez dakit zer deitzen badiote)

    Baina hori horrela izan dok BETI, tribu ITXIETAKO edozeinen INFERNU HANDITAN.
    Zergatik ote? Genetikoki horrela HAZI garelako… ala horrela HEZI gaituztelako?

    Zein ote HEZKUNTZA hitzaren etimologia:
    HEZI *ez-hazi? *en-hazi? *en-an-hazi?

    Halere, ez nauk kezkatzen asko “HEZKUNTZA” hitzaren etimologiak, baizik eta horren ERREALITATEAK; hots gaur ere irauten duenak = DAGOENAK!!

    “Umeak etxean entzuna”

  • Bikain Amets, primeran isladatu dezu herri, auzo ta toki gehiegitan pasatzen dena. Gurasoek badegu bai, behingoz esnatu eta etorkizuna aldatzeko ardura eta zeregina. Zorionak!!!

  • Oso ondo Amets, zurekin bat nator