Euskararen latinizazio prozesua

Euskararen latinizazio prozesua –

Latina, hizkuntza hila. Hildako hizkuntza bezala dugu latina, ez baitu hiztun aktiborik. Are gehiago, kasik hilda deunek soilik hitz egiten dute, liburu eta idatzien bidez, baina guztiak daude hilda. Zenbait hiletatan soilik entzun daiteke gaur egun; antza, bi munduen arteko lotura errazten du, edo.

Latina garai hobeagoak bizia izana dago; Europan hizkuntza frankoa zen, nazioarte mailan, hizkuntza ezberdinetako hiztunen artean partekatzen zen hizkuntza. Batik bat merkataritza, diplomazian, zuzenbidean, zientzia eta erlijio arloetan erabiltzen zen.

Euskararen latinizazio prozesua

Gauzak ondo lotuta alde egin zuen latinak hiztunen ahoetatik. Bertatik jaio ziren gero munduko bost kontinenteetan barrena zabalduko ziren hizkuntza erromantzeak. Txikitik handira, Erromatik mundura. Aita Santuaren hizkuntza, hizkuntza erromantzeen ama; latinak gure artean utzitako aztarnak zabalak dira.

Gaur egun, latinez esandako horiek erabiltzeari latinismo deritzogu. Europako herriek latina albo batera utzi eta tokiz tokiko hizkuntza erromantzeak besarkatu zituztenean latina kulturaren hizkuntza bilakatu zen; kulturaren monopolioa, jakintasunaren bertutea zuen Eliza katolikoaren hizkuntza izaten jarraitu zuen, apaizek, hau da, garaiko pentsalariek, sormen lana aurrera ateratzeko erabiltzen zuten lan-tresna.

Gaur egun, baina, askotan, lan jerga diren heinean, eta lan esparru batera doituak daudenez, gizarte zabal batek ez ditu ulertzen. Hori dela eta, latinezko formak erabiltzea kultismotzat jotzen dugu. Batzuek modu zehatzean adierazi nahi dutena adierazteko erabiltzen dituzte, baina beste batzuk… tira… aitortu dezagun, “kultureta” eta “jakitun” itxura ematearren erabiltzen dituzte. XXI. mendeko apaizak ote?

Jurista bezala, de iure, ad hominen, ad hoc, ex post facto, pro tempore eta abar luze bat aurkitzen ditut laneko idatzietan. Hierarkian maila handiagoak latinismoen erabileraren ugalketa dakar, ezinbestean.

Euskarari bagagozkio, egoera oso ezberdinean aurkitzen dugu hau. Baina, paralelismoa eginez, euskarak jasaten al du “latinizazio prozesurik”? Lurralde mailan, gune eta sektore batzuetara mugatzen da; praktikan “guztion” hizkuntza nazionala izatetik urrun dugu. Kaleko hizkuntza, herri-hizkera bezala indarra galtzen ari da, administrazio eta hezkuntzara mugatzeko arriskua pairatzen du.

Euskara batua jadanik sortu da arlo formalean, baina ez dugu parekorik arlo ez-formalean. Go!azen, Gora Gu ta Gutarrak, Gaztea-ko Di-Da… bezalako telebista saio edo telesaiek lagunarteko hizkera, jargoia*, estandarizatzeko ekinean dabiltza, baina kimu horrek ez du loratu.

Irakaskuntza edota administrazioan sartzeko gakoa izan eta horra joaten dira ikastolara, euskaltegira, tropelean milaka hiritar. Badira eskolan ikasi eta lau pareten kanpo hitz egiten ez dela uste dutenak, komunikatzeko balio ez duela barneratua dutenak. Beste askok “Akelarre”, “gaupasa”, “aita”, “ama” edota “aprobetxategi”… bezalako berbak ezagutzen dituzte; anekdotikoak, bitxikeria hutsak.

Onartzen dut. Ahultasun uneetan ezkortasunak besarkatzen nau, erruki gabe. Sarri, kalera begiratzean, youtuberrren eta instagramerren gazte belaunaldiak ene arima beldurrez betetzea lortzen du.

Zinez borrokatzen dut han-hemenka datozkidan ideia negatiboen aurka. Nerabeak kritikatu eta euskarak dituen gabeziak azpimarratzen ditut, maisuki azpimarratu ere.

Baina, bat-batean, murgilduta nagoen zurrunbilotik irten eta euskarak hiltzeko eskubidea ez duela gogorazten diot nire buruari, hiltzea, berarentzako, ez delako aukera.

Nire parte (ere) den ama hizkuntzak, inoiz bikotea izan badu, aspaldi geratu zaigu alargun; inoiz seme-alabak izan badu, orain dela asko, etxetik joanak direlako.

Latina eustanasiapean edo era natural batetan hil zen, ez dakit. Euskarari, baina, ez genioke hiltzeko eskubidea aitortu beharko. Honek ez du hilen mundutik ekarriko duen Aita Santurik, beraren memoria gordeko duen seme-alabarik.

Lan asko dugu aurretik latina ez den hizkuntza baten “latinizazio prozesua” eteteko, errealitate gordina iraultzeko.

*jargoi=jerga

Euskararen latinizazio prozesua

Zer duzu buruan “Euskararen latinizazio prozesua”-ri buruz

  • Benat Castorene 2021-04-10 16:23

    Gehienek ulertzen ez dituzten “de iure, ad hominen, ad hoc, ex post facto, pro tempore …” bezalako latin esaerak erabiltzea ez da makur handiena erraz zuzen litekeen akatsa delako.
    Aldiz ene problema da i”nozio”, “obligazio”, “kondizio”, “konkretu”, “errekonozitu” eta bestebezalako hitz gehiegi erabiltzen ditudala. Zer da joera hau zuretzat? kultismoa ala alfertasuna?
    Kasualidadez istantean iruzkin bat egitean( ez ote nuke erran beharko txiripaz?) zalantzan nindagoen “inspirazio” eta “goihatsa” artean. Bigarrena hautatu dut baina ulertua izanen dea?