Automatizazioa: atzo pentsaezin, gaur ukaezin!

Automatizazioa: atzo pentsaezin, gaur ukaezin! –

Teknologian egindako aurrerapenak direla medio, ibilgailuak automatizatuko diren zurrumurrua zabaldu egin da eta horrek hainbat onura ekar ditzake gizartearentzat. Ibilgailuen automatizazioak abantailak ekar diezazkiguke?

Jakin badakigu ibilgailuen automatizazioa ez dela asmakizun berria. Adibide bezala, igogailuak aipa genitzake. Izan ere “ibilgailu” hauek igogailuak automatizatuta daude zeharo, baina hasiera batean -XX. mende hasieran oso ezagunak ziren- igogailua kontrolatzen zuen pertsona baten presentzia ezinbestekoa zen. Ezagutza teknikoak behar ziren igogailua behar bezala erabiltzeko, eta zegokion momentuan gelditzeko trebezia (solairuaren mailarekin bat egiteko). Baina gaur egun ez dira inon ikusten. Erabiltzaileak berak nahi duen solairua hautatu eta igogailuak gainontzekoa egiten du, modu zehatz eta seguruan. Izugarrizko altuerak igo eta jaisten ditu, oso azkar gainera. Eta garrantzitsuena, erabiltzaileek konfiantza dute makina hauetan.

Igogailuek ibilbide zehatza eta bakarra dute eta geldialdiak pisuetan daude ezarrita. Beraz, zein ibilgailu gehiago automatiza daitezke? Ba, logikaz pentsatuz, hurrenkera honetan -gehienetik gutxienera-: funikularra, trena, hegazkin/dron, itsasontzi, kamioi, auto partikularra.

Automatizazioa: atzo pentsaezin, gaur ukaezin!
A320 hegazkinak CAT sistemarekin automatikoki lurreratzen da. Argazkia: Javier Castroviejo

Hauen guztien automatizazioa posible da gaur egun. Baina egunerokoan inplementatzeak arazoak dakar, besteak beste: fidagarritasuna, erabiltzaileen konfiantza eta giza/natura/eguraldi elementuak tartekatzea euren funtzionamenduan.

Bilboko metroak ATO sistema, “trenen eragiketa – automatikoa” (edo Automatic Train Operation ingelesez), darama erantsita bere trenetan. Sistemaren izenak deritzon moduan, trenak automatikoki bere burua kontrolatzen du trenbidean dauden hainbat balizen bidez; trenari momentu bakoitzean zein abiaduratan ibili behar den eta zein toki zehatzean gelditu behar den esaten diona, gidariak bakarrik ateak irekitzeaz, ixteaz eta treneko ziurtasunaz arduratzen da, gainbegirale gisa.  Zientzia-fikziozko film bat irudi dezake, baina, berez, 1998. urtetik horrela funtzionatzen du gure garraio sistema publikorik garrantzitsuena Bilbon. Automatizazioa beste hainbat tren sistemetan dago txertatua, bereziki aireportutik hirietara joaten direnak, alegia, 2 geltoki soilik dituztenak. Baina badira beste asko ere. Kasu hauetan, badira nasatik trenera sartzeko panel gardenak dituztenak (istripuak eta suizidioak saihesteko) igogailuek eskaintzen duten segurtasuna erdietsi nahian.

Automatizazioa: atzo pentsaezin, gaur ukaezin!
Metroko-unitateak 1998. urtetik automatikoki gidatzen dira ATO sistemagaz. Argazkia: Javier Castroviejo

Zorionez gidari alferrentzat, jada, autoak daude automatikoki maparen puntu batetik bestera doazenak, AEBetan bederen. Elton Musk en Tesla enpresak teknologia hau garatu izan du azkeneko bi hamarkadetan, bere autoak beren beregi diseinatuta daude etorkizun hurbil batean munduko edozein tokietatik joan ahal izateko gidariaren esku-hartzerik  gabe. Horretarako ibilgailuak hainbat hurbiltasun sentsoreekin ekipatuta daude eta zehaztasun handiko GPS batekin ere, sentsoreek autoaren edo kamioiaren inguruan dauden gauzak hautematen ditu. Kinada (estimulu) horiek hainbat akzio desberdinetan itzultzen ditu txertatuta daraman ordenagailuak, abiadura handitu edo txikitu edota larrialdiko balaztatzea eragiteko eginaraztea. Horrek bidaiatzeko esperientzia seguruagoa eta erosoagoa bihurtzea eragingo du.

Automatizazioa: atzo pentsaezin, gaur ukaezin!
Tesla autoaren lehen istripu hilkorra. Argazkia: abc

Baina bizitza honetan dauden gauza guztien moduan, denak bere alde txarra dauka, eta kasu honetan automatismo mekanismoen eta erreakzioen fidagarritasuna da. Noraino fida gaitezke makina batez? Pasa den urtean automatikoki gidatutako auto baten lehen istripu mortala suertatu zen Estatu Batuetan, non kotxeak ez zuen ondo interpretatu edo kalkulatu kamioi baten aurreko gurpilen eta atzekoen arteko distantzia eta autoak bete-betean jo zuen haien artean “gidari” edo “bidaiaria” hil zuelarik. Hortaz, noren errua izan zen? Gai honek etikara garamatza, izan ere, zer egingo luke autoak lau lagun harrapatu edo trafiko arau larria urratu eta beste auto baten aurka talka egitearen artean erabaki behar badu? Laurak harrapatu edo biratu? Ziurrenik hau da gaur egun gehien kezkatzen dituen galdera auto automatikoen programatzaileak. Era berean, automatizazioarekin hainbat lanpostu desager daitezke, tren edo autobus gidariak, beharrezkoak ez direlako izango.

Hasieran kamioilari, gidari edo pilotuen lana erraztu dezake -ordu piloa ematen dituzte bide monotono eta aspergarrian arreta jartzen-, gidatze automatikoa aktibatu eta beste zereginak ahalbidetuz (baita lo egitea ere). Baina, gerora, bi aldeko ezpata bihur daiteke, euren lanpostuak -igogailu gidari edo tiket saltzaileenak bezala- erabat deusestatuz.

Argi dagoena zera da, automatizazioa bidean dago eta modu gradualean, garraioetan txertatzen ari da. Atzo pentsaezin, gaur ukaezin!

Automatizazioa: atzo pentsaezin, gaur ukaezin!

2 pentsamendu “Automatizazioa: atzo pentsaezin, gaur ukaezin!”-ri buruz