EAEko “Trans Legeari” aldaketak egingo dizkio legebiltzarrak

EAEko “Trans Legeari” aldaketak egingo dizkio legebiltzarrak –

LEGEBILTZARREKO TALDE GUZTIEK MUZIN EGIN DIOTE FEMINISTEK PROPOSATUTAKO EMENDAKINEI BIDE EMATEARI

Euskal Autonomia Elkartean eta Nafarroako Foru Komunitatean antzeko “Trans Lege” eta “Trans Protokoloak” ditugu. Hemen Nafarroakoa, Hemen Euskadikoa. EAEn lehen legea 2012an arautu zen, baina 2019an lehen aldaketak egin zitzaizkion, “genero autodeterminazioa” deritzon kontzeptu azientifikoa txertatzeko. Urte haietan oso gutxi ziren arau hauen arriskuei buruz ohartarazten saiatzen ziren feministak, edo oso oihartzun gutxi izan zuten, behintzat. Orain, berriz, Legebiltzarrean PNV, PSE eta PODEMOS beste aldaketa batzuk prestatzen ari direnean, mugimendu feministan arriskuei eta kalteei buruzko salaketa egiteko plataforma sortu da.

Euskadin datozen aldaketen inguruko prozedura eztabaidarik gabe burutzen ari da Legebiltzarrean. Horrela, ez zieten batzorde legegilera bertaratzen utzi ez DOFEMCOri (estatu mailako irakasle feministen elkartea), ezta AMANDAri ere (Hazkunde Azkarreko Genero Disforia duten umeen amen elkartea). Aitzitik,  transaktibistak batzordean euren eskaerak bideratzen ari zirela ikusirik, Euskal Herriko hainbat feministek talde politikoei emendakinak aurkezteko eskatzeko aukera baliatu asmoz, plataforma bat osatu zuten.

Aipatutako plataforma feminista honako hauek osatzen dute: DOFEMCO elkarteko Euskal Herriko zenbait kidek, AMANDA elkarteko EHko zenbait amak, Euskal Herriko talde feminista anitzek (Lanbroa, Araba Abolizionista, Gafas Moradas, Gipuzkoa Feminista edota EHFE) eta zenbait emakume feminista independientek (kirolean adituak, kasurako).

PNV eta PSEren agendetan aspaldi dagoen konpromisoa.

Talde politiko batzuek feministekin biltzeko eta emendakinen inguruan hitz egiteko prestutasuna agertu zuten arren, batek ere ez du onartu proposatutako emendakin bakarra ere Legebiltzarrean aurkeztea. Feministen hitzetan, besteak beste PSErekin, EHBildurekin eta Emakunderekin bildu dira, eta zenbait kontu puntualetan ados agertu diren arren, haiek ere uko egin diote feministen aldarrikapenei bide emateari. Lege aldaketa hau aurrera eramateak aurreko legegintzaldian PNV eta PSEren arteko hitzarmen bati erantzuten omen dio.

Feministen aldarrikapenak.

Emendakinen bidez salatu nahi izan dute legeak babestu nahi dituen horiek kaltetu besterik ez dituela egingo, hau da, haur eta nerabeak eta transexualitate egoeran dauden pertsonak. Izan ere, indarrean dagoen legean transexualitateari buruz hitz egiten den bitartean, berrian transgenero kontzeptu irekia eta lausoa erabiliko da. Kontzeptu hori eta “sexu/genero identitatea” bezalako kontzeptuak ez dira inon definitzen, aitzitik, maila altuagoko legeetan erabilitako definizioetara jotzen du, baina ez dira inon ageri, beraz, norberaren pertzepzioen arabera ulertuko dira.

Feministok salatu dute autonomia mailako lege honek zenbait lege organiko urratzen dituela, umeen babesari buruzkoa, esaterako, eta espaniar konstituzioan bermatetutako oinarrizko eskubide batzuk ere bai. Gainera, lege proposamenak ez ditu aintzat hartzen irizpide medikuak, estatuko endokrinologia eta nutrizioan adituenak, ez genero disforian nazioarteko adituenak, ezta beste herrialdeetako eskarmentua ere.

Gainera, osasun eraginari buruzko azterketarik ez ezik,  legeak ez du tratamendu hauen eragin ekonomikoaren inguruko azterketarik ere jasotzen, Legebiltzarrak hautatu duen prozeduran ez delako beharrezkoa.

Ildo beretik, oraindik ere martxan dagoen Gurutzeta Ospitaleko Genero Unitatean diziplina mediku anitzetatik modu integralean artatzen dira transexualitate egoeran dauden pazienteak, endokrinologia, psikologia, kirurgia eta abar. Lege aldaketan, berriz, osasun etxeetan hormonak banatzea ahalbidetu nahi da, Nafarroako Transbide edo Kataluniako Transit sistemen antzera. Europan horrelako eredu bakarrak dira horiek. Horrela, sistema berriaren inguruko xehetasunak argitzea eta arriskuak sahiestea eskatu dute feministek emendakinetan. (Kataluniako Transit sistemari buruzko informazio gehiago hemen)

Guraso eta irakasleei mehatxua.

Bestalde, eskoletan hezkidetza berreskuratzeko eskatu dute, genero aniztasunaren siniskeriarekin ordezkatzen ari baita, irakaskuntzarako protokoloen bidez, besteak beste. Hezkuntzako profesionalak (eta feministak) ez diren elkarte transaktibistetako kideek burututako formakuntza saioak eta mintegiak hedatzen ari dira bai ikasleen artean, bai irakasleen artean, non norberaren sexua erabaki propioaren araberakoa dela azaltzen zaien, bai ume eta nerabeei, bai irakasleei.

Gainera, lege eta protokolo hauek irakasleak “generoaren polizia” bihurtzen dituzte; hori dela eta, genero mandato sexistak desobeditzen dituzten haurrak trantsizio sozialera bideratu behar dituzte (izen aldaketa egin, adibidez), eta ez diote zertan jakinarazi umearen familiari. Aldaketa horien aurka azaltzen diren gurasoak eta irakasleak arriskuan daudela salatu dute feministek, lehenengoei umeen zaintza kendu ahal dietela, eta bigarrenei ehundaka milako isuna ezarri eta lana kendu ahal zaiela, hain zuzen ere.

Halaber, ohartarazi dute gero eta gehiago izango direla transizio medikuan atzera egiten duten haur eta gazteak, beste herrialdeetan dagoeneko horrela ari delako gertatzen, eta fenomeno horri heltzeko ere baliabideak zehaztu eta ezarri behar direla aldarrikatu dute. Hau da, hormonak uzteko laguntza mediku eta psikologikoa, atzera itzuli daitezkeen aldaketak bideratzeko, eta ezin direnekin aurrera egiten laguntzeko baliabide medikuak, laguntza psikologikoa eta abar.

EAEko “Trans Legeari” aldaketak egingo dizkio legebiltzarrak

Euskal Herriko Feminista Erradikalak. Trans legea lege-proiektuaren zirriborroa laster aurkeztuko da Gorte Nagusian. EHko hainbat feministok bat egin dugu lege honen onespenaren aurka borrokatzeko

Zer duzu buruan “EAEko “Trans Legeari” aldaketak egingo dizkio legebiltzarrak”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2022-10-30 00:24

    Distopikoa. Bolada hau pasako da, baina batzuei ondorio fisiko eta psikologikoek betirako iraungo dizkiete. Kalte ordainak administrazio publikoek ordaindu beharko dituzte, Suedian ja gertatu den moduan, eta laster Erresuma Batuan egingo den bezala.

    Erokeria honi aurre egiten dion herri-mugimenduko sektore bakarra feministak zarete. Elkarte profesionalak ere hasi dira zerbait esaten…