Suediak disforiari aurre egiteko psikoterapia lehenetsi du

Suediak disforiari aurre egiteko psikoterapia lehenetsi du – 

Suediako Osasun eta Ongizateko Batzorde Nazionalak gomendio berriak argitaratu zituen otsailean, adingabeen “Genero-baieztapen” deituriko interbentzio medikoak gelditzeko; izan ere, genero-disforia duten gazteak tratatzeko psikoterapia lehenetsi dute.

Iaz Suediako haur-ospitale liderrak hartutako norabidearen ildotik jarraitzen du ebazpenak, hainbat ikerketa-txostenek hormonak eta kirurgia erabiliz “trantsizioa” medikoki egin zuten haur eta gazteek jasandako kaltea azaleratu ondoren.

Suediak orain, baina lehenago Finlandiak, Erresuma Batuak eta Australiako eta Zeelanda Berriko Psikiatren Errege Elkargoak genero-disforia duten gazteak tratatzeko psikoterapia lehenetsi dute.

Suedia izan zen adingabeen identitate-nahasmenduari aurre egiteko interbentzio medikoak egiten lehenetarikoa. Orain, ordea, hango komunikabideen arabera, Osasun eta Ongizateko Batzorde Nazionalaren erabakia “Ebaluazio Mediko eta Sozialerako Suediako Agentziak (SBU) hormona-tratamenduaren eraginari eta segurtasunari buruz egindako azterlan garrantzitsuen berrikuspena” kontuan izanda hartu da; izan ere, ez dago ebidentziarik adingabeei hormona- edo kirurgia-ebakuntzak egiten jarraitzeko, salbuespenezko egoeretan edo ikerketaren testuinguruan izan ezik.

Ebidentzian Oinarritutako Genero Medikuntzarako Elkartearen arabera (SEGM), jarraibide berriek “zerbitzu psikiatriko eta psikosozialen funtsezko papera” nabarmentzen dute.

Bestalde, SEGMek jakinarazi zuen otsailean Frantziako Medikuntza Akademia Nazionalak ere prentsa-oharra eman zuela, sendagileei ohartarazteko trans-identitate kasuak sarritan gizarteak bultzatuak izaten direla (sare-sozialetan gehiegi ibiltzea, taldean onartua izateko, nerabearen inguruko beste kasu batzuk…) eta tratamenduan zuhurtasun handia behar dela “epidemia moduko hau” tratatzeko. Akademiak ohartarazi du tratamendu hormonalek eta kirurgikoek osasunerako arriskuak eta ondorio iraunkorrak dituztela, eta ezin direla argi desberdindu genero disforia iraunkorra eta nerabezaroko disforia iragankorra.

Urte hasieran Frantziak Trans Legea deritzona onartu zuen, bertan, adingabeei pubertaro blokeatzaileak eta hormona gurutzatuak ematea baimendu zen, adin mugarik gabe. Kanpoko sexu organoen kirurgia ere 14 urtetik aurrera egitea legezkotu zen. Hori dela eta, Medikuntza Akademia Nazionalak jarduera horien arriskuak eta itzalak gogora ekarri nahi izan ditu, medikuei zuhurtzia eskatzeko.

“Arreta mediko handia jarri behar da haur eta nerabeengan, biztanleria honen zaurgarritasuna, bereziki psikologikoa, kontuan hartuta, eta terapia batzuek eragin ditzaketen nahi gabeko ondorioak eta baita konplikazio larriak ere. Ikuspegi horretatik, garrantzitsua da gogoratzea Stockholmeko Karolinska Unibertsitateko ospitaleak (2021eko maiatza) berriki hartutako erabakia, pubertaroko-blokeatzaileen erabilera debekatzeko.

Frantziak guraso-baimenarekin pubertaroko blokeatzaileak edo sexu arteko hormonak erabiltzea onartuz gero, eta adin mugarik gabe, zuhurtasunik handiena behar da, hazkuntzan, hezurretan, ahultzean, antzutasunean, ondorio emozional eta intelektualetan eta, neskentzat, menopausiaren antzeko sintometan eragina duelako. 14 urterekin Frantzian baimenduta dauden tratamenduei eta kanpoko genitalen kirurgiari (alua, zakila) dagokienez, prozedura horiek atzeraezinak direla azpimarratu behar da.”

Dena den, gogorarazi nahi dugu Frantziako Trans legeak hala eskatzen duten haurrei hormonak emateari edo kirurgia egiteari uko egiten dioten medikuek zigorra jasoko dutela.

Azkenik, aipagarria da estatu espainiarrean berriki eratu den Casandra Psikologoen Sarea (@red_casandra). Psikologiaren praktika eta etika enpirikoaren aldeko eta queer deritzon doktrinarekiko profesional kritikoak biltzen ditu. Ondorioz, genero-disforiari aurre egiteko psikoerapia eta terapia ez inbasiboak babesten dituzte.

Suediak disforiari aurre egiteko psikoterapia lehenetsi du

Euskal Herriko Feminista Erradikalak. Trans legea lege-proiektuaren zirriborroa laster aurkeztuko da Gorte Nagusian. EHko hainbat feministok bat egin dugu lege honen onespenaren aurka borrokatzeko

Zer duzu buruan “Suediak disforiari aurre egiteko psikoterapia lehenetsi du”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2022-05-05 00:27

    Laster hasiko dira adin txikikoak zirela trantsizioa egin zutenen aldeko sententziak tribunaletan (Kaira Bell kasua bezala), kalte-ordain handiekin. Eta, batere disforiarik gabeko *neska transak* harrapatzen dituztenean barrabaskeriak egiten emakumeen guneetan, seguru asko jende pila bat haserratu eginen da…

    Iruditzen zait makina bat intelektual, aktibista eta politikari lur azpian ezkutatu beharko direla, lotsarengatik.