Hezkidetzaren aldeko hamarkadetako borroka, pikutara

Hezkidetzaren aldeko hamarkadetako borroka, pikutara – 

Tamalgarria da eta oso kezkagarria Espainiako erresumako administrazio publikoak trans ikasle deritzotenen aurrean jarduteko gida gisa prestatzen ari diren eta indarrean dauden protokoloetan gutxieneko argitasun kontzeptualik, ezta zorroztasun zientifikorik ere, ez egotea.

Har dezagun adibide gisa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren protokolo hau: “Ikastetxeentzako protokoloa, trans ikasleei edo genero-portaera ez-arauemailea dutenei eta haien familiei laguntzeko”. Baina Nafarrokoa eta beste hamaika autonomietan indarrean eta bidean daudenak antzekoak dira denak.

Hasteko, aitortzen du oraindik “genero arauemaileetan hezten duen gizarte sexista batean bizi garela”. Suposatzen dugu -ez baita azaltzen- genero arauemaileak direla historian zehar gizakioi jaiotzen garen sexuaren arabera egotzi izan zaizkigun feminitate- eta maskulinitate-ereduak, emakumeen mendekotasunaren oinarri direnak, alegia.

Hala ere, protokoloaren arabera, ez gara sexu batekin jaiotzen, sexu hori esleitu egiten zaigu. Inoiz ez da azaltzen, ez protokolo honetan, ez beste inongo lege xedapenetan, nola eta nortzuek egiten duten esleipen-prozesu hori. Erditzean artatzen duten osasun-langileek airean txanpon jaurtiz egiten al dute jaioberriaren sexua zehazteko?

Sexua jaiotzean esleitzen dela onartzea ebidentzia zientifiko ororen aurkakoa da, adimen sinple eta osasuntsuaren kontrakoa ez esatearren. Gaur egun haurdunaldian egiten diren ekografiek ere arbitrarioki esleitzen ote dute fetuaren sexua?

Bestalde, “Trans” problematikaren oinarrian dagoen kontzeptu nagusia ere, “genero-identitatea”, ez du zehazten protokoloak, nahiz eta duela oso gutxi sortu den kategoria izan. Beste arau batzuek emandako definizioak bere egiten dituela ulertzen da, hala nola, dagoeneko onartuta eta bidean dauden “trans pertsonen” eskubideei buruzko legeek, hain zuzen ere.

Horrela, adibidez, “LGTBI pertsonen berdintasunerako 2021eko Aurreproiektuak” modu nahasian definitzen du “genero-identitatea”, argi eta garbi desberdinak diren bi kontzeptu nahastuz, sexua eta generoa:

“Genero- edo sexu-identitatea: generoaren barneko eta banakako bizipena, pertsona bakoitzak sentitzen duena eta definitzen duena, jaiotzean esleitutako sexuarekin bat etor daitekeena edo ez.”

Protokoloak, nahasmen kontzeptual hori errepikatzeaz gain, kontraesan ikaragarriak ere eragiten ditu.

Sarreran esaten denez, “Gay, lesbiana, bisexual edo trans izatea edo itxura ematea eta gizonei eta emakumeei kulturalki esleitutako genero-arauak ez betetzea dira eskola-jazarpenaren kausa ohikoenetako batzuk.”

Horregatik, ikasleak berdinekiko eta hurkoekiko errespetuan hezi beharrean, banaka ezaugarritzen gaituzten desberdintasun fisiko, kognitibo edo nortasun-desberdintasunen gainetik, alegia, beharrezkoa ikusten da gauza zehazgabe bati buruzko gaikuntza- eta sentsibilizazio-programak abiaraztea, hala nola «genero-identitatea». Baina horrek, egia esan, ez du zerikusirik «gay», «Lesbiana» eta «bisexual» terminoetan jasotako sexu-orientazioarekin.

Protokoloak soilik bereizten ditu sexu-identitatea, “bat ez datorrena jaiotzean esleitu zitzaien sexuarekin”, “transexualitate-egoeran dauden ikasleak”, alegia; eta “gizartean, sexuan oinarrituta, espero denarekin bat ez datozen genero-portaerak dituzten ikasleak”, kasu horretan, ikasle transgeneroak. Bi horiei trabestiak, queerrak, drag queen-ak eta abar gehitzen dizkiete.

Gogoratu protokoloak abiapuntutzat hartzen zuela oraindik ere “genero-arauemaileetan hezten duen gizarte sexista batean bizi garela”. Hori kaltegarritzat hartzen bada, orduan, non dago arazoa ikasle batzuen portaera “genero-arauemaile” horiekin bat ez baldin badator? Zergatik hartzen dira transgenerotzat eta ez beren nortasuna askatasunez garatzen duten ume edo nerabetzat? 

Baldin eta, protokoloak dioen bezala, “ikastetxearen zeregina ez bada ikasle horiek etiketatzea, haien garapen integralerako eta arrakasta akademikorako dituzten oztopoak identifikatzea baizik”, zer oztopo izan ditzakete estereotipo sexistekin bat ez datozen haurrek? Edota zertara datoz (definitu gabeko) trabesti, queer, drag queen etiketak?

Testuak gomendatzen duenez, “irakasle-taldeko edozein kidek behin eta berriz ikusten badu ikasle batengan sexu-identitatea adieraz dezaketen jokabideak daudela, eta jokabide horiek ez badatoz bat genitalen arabera jaiotzean eman zioten sexuarekin, edo genero-portaerak bat ez badatoz gizartean espero denarekin, protokoloa aplikatuko da”.

“Adieraz dezaketen portaerak” enuntziatua oso lausoa da. Izan ere, kontuan hartzen badugu sexu-orientazioa eta sexu-identitatea ez direla gauza bera, eta protokoloa ez dela argitzeaz arduratzen, transexualitatearekin nahas litezke sexu bereko ikaskideekin bereziki maitekor agertzea bezalako jokabideak, etorkizunean heldu homosexual izan daitezkeenen seinale izango liratekeenak.

Gizartean espero diren genero-portaerekin bat ez datozen genero-portaeren” kasuan, problematiko bihurtzen da ospatu beharko litzatekeen zerbait, benetan genero-ereduek ezartzen duten sexismoarekin amaitu nahi bada.

Gogora dezagun 2020. urtearen amaieran hautsak harrotu zituen kasu bat. Mikel, 15 urteko ikaslea, institutora gona jantzita agertu zen, eta, ondorioz, bertako psikologoaren bulegoan amaitu zuen, neska ala mutila zen argitu zezan.

Euskal gizartea gertaera honen aurrean asaldatu egin zen, eta baita erantzun ere, interneten oraindik ikus daiteke. Nola zitekeen gona eramateagatik psikologoarenean amaitzea? Ez al geunden denok ados esatean ez dagoela nesken edo mutilen berezko gauzarik, gustuak libreak direla eta haurrek eta gazteek genero araurik gabe hazi eta nortasuna garatzeko eskubide osoa dutela? Nondik atera da psikologo atzerakoi hori? Nola onartu dute gainerako irakasleek eta zuzendaritzak Mikel errebeldeari halakorik egitea? Bada, indarrean zegoen eta dagoen eta salatzen ari garen “trans protokoloan” dago erantzuna. Agintzen duen bezala aplikatu besterik ez zuten egin.

Zein aztertzeko gaitasun eta arrazoiketa logiko eskasa, “genero arauemaileak sexistak” eta, beraz, negatiboak direla dioen premisatik abiatuta, genero.-arau horiek indartu egin behar direla ondorioztatzen dutenena, eta identitate bihurtu behar direla, kasu honetan, genero-identitate, eta «trans» aterkipean jarri.

Zorroztasun zientifikorik eza ez da hor gelditzen. Protokoloak bere oinarri gisa zerrendatzen dituen legeetan, lehenik eta behin Yogyakartako Printzipioak (1) aipatzen dira, hain zuzen ere lege-testu gisa onartuta ez daudenak eta, beraz, lotesleak ez direnak. Jakina, akats hori indarrean eta proiektuan dauden trans legeek eurek eginikoa errepikatzea baino ez da, eta hori are larriagoa da.

Ikasleek jazarpena jasan dezaketela gay, lesbiana, bisexual edo trans izateagatik, edo genero-arauak ez betetzeagatik, ez dugu ukatuko. Horren aurka hezkidetzan lan handia egin izan da azken hamarkadetan, baina lan hori guztia pikutara bidaltzen dute trans lege eta protokoloek.

Hala ere, badira beste arrazoi batzuk ikasleei beren garapen integralerako eta arrakasta akademikorako oztopoak jartzen dizkietenak – Oro har, gizarte- eta ekonomia-arlokoak eta etnikoak –, eta horiek ere eskola-jazarpenaren edo bullying-aren kausa dira. Baina horri aurre egiteko berariazko protokoloak, ikastetxe guztietan daudenak, askotan ez dira aplikatzen edo eraginkortasunik gabe aplikatzen dira, kasu batzuetan tragikoenera iristen diren emaitzak eragozteko: suizidioa.

Administrazio publikoek trans ikasleak behatzeko, identifikatzeko eta laguntzeko egiten duten ahalegina ez da ikasgeletan edo irakaskuntzan bertan bizikidetza hobetzeko interesaren ondorio, industriei (kimikoak, farmazeutikoak, medikoak, laguntza bidezko ugalketakoak, modakoak) negozioa egiteko aukera ematearenaren ondorio baizik, kasu askotan esperimentu arriskutsuetan oinarritutatako negozioak, hain zuzen (hormonazioak, kirurgiak, pubertaroa gelditzea…).

Kapitalismoak, bere fase dekadentean, irabazi-nitxo berriak sortu behar ditu etsi-etsian, eta, horretarako, espazio posible guztiak merkantilizatzen ditu. Eta horietako bat giza gorputza bera da. Hori ikusten ari gara prostituzioaren sustapenarekin -orain digitala ere bai-, alokairuzko amekin, haurren eta emakumeen hipersexualizazioarekin, pornografiarekin eta “sexua berresleitzeko” tratamendu eta kirurgiekin.

Administrazio publikoak prest daude kapitalari zeregin horretan laguntzeko. Horregatik, premiazkoa da haurren tratu txarren eta genero-identitatearen ideologiak berezkoa duen neo-sexismoaren aurkako borroka, gizarte-oinarritik antolatuta.

Baina ez gaitzatela engaina genero-ideologiari aurre egiten diotela dioten alderdi ultraeskuindarrek, estrategia elektoral hutsa delako, benetan industria kapitalista berri horien zerbitzura daude, transgenerismoa gidatzen ari den sasi-ezkerra bezalaxe.

Hemen jokoan dagoena ez dira transexualen eskubideak – Beste edozein kolektiborenak bezain errespetagarriak eta defendagarriak –, baizik eta esplotazio- eta zapalkuntza-modu berriak, bereziki neskengan, mutilengan eta emakumeengan diana egiten dutenak, sozialki kalteberagoak diren heinean.

(1) “Yogyakartako printzipioak” deiturikoak 29 pertsonak egindako testu batetik eratortzen dira, gehienak NBEko langile ohiak, 2006ko azaroaren 6tik 9ra bildu zirenak Gadjah Mada Unibertsitatean, Yogyakartan (Indonesia), “Giza Eskubideen Nazioarteko Legeriaren aplikazioari buruzko printzipioak sexu-orientazioari eta identitateari dagokienez”. Ez dira eta ezin dute arau izaera izan, eta, beraz, lege-balioarekin balioetsi; izan ere, horretarako, printzipio horiek nazioarteko erakunde batean hezurmamitu eta herrialderen batek izenpetu eta bere egin behar zituen.

*Tita Barahonak Canarias Semanal agerkari digitalean argitaratutako testu batean oinarrituta. Eskerrik asko.

Hezkidetzaren aldeko hamarkadetako borroka, pikutara

Hezkidetzaren aldeko hamarkadetako borroka, pikutara

Euskal Herriko Feminista Erradikalak. Trans legea lege-proiektuaren zirriborroa laster aurkeztuko da Gorte Nagusian. EHko hainbat feministok bat egin dugu lege honen onespenaren aurka borrokatzeko

4 pentsamendu “Hezkidetzaren aldeko hamarkadetako borroka, pikutara”-ri buruz

  • Feminismoak ere datuekin eta oinarri zientifikoekin arazo larri bat izan du historikoki… Kristalezko pareta (ez dago emakumea izateagatik sarbidea debekatzen duen instituzio bakar bat ere Euskal Herrian), soldata-arrakala (lanpostuko soldata nahasten dute populazio osoaren irabaziekin), feminizidioa (hilketen biktimen % 80 gizonak dira), prekarietateak emakume aurpegia du (esan hori lanean hildako guztiei)…

    Orain propagandaz kezkatzen hasi dira! Zer eta transexualei egurra emateko! Egia da: muturrak ukitzen dira.

  • Horrela da, Batik bi.
    Denek iturri berdinetik edaten dute, eta nik uste ur gutxiago iritsiko ote zaien beldurra sartzen hasi zaiela.

  • josu naberan 2022-06-02 23:04

    ez dot ulertzen piperrik ere zuena, BATIK BAT 1349

    aGIAN ARRUNTKERIA ZENBAIT erranen dut, baina bai, erran eginen dut, halere.

    1. arruntkeria.- Patriarkalua gertaera historiko bat da. Gure inguru ezaguneko data:
    -Sumeria, -6.000~ urte.
    -EH, Kristianismoaren etorrera (XI-XII mendean)

    2.- Euskal HIZKUNTZAK, eta euskal antropologia pentsaerak, EZ DU hartzen erreferentzatzat GENEROA, baizik eta LEINUA (tribua).
    Hortaz idatzia dut “Euskera eta Generoa” izenburu duten bi artikulu, eta hizkuntzalaria naizen aldetik EZ DAGO EZELANGO GENERO-ERREFERENTZIARIK, ez euskeran, ez iberiera desagertuan.

    Zer esan nahi du horrek konkretuki? Badá, berez, AITA/AYTE, ABA/AMA, GIZA/GIZON/GIZARTE hitzek ez dutela maskulino/femenino generorik, BEREZ, eta Kristianismoaren exijentziaz ezarri zaiel generoa.

    Eta datu hori kontutan hartu beharko luke antropologia feministak (eta ez du kontutan hartzen, UPVeko Antropologo feministen azken txostenean ageri denez bederen)

    Ez al dute ezagutzen gure arbasoen hizkuntza eta pentsaera? Ala beldurra ote daukate halako bereiztasuna aitortzeari gure kolonizatzaileen aurrean?
    Ulertzen dut, baina EZ konprenitzen, arean ere, benetan iraultzaile beharko luketen femisten aldetik.

    3.- Naiz eta beldurra izan kolonizataileek “arrazista” eta “nazitzat” hartzeari, argi dago EHan bederen gizarte matrifokala eta matrilineala izan dela XX. mendera arte.

    Gure hizkuntzaren eta ohituren arabera, Emaztea ez da “eskontzen”, baizik eta GIZONEZKOA soilik ESKONTZEN da (“etsekotzen” da, egokitzen) da Emaztearen etxera: beraz, jendarte “matrilokala, matrifokala, matrilineala” deitzen zaiona.

    4.- Euskal MITOA (eta erespetua mitoei, gizartearen ispilu diren aldetik) ez du kolonizatu pentsaera patriarkalak (“patriarkalismoak”) ANDERE “mARI”, Ipar partean ANDE deritzonak (Akitaniatik Foix-era bitartean aldareak dtuena) ez zituen irentsi patriarkalismoak, baizik eta gutxienik bide-erdian gelditu dira, betiere ANDEREA dela (eta ez Sugaar maskulinoa, eta are gutxiago haien semeak) “Ekaitzaren jabe”.

    Hori ez da gertatu beste inon gure inguruan: hots, Greziarren mitoak (eta hizkuntzak) ANDERE femeninoa ANDRÓS maskulino bihurtu dute, adibidez.

    5.- ETSEAren zentralitatea, eta ETXE horren ordezkaria den ETXEKO-ANDEREAren garrantzia.

    ELIZA KATOLIKOA iristean hona, ETXEKANDREA zen ETXEAren ordezkari eta eledun ELIZA bRRUAN: hura zen Etxeko “Sepulturaren aurrean” jartzen zena alukian (Elizan bankuak jarri zituzten arte)

    6.- ZUZENBIDE eta OHITURA-LEGE PIRINIARRA vs. ERROMATAR-GERMANIKOA….

    Tira, gauza hauek kontutan ez hartzea ez da batere jakintsua ez iraultzailea.

  • Amonamantangorri 2022-06-06 02:18

    Batik Bi: oraingoz, erokeria honi modu antolatu eta publikoan aurre egiten dioten bakarrak feministak dira. Badirudi Osasun arlotik eta unibertsitatetik ere zerbait mugitzen hasi dela, baina oraindik gutxi.

    Eusko Jaurlaritzaren legeria berri baten arabera, EAEko haurrek LAU URTETIK AURRERA alda dezakete agirietako sexua. Zergatik ez bi, hiru urtetik? Auskalo.

    Dirudienez, Espainia mailan Chrysallis eta EHn “Naizen” izena duen elkarteak (jende bera dira, izen ezberdinez) lortu du lege-proiektu hori aurrera ateratzea, berak defendatzen duen sineskerien arabera.

    Jende horrek esan izan du neska-mutikoek hiru urterekin OSO ARGI daukatela beraien “genero-identitatea”. Gaur egun, Euskal Herrian, badira trantsizio soziala egin duten (edo eginarazi dieten) haur-eskolako neska-mutikoak.

    Ez da bakarrik Chrysallis-ek edo dena delakoak martzianada horiek defendatzea. Administrazio publikoko teknikari, haur-psikologo, alderdien aparato eta legebiltzarkideen ontzat eman dute. Osorik sinestu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude