Zer egin euskararen egoera hobetzeko?

Zer egin euskararen egoera hobetzeko? –

Behatokiak “Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2022an” txostena aurkeztu berri du. Herritarrok helarazten dizkiogun bizipenetan oinarrituta, hizkuntza eskubideei buruzko argazkia eskaintzen digu urtero eta, bere bitartez, agerian geratzen ari da euskaraz eroso bizitzeko eskubidea mugatzen eta oztopatzen zaigula egunerokoan. Dokumentatuta geratu da, beste behin ere, euskaraz aritzeko zailtasunak daudela, ahoz zein idatziz, mota guztietako zerbitzu eta jardueretan, baita lan esparruan eta kontsumo harremanetan ere. Txostena atalka antolatuta dago eta, adibide ugariren bitartez, zenbait arlotako irakurketa orokor bat egiten da.

Zer egin euskararen egoera hobetzeko?
Arg: geralt

Eremu sozioekonomikoaren aldagai esanguratsuenei dagokienez, nabarmendu beharra dago Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako araudietan ez dela hizkuntzaren aipamenik edo gutxieneko betebeharrik jasotzen, ez paisaiari, ezta arretari dagokionez ere. EAEn, lege betebeharrak dituzten interes orokorreko zerbitzuetan, ordea, arau-hauste ugari egon ohi da, txostenean jaso den bezala. Energia hornitzaileek eta merkaturatzaileek, telekomunikazio enpresek, finantza eta aseguru etxeek, garraio enpresek edo-eta produktuak saltzeko edo zerbitzuak emateko jendeari irekita dauden establezimendu handiek maiz urratzen dituzte herritarron hizkuntza eskubideak. Eta horrek, gainera, ez du lege aldetiko ondoriorik izaten. Bestelako ondorioak izan ditzake, adibidez, herritarrek enpresa horiez daukaten irudian eta, noski, euskararen erabilgarritasunari buruzko pertzepzioetan.

Profesionalen zerbitzuetan, ostalaritzan eta bestelako negozio askotan euskararen presentzia eta arreta alboratzen dira, baina atzerriko hizkuntzetan eskaintza nabarmena izaten da. Halaber, oso gutxi izaten dira bezeroekiko informazioa, fakturak, tiketak, etab. euskaraz dituztenak. Merkataritza guneetan eta kate handien kasuan, adibidez, legeak hala behartzen duen kasuetan aurrerapauso batzuk izan diren arren, karteletan adibidez, orokorrean, bezeroei arreta emateko egiten diren kontratazioetan edota zerbitzu telematiko zein bestelako informazioetan euskarak ez du aitortza egokirik eta, arestian esan bezala, EAEn lege betebeharrak dituztenetako askok ere ez dituzte aintzat hartzen edo ez dira betebehar horietatik harago ausartzen.

Aurrera begira, zer egin dezakegu egoera hobetzeko? Askotan azpimarratu dugun bezala, bakoitzak bere eginkizunak ditu. Hasteko, administrazioek euskara eroso eta lasai erabili nahi duen herritarra erdigunean jarri behar dute, dagoen araudi apurra hobetzea eta aplikatzea bermatu behar dute, eta araudia ez betetzeak ondorioak izan beharko lituzke, beste edozein araudi betetzen ez dugunean gertatu ohi den bezala; bestela, berdin segituko dugu hogei urte barru ere. Bigarrenik, enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek erantzukizunez jokatu behar dute, erantzukizun linguistikoa enpresen gizarte erantzukizunaren parte baita. Hirugarrenik, sindikatuak interpelatu behar dira, hitzarmenetan egoera hobetzeko neurriak proposa eta aplika ditzaten. Herritarrok, zerbitzuen erabiltzaile eta bezero ere bagaren aldetik, enpresei  hizkuntza eskubideekiko erantzukizuna exijitu behar diegu, eta azkenik, gure esku dago Behatokia bezalako tresnak baliatzea, gure eskubideak urratzen direla uste badugu, egoera hobetzeari eta eragiteari begira.

Zer egin euskararen egoera hobetzeko?

Euskaltzalea

Zer duzu buruan “Zer egin euskararen egoera hobetzeko?”-ri buruz

  • Mikel Haranburu 2023-04-26 10:49

    Hor konpon Euskara, bere egoera hobetu nahi badu!! Hark jakinen du zer egin, eta ez badaki, hor konpon!!
    Zertarako hobetu behar dugu Euskararen egoera? Zertarako “biziberritu”? (berpiztu akaso??)
    Ez al da hizkuntza oso bat? Ez al dugu hizkuntza gisa, eta ez besterik, tratatu behar? EZ AL DA HIZKUNTZAREN EGOERA HIZTUNON EGOERA BERA? Zergatik ez gara gu geu erdiguneko sentitzen? Ez al da kontua erdigunerik ez dugula? Zergatik ez dugu erdigunerik? Geure hizkuntzan…?
    Ni aspertuta nago modan dauden hitzak aditzeaz, eta nahiko aspertuta klitxe antzuak baliatzeaz. Guk, euskaldunok, Gaztelaniaz egiteko eskubide osoa dugu. Inork ez du hau ukatuko. Legeak aitortzen digu, eta, izan ere, eskubide hori baliatzen dugu noiznahi.
    Euskaldun gisa dugun eskubidea, kolektiboa da, hizkuntz komunitateak du eskubide hori, baina gizabanako moduan, eskubide baino, beharra da: geure hizkuntza da, sortzez zein adopzioz, erabakiz, eta eskubide izatetik haratago joan behar du. Gainera, hizkuntzarekin batera, herri baten kultura eta izaera doaz, bereizi ezinak.
    Eta iruditzen zait etengabe eta beti gauzak nahasten ditugula, konfunditzen, eta ez, aldiz, bereizten eta xehekatzen, zer eta nork erabakitzeko unean. Hizkuntzen lege ordenamendu bat behar dugu Euskalerrian, hainbat hizkuntza, lauzpabost akaso…, present daudenez gero, baina lege ordenamendu horrek (eta ez lege sinple bakar batek) maila desberdinetako aferak arautu beharko ditu. Ez bakarrik “Euskararen egoera hobetzeko”; Euskararen egoerak bete-betekoa behar du izan; hiztunak ehuneko ehunean gara hiztun, eta hizkuntzak egoera osotua behar du, erabatekoa, belaunalditik belaunaldira birsortzeko bidea zabalik edukita. Ez da aski egoera “hobetzea”. Aski den bakarra hiztun komunitate bizia osatzea da, transmisiorako funtzio guztiak beteko dituena.