Zein dira haur euskaldunak sakabanatzearen onurak?

Zein dira haur euskaldunak sakabanatzearen onurak? –

Zein dira haur euskaldunak sakabanatzearen onurak?
Dani Blancoren argazkia

Arnas Dezagun ekimenak hainbat kritika eta eraso jasan ditu bere sorreratik bertatik, desenfokatuak, injustuak eta ulergaitzak gehienak nire ustez. Ez naiz hasiko ekimenaren aldeko argudioak zerrendatzen. Ederki ari dira eurak, aukera ematen dietenean, proposamena azaltzen eta aletzen baina uste dut sortu den eztabaida horretan atalik garrantzitsuena ez dela aipatzen, ezkutatu egiten dela iritzi kritikoa zabaltzen dutenen aldetik. Izan ere, zein dira D ereduan haur euskaldunak sakabanatzearen onurak (onurarik balekar)?

D ereduan haur euskaldunen sakabanatze sistematikoa oso hedatuta dago, eta badira hogei bat urte orokortu zenetik.

Bitxia bada ere, ez da praktika horren ondorioen gaineko azterketarik egin, edo egin bada, ez da argitara eman. Dena dela, guraso euskaltzaleen testigantzak ugariak dira, eta ez sakabanatze horren aldekoak, prezeski.

Zuzeutik bertatik jasoa da ondokoa adibidez:

“Gure hiru seme-alabak D ereduan eskolatu genituen euskaldun ia elebakar zirelarik.

Oso denbora gutxian ikasi zuten españolez, ikasturte bakarrean, eta DBHn españolez hitz egiten hasi ziren lehen euskaraz egiten zuten lagunekin. Nafarroa “baskofonoan” hori guztia. Esango didazu onurak non dauden?”

Eta hari berean, erabiltzaile batek beste bati erantzunez:

“Haur euskaldunak sakabanatzeak ez dizu zalantzarik eragiten?

Haur euskaldunak sakabanatzeak ez ote ditu haurren erlazioak desnaturalizatuko eta españolez (frantsesez bestaldean) jardutera behartuko?

Haur euskaldunak sakabanatzeak inor euskalduntzea lortu ote du?

Haur euskaldunak sakabanatzeak hauen erdalduntze azkarra eragiten du, noren mesedetan?

Horrelako sakabanaketa batek (haur euskaldunena) ondorio larriak izaten ditu haur euskaldun askoren izaeran, baina ez dirudi inori ardura zaionik. Zuri ere ez?

Ez ditut zalantzan jarri nahi zure intentzio garbiak, baina haur euskaldunen sakabanaketak eragin duen desastrea ikusirik, ez genuke beste 30 urtez zain egon behar zentzuz jokatu eta neurri egokiak hartzeko, D ereduan haurrak (guztiak) euskaldundu daitezen, erabat erdaldundu beharrean”.

Hartara, jakin daiteke zein diren D ereduan haur euskaldunak sistematikoki sakabanatzearen onurak?

Zein dira haur euskaldunak sakabanatzearen onurak?

ELAkide euskaltzalea (eta abar).

27 pentsamendu “Zein dira haur euskaldunak sakabanatzearen onurak?”-ri buruz

  • Hona bistako onura batzuk:

    – Irakasleari euskaraz egiten dion ikasleren bat daukagula ikasgela guztietan, egiteari uzten dion arte behintzat.
    – Bulling eta bazterketa linguistikoa gela guztietan berdintasunez praktikatzeko aukera ematen dela.
    – D ereduaren porrotaren ebidentzia sendotzeko beste argudio bat ematen zaiela inposizio zital horren kontrakoei.
    – Etorkinen seme-alabei argi erakusten zaiela zein den ezertarako balio ez duen hizkuntza herri honetan.
    – Euskararen atauteari beste iltze bat sartuta laster amaituko dela euskaraz bizi nahi duten koitaduen agonia eta ezin bizia.

  • Aitorri segiz:
    -eta irakaleen osasunaren zaintzea. Denekin berdin jokatu eta ez dago deus pentsatu beharrik
    -gurasoen artean ere erdara lehun lehun hedatu. Denok erdaraz buru hasterik gabe.
    -betikoa eginez, ederki goaz aintzinera eta aintzinera erdara gero eta lehenago txertatuz gure umeengan. Diskriminaziorik gabe, alegia.
    – Euskara ez erabiltzeaten errua haur eusladunen gainera botatzea. Besteei errua ematea bezalakorik ez dago.
    -eta, askorik luzatu gabe, erdararen aldeko pedsgogia hau asmatu zuena ohoratu beharko dugu. Merezi du eta

  • Ernesto Leitza 2021-12-23 16:25

    Aitorrekin erabat ados.
    Zenbat urte itxaron behar dugu sakabanaketarekin amaitzeko? 10urte? 20 urte?
    Egora larrian gaude, lehen bai lehen amaitu behar da honekin.

  • Familien JATORRI SOZIO-EKONOMIKOAREN ARABERA ikasleak ikastetxe ezberdinetan banatzea segregazioa da.

    Familien JATORRIAREN ARABERA ikasleak ikastetxe ezberdinetan banatzea segregazioa da.

    Familien ERLIJIOAREN ARABERA ikasleak ikastetxe ezberdinetan banatzera segregazioa da.

    Ikasleak GAITASUNEN ARABERA gela diferenteetan sailkatzea segregazioa da.

    Ikasleak EUSKARA GAITASUNAREN ARABERA ikastexe ezberdinetan banatzea segregazioa da.

    Ados zaudetenok, gutxienez, deitu iezaiozue bere izenaz: segregazioa.

  • Eutsi goiari! 2021-12-24 02:27

    Aupa Kabe nahastua zabiltza, ez da planteatzen ikastetxe ez berdinetan banatzea. Web gunean duten planteamendua irakurri eta ulertu beharko zenuke.

  • Mila esker argitzeagatik. Orduan ikasle euskaldun jatorrak ez ditugu ikastetxe berezietan segregatuko, ikastetxe bereko aparteko “arnasgune” berezietan antolatuko baizik. Orain lasaiago gelditu naiz.

    Beraz, ikasleak SEXUAREN ARABERA “arnasgune” ezberdinetan banatzea, elkarren arteko harremanik izan ez eta lasai-lasai arnas dezaten, ez da segregatzea. Ongi ulertu dut?

  • Eutsi goiari! 2021-12-24 03:09

    Ez duzu ulertu

  • Kaberena, ez da ez duela ulertu, bazterrak nahastera etorri dela baizik.
    Troll tematia da Kabe.

  • Dena dela, Arnas Dezagunekoei egiten zaizkien kritika okerren edo ankerren adibide ona da Kabek ekarri duena. Leporatzen dizkien jokabideetatik BAT ERE EZ da jasotzen Arnas Dezagunen proposamenean. Beste batzuek bezala, EZ du proposamena irakurri, edo fede txarrez dihardu. Kaberen kasuan bigarren aukera da zuzena, ziurrenik.

  • Arnas Dezagunek proposatutakoa segregazioa dela dioenak, edo ez daki zer den segregazioa, edo fede txarrez dihardu.

  • Mikel Haranburu 2021-12-24 10:14

    Kabe, segregazio hitza erabiltzen duzue nonahi, baina esanahia ez da zuek nahi zenuketena. Sailkapenak ez dira segregazio, banaketak ez dira segregazio, ordenatzeak ere ez dira segregazio. Frantsesak mugaz alde batean, eta espainolak beste aldean eskolaratzea segregazio ez den bezala; Alemanez ikasten dutenak ikastetxe batean eta Gaztelaniaz beste batean segregazio ez den bezala. Edo kontserbatorioan txirula eta pianoa ikasten dutenak gela separatutan ikastea ez den bezala.
    Segregazio hitzaren esanahia nonbaitetik, edo multzo batetik, edo gizarte batetik apartatzea da, baztertzea, bereiztea, marginatzea, espultsatzea… eta hala ez bada, ez dago segregaziorik.
    Are gehiago, behar du gogoz kontra izan; euskaldunok behar duguna, une honetan, trinkotzea da. Trinkotzea, gure euskal gizartea trinkotzea, harremanak ugaltzea, geure hizkuntzan, eta ez galtzea. Auto-baztertzea esan genezake, baina helburu batez: geure erdigune (modan dagoen hitza), geure ardatza, geure muina osatzea. Ez gara komunitate bakarra; hizkuntzaz bi komunitate gara. Eta bestela, proposatu jadanik frantsesak eta beste “segregazioari” utzi eta nahastea.
    Jatorri sozio-ekonomikoaren arabera inork ez du jendea banatzen; aberatsak eskola pobreenetara joan daitezke…
    Jatorriaren arabera inork ez du jendea banatzen; etxetik hurbil egotea izan ohi da aukeratzearen zioa…
    Erlijioaren arabera… ez dakit zer egiten duen hitz horrek segida honetan…
    Ikasleak gaitasunaren arabera inork ez ditu sailkatzen… guztiak tontoenaren mailan geratzea nahi badugu behintzat…
    Euskara gaitasunaren arabera inrok ez ditu ikasleak banatzen… hezkuntza sistema publikoak goreneko maila ezin bikainagora ekartzen baititu ikasle guztiak, ezta?
    Adinaren arabera inork ez ditu ikasleak sailkatzen… ala bai?
    (Jendeak horrelako maniak ditu: udako arropa eta negukoa sailkatzearena, segregatzearena…)
    Bestela esatera, balizko sailkapena, zuen hitz nahasgarri eta nahastaile segregazioa, beharrezkoa dugu euskaldunok, hain zuzen ere kolektiboki maila apalagoan gaudelako, gutxiagotuta gaudelako, beherago gaudelako, sarritan beharrezko tresnarik ez dugulako; inferiorrak gara, ed dugu geure indarrez besteen mailara edo egoera erosora iristerik. Beraz, ez daitezela gainerakoak segrega, arren, baina utz gaitzazue euskaldunoi autosegregatzen…

  • Oker zaude, Jone. Ez naiz trola, erraten dudana zintzoki sinesten baitut. Eta fede txarrez ere ez naiz ari, gai honek niri ere eragiten baitit, guraso eta euskaltzale naizen aldetik. Bertze gauza bat da zu nere iritziarekin bat ez etortzea, nik gauzak nola ikusten ditudan, horrek, akaso, ispiluaren aitzinean paratu eta deseroso sentiarazten baitzaitu.

    Begi-bistakoak dira Arnas Dezagun-ekoek proposatu segregazioak dakartzan onurak, goitiago hizpidera ekarri ditudan segregazio guziek, konparazionerako, zenbaitzuri onurak ekartzen dizkieten bezala.

    Umeak gaitasunen arabera gela ezberdinetan segregatzea onuragarria da gaitasunik handienak dituztenentzat: agudoago eginen dute aitzin, motelagoak enbarazu baitira haien hezkuntza garapenean.

    Umeak familien jatorri sozio-ekonomikoen arabera “ikasgune” ezberdinetan segregatzea onuragarria da egoera sozio-ekonomiko hobean daudenentzat: bertzeak bertze, status quo-ari eusten laguntzen baitu.

    Segregazioek beti dakarzkiete onurak zenbait giza talderi, argi denez, baita koste haundixea ere bai segregazioaren biktimei. Koste hori, gehienetan, gizarte koexioaren eta aukera berdintasunaren kaltetan izaten da. Aldarria? Beti izaten dela gorde beharreko bertze balio goitiago bat.

    Ez naiz itsua, eta euskarak bizi duen egoera larria, umeeen eta helduen artean, begi-bistakoa da. Iduri du, ordea, inor gutxik ikusi nahi dituela holako proposamen segregatzaileen kalteak; edo ikusita ere, albo-kalte onargarriak deritzela irabazien aldean.

    Zin egin nion neure buruari ez nuela kuku gehiago eginen fringe-en kobazulo honi. Flako da haragia, ordea. Hemendik aintzinerat zinari lotuko natzaio txinxo-txintxo.

  • Bistan da ez duzula ADkoen proposamena irakurri, edo ez duzula ulertu, edo ez duzula ulertu nahi.
    Agur bada, fringe hori.

  • Nahi eta ezin.

    Mikel Haranbururi:
    “Utz gaitzazue euskaldunoi [sic] autosegregatzen”
    Nori erraten diozu hori? Noren izenean ari zara? Nik ez dut autosegregaziorik nahi: ez nauzu euskalduntzat hartzen?

  • Kaixo Mikel
    ADren proposamenean (https://arnasdezagun.eus/manifestua/) ez dago “autosegregaziorik”. Hain justu kontrakoa da eskatzen dutena: haur euskaldunen segregazioari (sakabanaketari) azkena ematea eskatzen dute.Haur euskaldunen trinkotzea da eskatzen dutena, iruzkinaren hasieran ondo aipatu duzun bezala.
    Segregazioa da egun haur euskaldunek pairatzen dutena, D ereduko ikastetxe gehienetan ere. Eta segregazio horren ondorioz, erdalduntze azkarra, asimilazioa, akonplexatze larria, akulturazioa, eta abar.
    Ez du inongo zerikusirik jatorriarekin, egoera sozioekonomikoarekin, ez eta espainiazale supremazistek euskaldun menperatuoi leporatu ohi dizkiguten bestelako “graziekin” ere. Edo hobeto esanda, badu zerikusia. Zerikusi zuzena dauka euskaldunok pairatzen dugun zapalketarekin, ordezkapen prozesuarekin, arrazakeriarekin eta etnozidioarekin. Horrekin dauka zerikusia.

  • Tamalez, kinka honetan, Haranbururen aldekoa naiz. Euskaldunoi autosegregazioak bakarrik salbatu gaitzake. Kabe, euskalduna zara, ez dut ukatzen, baina bestalde ulertu behar duzu hainbat euskaldun (zu bezain euskaldunak) orain arteko ez den beste bide bat landu nahi dugula, autosegregazioarena alegia, orain arteko bideak kobazulo ilun ilun batera eraman baikaitu. Beraz, ni errespetatu nazazu, nik zu errespetatzen zaitudan legez. Zure semelaba euskaldunak erdaldunekin nahastu itzazu, baina nireak euskaldunekin egon daitezela, beti ere begiruneaz.

  • Bistan da gaur egun euskaldunek segregazioa jasaten dutela ikastetxeetan, euskara disolbatzen den arte. Denok dakigu arazoa zein den, eta zeinen beharrezkoak diren ADren proposamenak. Trollei erantzutea denbora galtze bat da, ez ezazue energia izpirik ere xahutu horretan. Gaurko hau troll ezagun bat da, inoiz proposamenik plazaratu ez eta helburu suntsitzaileekin datorrena beti, ezker-eskubi su eginez, mundu guztia irainduz. Gainera, fede txarrez dihardu, Jonek dioen bezala, oinarrizko adimen gaitasuna duen edonork baitaki segregazioa haur euskaldunek sufritzen dutela, gaur egungo sakabanaketarekin.
    Egoera hau aldatzeko saiakerak, hau da, bizirauteko saiakerak, eraso bortitzak ekarriko dizkigu mentalki kolonizatuak direnen aldetik, hauek integrazioa espainiarrez eraikitzea nahi dutelako, edota oinarrizko logika matematikoa (kausa-efektu) menperatzen ez dutelako, honek menpekotasun mentalaren pantaila haustea galarazten dielarik.

  • JJ, herrikide eta are sindikatukide bazaitut ere, batzuetan irudikapena dut errealitatearen plano paraleloetan bizi garela:

    “[…] espainiazale supremazistek euskaldun menperatuoi […]. Zerikusi zuzena dauka euskaldunok pairatzen dugun zapalketarekin, ordezkapen prozesuarekin, arrazakeriarekin eta etnozidioarekin. Horrekin dauka zerikusia.”

    Uste baduzu hezkuntza komunitate zabala “arnasguneen” kausaren alde zeuregatuko dituzula narratiba horrekin, jai duzu.

    Orain bai. Nik, fini.

  • Sindikatu paralelotan biziko gaitik akaso. Segi bizkor.

  • josu naberan 2021-12-24 19:34

    EGU BARRI ON!!!

    Ez noa sartzera SEGREGAZIO, BEREIZTASUNA, BEREIZKUNTZA, BANAGUNE, BANAKUNTZA, INTEGRAZIO, DESINTEGRAZIO eta halako kontzeptu abstraKtoez diskutuan sartzeRa, Ez du merezi filosofia edo teOlogian iharduteak.

    Hor bateK esan duena geratu zait gogoan: NAHI ETA EZIN.

    Nahi dugun arren biziki (Sindikatuok eta), ezin diagu halako planik ezarri, gaur egun bizi gaituen egoera kolonizatzaile astuna astintzen saiatu arte.

    Gaitza sakonagoa dok. Basque Countryko Hezkuntza-komunitatea hain kolnizatua dago, ezen erraz-erraz zeukatek zuok eta zuon plana, hain zintzo eta fin zabiltzaten arren, arrazistatatzat, autoritario eta faxistatzat (edo nazitzat) jotzea eta iritzi hori Espainiarat zabaltzea, Epaile-Mandoek esku hartzea…..

    Nahi eta Ezin.

    Ez Sindikatu batek, ez Sindikatu guztiek, ez Alderdi Abertzale ezkertarrek…

    Zein izan daiteke HEZKUNTZA PLANGINTZAN guk nahi dugun halako Plangintza bat erantsi ahal izateko estrategia?
    Hortxe Miloiko galdera.

    Baina horri erantzutea EGUBERRI EGU hau iraganda gero berrartu dezakegu.

  • Ohiko deskalifikazio saiakera fede txarreko eta baldarraz aparte, haur euskaldunak sakabanatzearen aldeko argudiorik ez da ageri…

  • josu naberan 2021-12-25 16:43

    Ez diat nahi printzipio abstratoen likan likatuta gelditzea, Kabe-eta bezala.

    Hemen ez da inortxo ere SEGREGAZIOAren aldeko, baizik eta euskeraren aldeko didaktika-programazio egoki bat bilatzeko (ikusita gure hizkuntzaren egoera desabantailatsua).
    Hori dok, Kabe. Ez ezak tiroa erratu.

    Gauza da, guk, euskaltzale ezkertiarrok, ez daukagula zereginik ezer programatzeko PROGRAMAZIO INSTITUZIONALAREN AITZI. Eta ezertxotan deskuidatuz gero, SEGREGAZIOA ETA NAZI/FAXISMOA leporatuko digutela.

    Beraz, auzi didaktiko hutsa beharko lukeena izan, auzi politiko/geoestrategiko bihurtuko dela; egungo gaixotasunarekin gertatzen dagoen moduan: berez osasun auzi bat besterik ez lukeena behar, auzi ekonomiko/lukratibo eta politiko/estrategiko bihurtu digutela.

    Arnas Dezagunen proposamena euskerarekiko DIDAKTIKA AUZI BAT besterik ez duk (zeharo oker ez banago)

    Horregatik, batzuetan hobe izanen da ikasle euskal-hiztunak batera ikastea (adinak, mailak etab, kontutan hartuz); beste batzuetan, barriz, hobe izanen dok maila ezberdinetako (edo adin ezberdinetako) euskal-ikasleak elkarrekin nahasita saiatzea; edota euskal-ama-hizkuntzako ikasleak euskal txinatarrekin elkartuta ikastea… Zer zekiat ba nik…

    Tira, de-den hori litzateke balekoa, didaktikoki eraginkorra izatekotan.

    Horixe da ikuspuntu normal edo garden batek ikusi beharko lukeena.

    Baina guztiok dakigu hemengoa EZ DELA EGOERA NORMALIZATUA EZ NORMALA.

    Hortxe zegok gakoa, ene ustez.

    Eta horren aurrean, epe-erdiko estrategia bat pentsatu behar, KOMUNITATE KOLONIZATU eta aurreiritziz etetakoa bizi dugun hezkuntza munduan.

    Neu ez nauk, egiatan, aholku eman dezakeena, ez baitut bizi Hezkuntza mundua.
    Baina egon ziur gaur egun agintzen duten Hezkuntza-programatzaile nahiz Instituzio, nahiz Alderdi, nahiz abar, KONTRA izango dituzuela, edo behintzat, EZ ZAITUZTELA BEGI ONEZ EDO GARDENEZ juzkatuko. Haize-kontra nabigatu beharko duzue, ezen Ez haizea poparean.

  • Mikel Haranburu 2021-12-27 11:28

    Kabe, eta zu, noren izenean ari zara, balizko segregazio delako horrek dakartzan onurak eta kalteak eta albo-kalteak zerrendatzean? Hara, hizketa eta idazketa kontuak dira gero, plurala erabiltzea eta guka aritzea, gehienetan behintzat.
    Ironia une argia baitzen, nik “autosegregazioa” aipatzekoa! Ez nuen alferrik segregazioaz nire iritzia eman, hitzaren baliatzea bera ere ukatuz. Aspaldi zioen euskaltegiko gure irakasle batek getotik atera beharra genuela, euskaldunok, denok jakina… Euskara jalgi hadi mundura… gero ikasi dugu trinkotzearen kontua; izan ere, gure hirietan trinkotzekotan ahalegin bereziak egin behar ditugu. Bai eta ikastetxeetan ere!
    Berriro ere jatorria, egoera sozioeklonomikoa desberdinak… tar, tar, tar. Ez al da justiziazkoagoa, hain zuzen ere, egoera sozioekonomikoa berdintzea, eta horretara jotzea, desberdintasunen kariaz ahulago den beste baten garapena zapuztu beharrean?
    Zer diozu? “segregazioak” batzuri dakarzkien onurak besteen kalterako dira? Hots, ez dadila inor berak ahal duen garapen maila altuenera irits, eta guztiak bataz besteko mailan gera gaitezen?
    Faltsua da eztabaida hau: euskaldunon artean baditugu listoak eta tuntunak, bagara argiak eta kamutsak. Bagara egoera sozioekonomiko desberdinetan sorturikoak, eta jatorri askotarikoak. Ez dugu euskaldun ez direnekin elkartu beharrik gure artean denetarik izateko. Alabaina, kamutsak zein argiak, euskaldunak izanen bagara gero ere, ikastetxe, gela, laguntalde, berezituan izanen gara euskaldun. Hain zuzen ere, supremazismoa gorabehera, besteen mailara IGO beharra dugulako.
    Bestela, ez orain, begibistan, baina haratago, bada une bat non euskaldun izateak zentzurik ez duen izanen. Orduan, eta bide horretatik, “segregazioa” amaituko da. Nahiz eta zuk akaso euskaldun izaten jarraituko duzun.

  • Miren Gorrotxategi (Podemos) Euskadi irratian gaur, Arnas Dezagunen proposamenaz galdetuta, proposamen negargarria eta klasista dela, “islak” sortzen omen dituela eskoletan…
    Negargarria eta klase gutxikoa dena da, proposamena irakurri barik erantzuna ematea.
    Negargarria da hain politikari desinformatuak izatea Legebiltzarrean, eta hain iritzi merkekoak.
    Gai guztiei “arreta” hori jartzen badie, ederrak gaude.
    Espero dezagun horrelako politikari kaxkarrak “islak” baino ez izatea.

  • Miren Gorrotxategi bezalakoek, proposamenak irakurrita ere, ez dituzte inoiz ulertuko. Mentalki kolonizaturik daudelako. Behin eta berriz irakurriagatik, ez dute proposamenen izaera ulertuko, ezingo baitute ulertu norbaitek “lengua común”-etik at beste hizkuntza bat garatu nahi izatea. Beti irudituko zaie segregazionista (segregazioa euskaldunak sakabanatzea den arren). Itzulipurdi argumentatibo manipulatzaileak nonhai adituko ditugu erantzun gisa.

    Beren aberria Espainia da, eta espainiar guztiak berdintzen dituena, espainiera, “lengua común”-a. Euskaldunak sakabanatuz euskara berdin-berdin ikas daitekeela esango digute. “Ikaste” hori erabileran islatzen den edo ez, hori bost axola zaie, azken finean gizartea gorpuzten duena, benetako kohesionatzailea, gaztelera baita, beren ustez. “Guztiona”. Hauen ustetan euskara eta delakoak ondo daude, ez daude gaizki, ondo dago euskara ikastea, eta abar (frantses jakobinista “progresisten” diskurtsua hau ere). Baina betiere “lengua común”-a ukitu gabe. Hau da, azpihizkuntza gisa euskara ikastea ondo dago. Baina azpihizkuntza gisa bakarrik, latina edo sumeriera ikastea bezala. Erabiltzeko eta benetan bizitzeko, espainiera. Supremazia hori auzitan jartzen baduzue, egurra emango dizuegu alde guztietatik.

    Guzti honen atzean kolonizazio mentala besterik ez dago.

  • Benat Castorene 2021-12-27 19:00

    Ene iduriz “lengua comuna” aipa daiteke komunitate batentzat. Beraz harentzat espainola baldinbada “lengua comuna” erran nahi luke euskaldunak ez direla egiazko komunitate bat espainolen egiazko komunitatearen parte bat baizik.
    Beraz horretatik ezin da beharbada ondoroztatu “mentalki konlonisatua” dela baizik eta (euskaldun) espainola sentitzen dela eta zinez dela. Hots nausiki eta lehenik espainolen komunitatekoa.
    Kasu berbera aurki daitezke gurean baina iduritzen zait ezdakiketeela beharbada hain ongi euskaraz mintzatzen. Zuen aldean orai denek ikasi dukete eta
    Azkenean, iparraldean behintzat, problema mentala gurea da egiazko komunitate bat bezala sentitzea eta portatzea.
    Erruzko paralelo bat egien badut Iparraldearekiko, barka eta ahantz mesedez.

  • Honek oso ondo irudikatzen du:

    https://www.youtube.com/watch?v=UowbOnPyqM4

    Kolonizazio mentala: supremazismoa eta zapalketa.

    Gorrotxategi anderea bezalakoak espektru honetan daude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude