Herriarteko migrazio modernoaren fenomenoaz zenbait burutazio

Herriarteko migrazio modernoaren fenomenoaz zenbait burutazio – 

Giza migrazioaMigrazioak betidanik izan dira. Gehienok ala denok, aurreko belaunaldietan gora igoz, seguraz ere migratzaileak baditugu arbasoetan. Edo kanpotik hona etorri zirenak, edota beste zentzura hemendik kanpora joanak, eta batzutan itzuli zirenak ere lan bizitza baten buruan. Baina gaurko migrazio hau berezia da eta neurriz ohiz kanpokoa Herriartekoaz ari naiz hemen. Fenomeno mundiala da eta ekonomia globalizazioarekin badu zer ikus nabarmena. Agertzen da batez ere demokrazia liberal aberatsenetan. Dakidanez, herri talde horretan Japonia salbuespen interesgarria da, imigrazioa gostarik gosta ekidin nahi izan baitu eta, momentuz,  iduriz lortzen du. Kasu horrek erran nahi luke, alabaina, posible dela herri libre batean imigrazioa ekiditea. Kostu bat, bederen, ordaindu nahi izanez gero. Normalean ekonomia kapitalistak izatez bere merkatua zabaldu behar du etengabe. Harentzat gizakiak eta gizaki taldeak ez dira erosle edo ekoizle potentzialak baizik. Bere funtzionamendurako, onena da mundu mugarik gabeko bat nun ekoizleak eta kontsumitzaileak badabiltzan, trabarik gabe, beren interes propioen bila, eta, nola ez, sustut kapitalismoaren beharren arabera.

Horregatik, eskualde ekonomikoki garatuetan, ikusmolde materialista huts batean, ugaltzen lortzen ez duen eta zahartzen ari den populazioentzat, etorkin gazteak etortzea bedeinkazio bat izan daiteke hainbat arrazoirentzat. Lehenik lantegiek ekoizteko falta dituzten besoak ekartzen dituzte, indigenoek egin nahi ez duten gaizki ordainduriko lanpostu beharrezkoak haien ordez betetzen dituzte ere, hala nola ostatuetan, itsasuntzietan, zaharren zaintzan, eta jubilartu orduko haien erretreta segurtatuko dute beharbada eta abar. Brexitaren Ingalaterraren kasua interesgarria da. Brexita bozkatu zutenek imigrazioa geratu nahi zuten, migrazioak haien herria sobera eraldatzen eta arrozten zuelakoan, baina, orai ohartzen ari dira, horrela dagoeno behintzat, haien ekonomia ezin duela funtzionatu etorkinen etorrera jarraiturik gabe.

Bestetik, demografiarekin batera kontsumoa flakatzen denean, populazio gazte eta ugalkor horrek, epe ertainean, ezin du suspertu baizik delako kontsumoa. Migratzaileak herri eta eskualde anitzetatik etortzen dira. Estruktura sozio ekonomiko tradizionalak pikutara doazenean, ekonomia estagnatzen denean, lana falta denean, bizi modua laster hobetzeko esperantzarik ez dagoenean, tentagarria da herri erosoagoetara ihes egitea, batez ere arazo eta gatazka politikoak baldin badira.

Jakin behar da etortzeko gomita ugari jasotzen dutela han begiratzen dituzten europear telebista kateen bitartez. Adibidez kate pribatuetan iragarpen gehienek aurkezten dute gizarte bat kontsumoari eta aisialdiari lanari baino gehiago emana nun bikote misto ederrak parabisu kreola eta zoriontsu batean bizi diren. Aise imagina dezakegu efektua Algeriako edo Abidjaneko txabola auzoetako 16 urteko mutiko errogabetu eta despistatuengan. Prest dira arrisku larrienak hartzeko Eldoradora iristeko.

Gainera mende erdi bateko independentziaren ondotik, korrupzioagatik, beraien herria garatzeko gai izan ez diren herri zuzendari askorentzat gazteria nahasle eta borrokalari baten emigrazioa segurtsasun balbula sozial beharrezkoa dateke, estatu finantziarako diru iturri izaiteaz gain.

Euskal Herria ere migrazioaren ondorioen[1] aurrean dago. Migratzaile gehienak ez dira jiten gure alde esku hartzeko beraiena ez den borroka kultural eta politiko desesperatu batean, bizi modu hobea gozatzeko baizik. Gu baino idealistagoak ez eiki dira, eta populu menperatua garenez, haien begietan euskaldunok ez dugu autoritaterik, ezta gure kausak erakargarritasunik ere.

Gure asmoetan, errealitatea kontuan hartu behar dugu den bezala.

 

[1] testu honetan ez dut aipatu nahi izan momentuz delikuentziaren arazoa grabea dena baina ez ezinbestekoa emigrazioaren fenomenoa esplikatzeko. 

Herriarteko migrazio modernoaren fenomenoaz zenbait burutazio

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

4 pentsamendu “Herriarteko migrazio modernoaren fenomenoaz zenbait burutazio”-ri buruz

  • Hala da, hala denez.

  • Benat Castorene 2021-12-24 19:03

    Iparraldeko hiru probintietan, momentuz, herriarteko imigrazioa tipia da baina hona ere etorriko da. Emakume estaliak hasten dira agertzen Hazparnen, Senperen, Uztaritzen…. Izan ere, besteak beste, udalerriek legez eraiki behar dituzten bizitegi sozialengatik jendea jiten zaigu frantzia guzitik.
    Aldiz imigrazio frantziarra, aspaldikoa, — hitz hauek irakurtzean errabiatuko lirateke– etengabekoa da. Gainera hiri handietako migratzaileen presentzia haientzat gero ta pisuagoa da frantsesen hona jitearen arrazioetarik bat. Paradoxoa da guretzat baina frantsesak hemen ez dira sentitzen Parisen bezala arabiarrez inbaditua. Momentuz.
    Denok ados gara imigrazioa ona datekeela neurri tipi batean. Hortik goiti inbasio bat da eta ezin da ona izan.
    Beraz artez edo moldez, xuri ala beltz, zuzenki aka zeharka, imigrazioak gure herria ere itxuraldatzen ari du eta gu harekin batera.
    Aurreko bere Enbatako artikulu batean Peio Etxeberrik zioen jitez euskalduna ezkorra omen zela!

  • Europarren %60ak Europan etorkin gehiegi daudela pentsatzen du. Espainian %70ak, Frantzian %65ak. (kontuan hartu behar dugu herrialde horietan, jadanik etorkin kopurua %10etik gorakoa dela)

    12.000 pertsonekin egindako ikerketa bat egin dute, ez nolanahikoa. Beraz, datu hau ez dut nik esaten Elpais egunkarian agertutakoa da.
    https://elpais.com/internacional/2021-12-23/el-60-de-los-europeos-considera-excesivo-el-numero-de-inmigrantes.html

  • Benat Castorene 2021-12-24 22:29

    Irakurri dudanez, goi posizioko klasea, boteretik hurbila, maila kultural altukoa, globalizazioan irabazlea eskuarki begi onez ikusten du imigrazioa. Ingles batek (David Goodheart) deitzen du “anywhere” asko bidaiatzen baitu eta nun nahi bizi litekeelako
    Besteak aldiz, “galtzaileak”, beharbada migratzaileekin konpetentzian sentitzen direlako lanerako eta laguntza sozialen aurrean sobera migratzaile sartzen dela pentsatzeko joera du. Hauek Goodheartek “somewhere” deitzen ditu herriari gehiago atxikiak direlako materialki eta sentimentalki.
    Frantzian ere–urtero 400 000 migratzaile inguru sar omen liteke– zatiketa sozio politiko hori dagoela dirudi.