Ez du zenbatzen

Ez du zenbatzen –

Abenduari aitortu izan diogu urte osoko epaia emateko gaitasuna, 365 egun neurtu eta ebaluatzekoa (hilabete horixe bailitzan, definizioz, begiak norbere baitara biltzea ahalbidetzen duen garai bakarra); abenduari aitortu diogu, fenomenoa bi hitzetan laburtzea zilegi bada, estatistikaren plazerra. Horrek, ordea, ez ote duen gure garaiaren sintoma larri bat azalerazten, hiperneurketarena, alegia.

Ohikoa izaten da: jendearen hizketaldietan harriduraz txertatzen da gaia garai hauetan, izan hiriko kafetegi epeletan, lantegietan, bulegoetan, ikastetxeetako patioetan. Edonola ere, beti izaten da norbait gaia aipatzen duena larridura tonu deseroso batez; eta egia guztia esatera, dezepzio puntu batez ere askotan: Abendua iritsi da (urtero gertatzen den bezala, bestalde, pentsa lezake batek).

Eta hori ez da ezer larria, berez; futsean, ez da denboraren igaroaren beste seinale bat baino (ez beste batzuk baino askoz desatseginagoa). Eta, gainera, ausaz antolatua dago abendua hilabete atsegin bat izan dadin; ez dago, beraz, kexatzeko arrazoi gehiegirik ere: abenduaren 3a aukera ezin hobea da, demagun, sare sozialetan euskararen inguruko txio bat idatzi eta ohikoa baino hedapen (arrakasta esan beharko?) handiagoa edukitzeko; hortik gutxira, Durangoko Azoka: urteko euskal kultur gertakari nagusia, eta, beste modu batera esanda: zorte pixka batekin euskal kultur mundutxoko aurpegi ezagunen batekin argazkiren bat ateratzeko aukera. Aurten (hori egia da) ezingo du euskaldunak San Tomas eguneko talo eta txistorrez gozatu, COVID 19aren enegarren hedapena tarteko; baserritar janzkerari dagokionez, berez, ez da aparteko debekurik jakinarazi, nahiz eta, tentuz pentsatuz gero, ez dirudien aukerarik egokiena aurten abarkak armairutik ateratzea. Abarkek ez baitute zerikusirik osasunarekin. Gabonek, bukatzeko, aparteko artikulu bat mereziko lukete, baina ebatzi dezagun kontua momentuz irakurlea animatuz gutxienez hiru kilo irabazi eta It’s a Wonderful Life (Qué bello es vivir), Love Actually edota Harry Potter-en saga osoa ikustera: Gabonak tradizioa badira, izan gaitezen tradizionalak haren azken ondorioetaraino.

Ez du zenbatzenEta hala ere, (hala ere!), jada abendua dak beti du zapore mikatz bat. Akaso aukera galdu bat irakurri ohi dugulako zazpi letra horietan; akaso abendua helmugatzat dugulako eta, helmuga orok bezala, atzera begira jartzen gaituelako ezinbestean. Horren aurpegi atsegina urte bukaerako zerrenda sinpatikoak dira: egindako bidaia onenak, gehien gustatu zaizkidan film edo liburuak, gehien entzun ditudan kantak… Gutxiago izaten dira, aldiz, “lanak ez dit utzi apenas irakurtzen edo filmik ikusten” edo “aurten ez dut bidaiatzeko aukerarik izan” gisakoak, ez ekartzeagatik hizpidera gertakari puskaz dramatikoagoak zein larriagoak; bistakoa denez, ez direnak ohikoak sare sozialen erakusleiho zoriontsuetan azaltzen. Begirada goibelek, jakina da, inoiz ez baitute zuzenean begietara begiratzen; lotsati begiratzen dute ingurura: zeharretik. Zoriontasunaren festa makabroan, izan ere, dezepzioa gonbidatu nahi ez zenuen kide desatsegin hori izaten baita maiz: zure prentsaurreko pertsonalean galdera deserosoak egiten dituen kazetari hori.

Ez du zenbatzen

Susmoa dut, hala ere, dezepzio askoren iturburuetako bat ez ote den etengabeko neurtze hori: dela gure errendimendua ebaluatuz, gure harreman afektiboen arriskuak lupaz aztertuz, edo mugikorrean etengabe begiratuz hurrengo egunean zein eguraldi egingo duen, besteren artean. Abenduari aitortu izan diogu urte osoko epaia emateko gaitasuna, 365 egun neurtu eta ebaluatzekoa (hilabete horixe bailitzan, definizioz, begiak norbere baitara biltzea ahalbidetzen duen garai bakarra); abenduari aitortu diogu, fenomenoa bi hitzetan laburtzea zilegi bada, estatistikaren plazerra. Horrek, ordea, ez ote duen gure garaiaren sintoma larri bat azalerazten, hiperneurketarena, alegia (ikus Iñigo Martinezen Mandamentu hipermodernoak): denaren eta ez denaren neurketa zehatza, iragan zein etorkizun, apiril zein abendu. Zenbakitara itzultzea gure izatearen esperientzia oro, anbiguotasun oro ebaztea grafiketan. Horren aurrean, 2021a bere azken aparrak uzten ari den honetan, ez dago Lacanen aipua berreskuratzea besterik (Martinezek berak aipatua): “Maite duenak ez du zenbatzen”, eta gehitu geniezaioke: maite duenak, ez du zenbakaitza zenbatzeko beharrik.

Ez du zenbatzen

Zer duzu buruan “Ez du zenbatzen”-ri buruz

  • josu naberan 2021-12-23 13:33

    Egia,
    Zenbakiak ez du ez kolorerik, ez zaporerik, ez bihotzik.

    ZENBAKIEN ESANAHIA, Bakar-bakarrik, hatzak eskerrerretik hasita interpretatzean datza. Ez dago filosofia gehiagoren premiarik:

    Hasi, beraz erhi txikerretik:

    BADE/BADA/BAT “txikrena izan arren, BADELA BERA!”

    BI “ibi”, txikirraren eta handiaren IBI dela (zubia)

    HIRU pufff, handia dela: hiri/uri/uru… zeruaren zerua!

    LAU, HIRUren aldean, LAUA dela (Ipar. LAUR)

    BOST BURU dela, “BOROA/gailurra, erhi-buru

    SEI, “SEIN” dela (UME)

    ZAZPI “HATZ-AZPI” dela, ZORTZI handiaren aldean.

    ZORTZI iberieraz hitz magikoa: SORO + ETSE = zorte totala

    BEDERATZI BADE ren destinoa amaitu dela (ERAITZI dela), eta zenbaki biribila baten txanda dela)

    HAMAR iberieraz ABAR antza oraindik ez da euskeraren “zenbaki enborra”. Enbor biribila HOGEI duk

    HOGEI hori bai duk BOROBILA, “hogei = ORO-en-ERHI”,
    erhien guztizkoa”, euskaldunentzat lehen zenbaki BOROBILA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude