UPN: espainiar zaletasuna, nafarra baino

UPN: espainiar zaletasuna, nafarra baino –

Udaberri dotorea bezain ederra  aurrez – aurre dugunean. Zorionez, nafar guztien etorkizun baketsua bermatu nahian, asko, ikaragarri kostatako urratsak eman direnean. Nafar gizarte osoak -demokrazia nolakoa izan daitekeen ikusiz-  hizkuntz ezberdinak garatzeko aukera eskuragarri dugunean, Jesús Aizpunen oinordekoak, bere betiko lelo anker,  maltzur eta gezurtia plazaratu dute berriro. Bai, berriro.

UPN: espainiar zaletasuna, nafarra baino
Arg: Noticias de Navarra

Aspaldidanik, eta, “nola edo hala”, aurreko lerroetan esertzen ohituta daudenak, sutan ditugu, oso  haserre. Arrazoia; gaur egun, beraien eginkizun “apalak” eskaintzen  dion oihartzun eskasarekin, ezin dirala bizi, ito egiten direla. Ez da aski, gehiago behar dute, eta horretarako, herriz herri “dantzan” jarriko dute, artalde berezi bezain lotsagarria.

Jakina, badakit PPek antolatzen duela artaldearen “pasiera”, baino ez dago bata eta bestearen artean ezberdintasunik. Biak “jaten” dute ganbela beretik, eta gainera  UPNek askoz “buru” gehiago sartzen ditu.

Atzera begiratuz, jarri nahi gaituzte denoi.  Nork ez du gogoratzen  Miguel Sanz jaunari   “Navarra no es negociable”, Nafarroa ez dago salgai, oihukatzen. Betiko lelo ankerrak dira korapiloa estutzen dutenak.

Nafarroaren berjabetasun politikoaren truk, beren feudo ekonomiko bezala eskuratu nahi  dute “berriro” Nafarroa bera. Eta trukearen trukez, nolabaiteko autonomia fiskal eta administratibo hutsa izateraino hustu eta baliogabetu duzue, gobernamendu foral jatorrizkoa: 1841eko “Lege Hitzartutik” hasi eta gaur arte.

Nire ustez, horrelako sasi-politikaren emaitza kaltegarriena, Nafarroako “Foru Hobekuntzak” euskara ez aldarrikatzean datza. Botere Legegilearen  erabaki ankerrak, nafar guztien aurrean agertzen duena da, herriaren hizkuntzaren historiari buruz ezjakintasun  ikaragarria, eta ondare kulturalarekiko, lotsa eta gorrotoa.

Historiari jarraituz, ikus dezakegu, nola 1956ko azaroan, Francoren Diktaduraren urte latzenetan, Nafarroako Diputazioak Euskara Sustatzeko Saila sortu zuela, Vianako Printzea Instituzioan. Bertatik zioten; “euskara aztertu eta sustatzeko”, baita “gure antzinako hizkuntza ohoratuaren biziraupena” bermatzeko, neurriak har ditzatela eskatu zieten erretoreei. Bada zerbait.

Hori aski ez, gainera euskaraz egiten zuten haurrei sariak ematen hasi ziren, baita 6.000 ale argitaratzen zituen hilabetekaria sortu ere. Zer nolako garrantzia zuen garai ahietan jarrera honek euskararekiko, ematen digu jakiteak; Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Aldundiak, Estatuko Administrazioak euskara baztertzeko zeraman politika berberari eusten zioten uneak zirela.

Beraz,  UPNek  tarteka erabiltzen duen mezu gezurti bezain faltsua; “Ojo, no admitimos ingerencias de los vascos”, gezurra bakarrik ez, bere ezjakintasun lotsagarria ere agertzen du.

Ezjakina izatea bada zerbait, baina gezurretan oinarritzea herriari luzatzen dioten mezu “salbatzailea”,  hori lotsagarria da.

Nik dakitenez, godoengandik hasita, euskaldun guztiak ziren baskoinak, eta baskoin guztien errege, Antso Handia. Eta nahiz Jesús Aizpunen oinordekoak, hil arte uka, Nafarroan sortu zen  lehen aldiz (1878an) Sabino Aranarengandik baino lehenago, “Zazpiak Bat” lema ospetsua.

Historian zehar, Nafarroa Euskal Herria dela ukaezina da. Duela bi mila urteko Estrabonen Geografiatik abiatuta, “baskoi” deituak dira lurralde hauetako jendeak. Hego Euskal Herriko beste lurraldeak, euskal hiztunak baziren ere, Bardul, Karistio eta Autrigoi deitzen zituzten. Beraz, Nafarrengandik dute “baskoi” izena.

Egun eta zoritxarrez, nafar asko dira bere burua euskaldun sentitzen ez dutenak, hori egia da, eta jakin ere badakigu zergatik. Baina historia luzea da, eta askotan, okerrak zuzentzeko balio duena.

Duela berrogei  urte luze, Pio Barojaren ilobak, -Julio Caro Barojak-,  hitzaldi bat eman zuen Nafarroako apaiz talde handi bateri. Talde ederra osatu zuten bere aurrean, izan ere, aukeratutako gaiak hainbeste  merezi zuen; “Euskal Herriaren jatorria”. Juliok bere hitzaldia amaitu ondoren, beste galdera askoren artean, honako hau luzatu zion Erriberako abade gazte batek:

– Julio, Oliten jaioa naiz eta nafarra naizela esaten dudan zentzu osoan, aitor nezake “baskoia” ere naizela? Euskalduna alegia.

Hau Julio Caro Barojaren erantzuna: “Baskoien lurraldekoa zara, hori zalantzarik gabe aitor dezakezu, baina nafarra ote zaren, ez nago hain ziur”. Julioren erantzunak sekulako algara sortu zuen aretoan.

Lerro buruari  helduz, esan beharra dago aspaldian “normalizazio eta inposaketa”  hitzak, alor eta helburu ezberdinekin gure garunean sartu nahian dabiltzala. Itxuraz denetako balio duten hitzak dira, baina bazterrak nahasteko erabiltzen ari dira.

“Normalizazio” hitzak, bere baitan, bi esanaldi biltzen ditu:

a).- Hizkuntzaren “norma” finkatzen, arau gramatikalak, lexikoak, ortografikoak…..

b).- Hizkuntza egoera “normalean” egotea, hau da; gizarte funtzio guztiak betetzea, alegia. Ingelesa, Frantsesa edo gaztelaniak, bere jatorrizko lurraldean egiten duten bezala.

“Normalizazio” hitz honen erabilera maltzur horrekin, UPNek  agertu nahi ez dutena da; hizkuntzen finkapen eta hedapenak, konkistarekin batera, ekintza politikoaren barnean doazela. Hau da, beraiek inposatu nahi dutena onartzen den neurrian, dator “bere normalizazioa eta inposaketa”. Eta ez besterik.

Hamarkadak mozorrotuta bizi arren, nabaria da, Franco eta Molaren  oinordeko kuttunak zarete. Horregatik indarrez inposatu nahi duzue arrazoia. Zeure arrazoia indarrean datza. Beraz, ahulak, oso ahulak zarete.

Guzti honek ondorio latza baina argia dauka; Nafarroan Madrilek gobernatu dezan, zuek, UPNko jauntxoak, denetarako prest zaudete. Madrilek gobernatu eta zuek “agindu”. Bahitu nahi duzue  Nafarroa.

UPN: espainiar zaletasuna, nafarra baino  UPN: espainiar zaletasuna, nafarra baino

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

2 pentsamendu “UPN: espainiar zaletasuna, nafarra baino”-ri buruz

  • “…herriaren hizkuntzaren historiari buruz ezjakintasun ikaragarria, eta ondare kulturalarekiko, lotsa eta gorrotoa” baieztapenak balio du Nafarroarako, eta Iparralderako, eta Arabarako, eta Bizkairako, eta…
    UPN (eta PP-PSOE-IU) baino arazo handiagoa da eragile abertzaleen asimilazioa eta desideologizazioa. Euskararekin gertatzen ari zaigu azken urteetako ETArekin bezala.
    Ez dauka eragin handirik, hilzorira ekarri dute, abertzale gehienek ere ez dute erabiltzen, bazterrekoa baino, herri jakinetatik kanpo kalean ia entzuten ez den hizkuntza da…
    baina sekulako etekina ateratzen diote unionistek inposaketa imajinarioaren ikurra astinduz, ordezkari eta erakunde abertzaleak oro har “hemen lan eta bizi” españolez egiten duten bitartean. Alderdi eta bestelako eragile abertzaleak ez dira unionismoarentzat etsai, pagotsa baizik.

  • Egia osoa esate aldera, aitortu behar da Iparraldeko eragile abertzaleak ez direla españolez “hemen lan eta bizi”…