Ume “euskalhiztunak” eta eskola

Ume “euskalhiztunak” eta eskola – 

Interesgarria iruditu zait aspaldion #ArnasDezagun (@ADezagun) guraso taldeak zabaldu duen ezbaia ume euskaldunen eskolaratze-irizpideen inguruan. Areago, azken irakurri dudan #AsierEtxenike_ (@Etxenike_) soziologoaren iritziarekin, esaterako, bat natorrela esango dut, oro har; baina, aldi berean, kezka-iturri begitantzen zait umeari atxikitako “euskalhiztun” kalifikatibo hori, horrela, hitz bakarrez idatzi eta irakurrita. Izan ere, ez dakit zer irizpide erabilita atxiki dakiekeen adjektibo hori gure umeei, bereziki, gurea bezalako gizarte poliedriko honetan, linguistikoki hitz eginda.

Eskolan ume euskalhiztunak ez sakabanatzea da guraso-talde horren aldarrikapen nagusia, horrela ekidin, edo zaildu behintzat, egingo baita ume euskaldunen erdalduntzea berez hegemonikoki erdalduna den euskal jendartean. Eta ados nago irizpide horrekin, gorago esanda bezala. Baina, eta zera da gakoa, zer edo zein da ume euskalhiztuna?

Ume “euskalhiztunak” eta eskola

Aurretiaz, guraso biak euskaldun izan eta familia giroan (beti?) euskaraz egiten dutenak, bederen, badira ume euskalhiztunak, baina kasuistika handia dago halakoen artean ere, eta, dakigunez, txuri guztiak ez dira irin izaten. Neuk, behintzat, oso maiz ikusentzuten ditut euskaldun (eta teorian oso euskaltzale) diren gurasoak erdaraz egiten, baita euren artean ere, eta kontrakoa ere bai: berez erdaldun jatorria izan eta euskaldundutakoan (beti?) euskaraz egiten dutenak, alegia. Zer dira halakoen umeak? Zein dira euskalhiztunagoak zein baino?

Askotan, irudipena dut oso erraz kalifikatzen ditugula batzuk eta besteak geure aurreiritzien arabera, baina errealitateak, ordea, gauzak ez direla horrela esaten digu, setati esanda ere. Guraso euskaldun, zortzi abizen euskaldun, eta inguru “euskaldun” batean hazi eta bizi diren umeak, berez, euskalhiztunak ote diren inork ez du zalantzatan jarriko, baina, adibidez, gurasoetako bat erdaldun, lehenengo bi edo lau abizenak erdaldun eta inguru erdaldun (edo euskaldun) batean hazi eta bizi den umea zer ote da? Erdalhiztuna, derrigorrean? Ezin al da aurreko horiek bezain euskalhiztuna izan?

Ume txikiak eskolaratzeko unean, ezin zaie aurretik jarraipen bat egin normalean euskaraz jarduteko ohitura daukaten edo ez jakiteko, eta ohikoena da gurasoen esana sinetsi beharra portaera hori neurtzeko. Baina gurasook badakigu gezurra esaten, ezta? Guraso gutxik onartuko luke, besterik gabe, erdararako joera duenik, nahiz eta baduela jakin, eta, berezko guraso euskaldunen artean ere, hainbatek nekez onartuko luke euskaldun komunitatera sartu berri den eta batua baino ez dakien bat beraiek bezain euskaldun denik. Nik neuk, behinik behin, irudipen hori dut.

Tira, ez dut gaiaz polemika sortzeko asmorik, eta ez nuke inork gaizki interpretatzerik nahi, baina uste dut, ni bezalaxe, asko eta asko kezkatuko liratekeela eskola batek edo bestek (nork?) gure umeak euskalhiztuntzat jo (edo ez) beharko balitu. Eta, hortaz, zilegi bekit kezka aireratzea, behintzat.

Ume “euskalhiztunak” eta eskola

8 pentsamendu “Ume “euskalhiztunak” eta eskola”-ri buruz

  • Arnas dezagun taldea 2021-09-25 19:44

    Kaixo, Roberto:

    Gai honek ertz eta erpin asko ditu, eta dagoeneko ikasi dugu gure ekimenaren kontra daudenen eztenkadak bezain zorrotzak direla alde omen daudenenak. Batzuenak eta besteenak jasan ditugu geure haragietan, baina aurrera egingo badugu, norbaitek ireki behar zuen bidea sasien artean!

    Hori esanda, segur asko ez dugu kontu hau behar bezala esplikatu, eta beraz, eman diguzun aukera aprobetxatuko dugu azalpen hori emateko.

    “Euskalhiztun” hitza, egia esan, gero eta gutxiago erabiltzen dugu, eta gero eta leku gehiago ematen diegu “euskaldun” (zoritxarrez, anbiguoa), “euskara etxetik dakarten” moduko terminoei, bestea guztiz abandonatu gabe. Kontseiluak “etxeko hizkuntza euskara duten” darabil. Izenak izen, kontzeptua bera da:

    Behargarriek ez diren hainbat faktorek eragiten dute ume euskalhiztuna deritzogunaren euskararekiko joeran. Faktore horietako asko ezin dira aldez aurretik ikastetxeetatik neurtu (gurasoek etxean euskaraz egiten dutela diote, baina benetan umeekin baino ez dute erabiltzen gure hizkuntza; aita portugesa da eta ama euskalduna, baina etxean euskara da nagusi, etab.). Faktore askok eragiten dutenez, behagarriak diren portaerak baino ez lirateke kontutan hartu beharko arnasgune funtzionalak egiteko orduan: haurrak euskaraz egiteko joera daukan edo ez.

    Behaketa eta aukeraketa lan hori (esan behar da?) hezkuntzako profesionalek egingo lukete, irizpide objektibo eta gardenetan oinarrituta, gurasoen kezka edo harrotasun mindua gorabehera.

    Orain arte, euskalgintzak, oro har, erabateko otzantasunez onartu ditu ume euskaldunak (euskalhiztunak…) bereizteko irizpideak. Hori da gure irudipena. Ba uste dugu beste ezer baino lehen irizpide horiek zalantzan jartzen hasi beharko genukeela.

  • Ederto. Eskerrik asko zehaztapenengatik.?

    Dena dela, diozuenez, «behagarriak diren portaerak baino ez lirateke kontuan hartu beharko arnasgune funtzionalak egiteko orduan: haurrak euskaraz egiteko joera daukan edo ez». Konforme, baina orduan, batetik, ikastaldeen konfigurazioa ezin ikasturte hasieratik egin, haurraren euskararekiko joera hori behatzeko denbora beharko baita; eta, bestetik, ikastaldeok aldakorrak izango dira ikasturtean zehar, haurraren atxikimenduaren arabera, euskalhiztunagoa edo erdalhiztunagoa izan baitaiteke kurtsoan zehar. Hau da, nolabaiteko  ezegonkortasuna izan liteke haurren euskararekiko joeran edo atxikimenduan, eta, hortaz, ezegonkortasuna ikasirakats-prozesuan ere bai.

    Era berean, zera diozue: «behaketa eta aukeraketa lan hori hezkuntzako profesionalek egingo lukete, irizpide objektibo eta gardenetan oinarrituta, gurasoen kezka edo harrotasun mindua gorabehera». Bada, nire uste apalean, gaur egungo hainbat profesionalek (ez denek, jakina), axolagabekeriaz jokatzen baldin badute umeen euskararekiko jarreraz, nekez behatuko dituzte umeok euskalhiztun izatearen irizpidearen harira. Areago, hainbat profesionalek berek ere ezin beren burua euskalhiztuntzat jo, lantokian berean (irakasle-gelan, jolastokian…) erdaraz aritzen baitira euren artean, baita umeen begi-bistan ere. Objektibotasuna eta gardentasuna, beraz, kolokan.

    Eta, azkenik, kontuz hainbat gurasoren «harrotasun mindu» horrekin. Askok eta askok  umearen emaitza eskasaren aurrean protestaka hurreratzen baldin badira ikastetxera, zer ez ote dute egingo euren seme-alabek euskalhiztunen taldean lekurik ez dutela jakindakoan? Batek daki!

    Bai, ertz eta erpin askoko gaia dugu hau, korapilotsu eta delikatua. Gizartean bertan bizi-bizirik dabilen gaitzak joak gara eskoletan ere, gehien maite ditugun gure ondorengoen hezkuntza sistema hankaz gora jarri digun gaitza: gaztelaniarekiko morrontza. Bide luze bezain nekeza dugu aurretik, etxean bertan egitekoa, gure seme-alabak euskaldunak (euskalhiztunak, alegia) izango badira. Bejondeigula, eta aurrera! ???

  • OHARRA: Hasierako eta amaierako galdera-ikur horiek ez dira galderak, telefonoko emotikonoak baizik, webean bere horretan transkribatu ez direnak, antza.

    Hasierakoa, atzamar potoloa, adostasuna adieraztekoa; azken hirurak, beso gihartsuak, indarra adierazteko. Aurrera bolie!

  • Roberto, zure erantzuna irakurri ondoren, eta hain zaila omen delarik haurrek euskaraz egiteko joera dutenentz, gurasoak hain aldrebes eta gezurtiak, eta irakasleak horren erdaltzaleak, amore eman eta haurrak sakabanatzen eta erdalduntzen jarrai dezaten eskatuko diogu eskolako zuzendaritzari. Gure haurrei ere eskatuko diegu erdaraz egin dezaten, egoera argiago ikuste aldera. Horrela behintzat, ziur jakingo dugu zein hizkuntzatan dabiltzan guztiak, zalantza izpirik gabe, eta inorl ez du astirik galdu beharko taldekatzeekin asmatzeko lanetan. Denak españolez eta kitto.

  • Artikulu hau bazterrak nahastearen adibide perfektua da.

    Zer den ume euskal hiztun bat paperean definitzea zaila izan daiteke gutariko askorentzat, baina ume euskal hiztun bat 25 umek osatutako gela batean ezagutzea gutariko gehienok lortuko genuke inolako eskulibururik irakurri gabe, eta zer esanik ez haur hezkuntzako irakasle batek.

    Bazterrak nahasten eta nahasten zer helbururekin? Hortxe dago gakoa….

    Euskaldunok (hiztunok ala mutuok) etsigarriak gara oso. Aurrean dugun etorkizuna, iluna ala argitsua bada ere, ondo merezitakoa dugu…

  • Benetan be, bazterrak nahastearen adibide perfektua!.
    Egungo taldekatze irizpideatan, nahiko argi daukate ume euskaldun/euskalhiztunak zeintzuk diren eta horren arabera, oreka mantendu nahian, gela ezberdinetan banatzen dituzte. Beraz nahiko ondo dakite umeek daukaten euskararekiko jarrera.
    Oztopoak jarri beharrean, ia hasten garen Euskararen berreskuratze bidean laguntzen.
    Duela 18 urte inguru arte ikastetxe askotan ume euskaldunak batera egoten ziren eta ez zegoen horrenbesteko kezkarik eta orain beldurra leku guztietatik??
    Ba jarrai dezagun beldurti eta akonplexatuak izaten, gaztelerak, euskara irentsi arte!

  • Oso bitxia gertatzen da euskaltzale batzuen jarrera uzkurra auzi honekiko, dena kezka eta zalantza.
    Aldiz, ez dute kezkarik edo zalantzarik agertzen egungo taldekatze irizpideen gainean, haur etxetik euskaldunei erdalduntze goiztiarra eta betirako akonplexatzea badakarkie ere. Txikikeriak…
    Ulertzen dut “progre” usteko euskaradun eta erdaldun espainiarren aurkako jarrera: eurontzat egundoko pagotxa da, D eredutik ere haurrak goitik behera erdaldunduta irtetea. Baina aipatutako euskaltzale horiena???

  • Pobrearen ogia 2021-10-02 14:16

    Pobrearen ogiari denek ganibeta sar. Pobreak, hemen, euskaldunak dira. Metafora ez da perfektoa, baina zer tirria ikusten den txindorrak ateratzeko euskara eraginkorki defendatzeko proposamenei! Zer integrazio lortzen dute ume erdeldunek beren eskolan, inguruan duten hizkuntza espainola baldin bada, ume euskaldunek berena ateratzeko arazoak dituztelako?
    Hor denak dira galtzaile, inola ere ez da win-win, ez eta win-lose ere, denak lose-lose.
    Talde bat minorizatua denean, diskriminazio positiboa baino (diskriminazioa ez da-eta hitz egokia) affirmative action zor zaio, egintza baikorra .
    Ala ez?