Planeta bati eta haren izarrari ‘Su’ eta ‘Gar’ izenak jartzea onartu du Nazioarteko Astronomia Batasunak

Planeta bati eta haren izarrari ‘Su’ eta ‘Gar’ izenak jartzea onartu du Nazioarteko Astronomia Batasunak –

Edu Lartzangurenek berria egunkarian.

EHUk egindako proposamena onartu du. Lehenbiziko aldia da planeta batek eta bere izarrak euskarazko izenak dituztela.

Planeta bati eta haren izarrari 'Su' eta 'Gar' izenak jartzea onartu du Nazioarteko Astronomia Batasunak
Gliese 486b planeta nolakoa izan daitekeen erakusten duen irudi artistiko bat RENDERAREA / JOSÉ CABALLERO / MAX-PLANCK-INSTITUTS FÜR ASTRONOMIE

Zerura begiratu, eta Su eta Gar han nonbaiten daudela esan daiteke. Gliese 486 eta Gliese 486b izenak zituzten Lurretik 26 argi urtera dauden izarrak eta haren exoplaneta batek. Orain arte: Nazioarteko Astronomia Batasunak planetari Su eta izarrari Gar izenak jartzea onartu du. Erakunde haren ardura da erabakitzea zein izen jarri galaxia, izar, planeta edo ilargiei; ebatzi bitartean, behin-behineko izen tekniko batekin egiten dute lan zientzialariek. Izendatze prozesua errazte aldera, astronomo komunitateari dei egiten dio tarteka batasunak.

Iaz, hogei exoplanetarentzako eta haien izarrentzako izenak proposatzeko eskatu zuten. James Webb espazio teleskopioaren bitartez aurkitu zituzten horiek guztiak. NBE Nazio Batuen Erakundeak 2022-2032ko tartea Hizkuntza Indigenen Hamarkada izendatu duenez, azaldu zuten bereziki hartuko zituztela kontuan proposaturiko izenak hizkuntza indigenetan egotea. Su eta Gar izenak proposatu dituztenen artean daude iaz planeta topatu zuen taldeko Jose Antonio Caballero astronomoa; EHUko Itziar Garate-Lopez, Naiara Barrado Izagirre, Santiago Perez Hoyos eta Agustin Sanchez Lavega irakasleak; eta Pedro Migel Etxenique Landiribar fisikaria. Horrez gain, batasunak eskatu bezala, gizarteko bestelako hainbat ordezkarik bultzatu zuten ekinaldia. Tartean izan dira Kike Amonarriz Gorria, Garazi Andonegi Beristain, Ana Galarraga Aiestaran, Juanma Gallego Moya, Juan Ignacio Perez Iglesias eta Ilaski Serrano Urkidi.

Beroarekin loturiko izenak aukeratu zituen astronomo taldeak, tenperatura beroak baitituzte Su planetan eta Gar izarrean. Izan ere, ezingo litzateke Su planetan bizi, nahiz eta Lurraren modukoa den, han beruna urtzeko moduko beroa egiten duelako. Lurraren masa baino 2,8 aldiz handiagoa da planeta horrena, baina haren diametroa %30 handiagoa da. Beraz, Lurra baino dentsoagoa da (%30 gehiago), eta litekeena da harrizkoa izatea, eta burdinazko nukleo bat edukitzea. Gar izarra, berriz, nano gorri bat da, Eguzkia baino txikiagoa eta hotzagoa.

«Euskal mitologian, gainera, etxeko sua etxeko jenioa da, eta mesedeak eskatzen zaizkio. Bereziki sakratuak ditugu Gabonetako eta San Juan eguneko suak», idatzi zuten proposamenean. «Gar izan da, bestalde, izarrarentzat aukeratutako izena, gori-gori dagoen gasezko bola bat baita».

Dena den, Su eta Gar ez dira espazioko lehenengo euskarazko toponimoak; bai, ordea, planeta eta izar bati jarri dizkiotenak. 2002ko irailetik, Galdakao kraterra dago Marten, Xabier Orue-Etxebarria EHUko geologia eta paleontologia irakaslearen eraginez. 35 bat kilometroko diametroko kraterra da, meteorito batek edo beste objektu baten talkak sorturikoa; planeta gorriaren hego hemisferioan dago, Gusev kraterraren ondoan. Badira euskarak zientziari emandako beste hainbat izen ere.

exoterrae.eu/gar+su

Planeta bati eta haren izarrari ‘Su’ eta ‘Gar’ izenak jartzea onartu du Nazioarteko Astronomia Batasunak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude