Euskizofrenia

Euskizofrenia – 

Euskizofrenia

Ez zenuen albistegietan ikusiko edo lerroburuetan irakurriko, baina, euskizofreniaren fase akuturik gorenean gaude. Hauteskunde kanpainak aurrera egin ahala, gaixotasunak gero eta hautagai gehiagori  erasan dio.

Aldaera berriaren adierazle  izan dira, besteak beste, berba-jario amaigabea eta neurrigabeko baikortasuna. Hauteskunde giroan ez da irtenbiderik gabeko arazorik, lagun! Haien esanetan, zure bozak edozer alda dezake; erabakia zeurea da, baina, errealitatera itzulita, nago biribilegiak direla azken asteko mezu asko eta asko, egia biribilak izan beharrean.

Euskizofrenian norberaren segurtasuna nabarmen indartzen da, lumak harro eta lepoa tente ikusi dizkiegun bitartean, autokritikarako borondatea kamustu zaie, eta guztiz inhibitu du lotsa sentitzeko gaitasuna. Era berean, ika-mikarako grinak sekulako gorakada izan du mitinetan, hizkera oldarkorra eta jarrera erasokorra izan baitira nagusi. Saul Canelo Alvarez boxeo izarraren pareko crochetak jaurti dituzte mikrofonoetatik eledunek, beti ere, ukabilak gehiegi urratu gabe. Tamalez, edozer bilakatu da arma politiko, garaiotan garaipena eta garai penagarrien arteko aldea sekula baino txikiagoa baita.

Hala eta guztiz ere, boterearen kate trofikoan, zerbait katastrofikoa izatekotan, abstentzioa izango da bizkarroirik kaltegarriena, eserleku  galera bera baino mingarriagoa; izan ere, boto eskaera zaratatsu bakoitzaren atzean zilegitasun erregua ezkutatzen da. Askatasunaren eta demokraziaren festan, ordea, batek baino gehiagok nahiko luke gure garunak buztinezkoak izatea, eurek nahieran eraldatu ahal izateko.

Nik, irakurle, ez zaitut ezerekin limurtu nahi, izan zaitezke bizkarroi ala sinbiosiaren parte. Aritziak ez du zure asmoa argitu edo lausotzeko beharrik. Soilik hauxe gogoratzera etorri natzaizu: euskizofrenia egoeran konplize guztiak gara errudun.

Euskizofrenia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude