Ni belarriprest? Ez ote dut ulertu euskaraldia?

Ni belarriprest? Ez ote dut ulertu euskaraldia? –

Euskaraldia ate joka dugun honetan, gero eta beroago dugu giroa. «Ni, belarriprest» aldarrikatu du Alberto Barandiaranek Euskalerria Irratian; eta bere zalantzak agertu ditu Onintza Iruretak Argia aldizkarian: «Ez ote dut ulertu euskaraldia?».

Ni, belarriprest

Ni belarriprest izango naiz, bai. Bai, belarriprest. “Nola, belarriprest?” kexatu zait laguna, txapa erakutsi diodanean. “Gu ahobiziak gara!!”. Ba ez: ni belarriprest izango naiz. Nahi nuke erdaldun euskaltotel horiei irribarre bat eskaini nire txapa ikusi eta hizketan hasten zaizkidanean. Nahi nuke eskaini konplizitate txiki bat, esan: “bai, entzungo zaitut, bota nahi duzuna, dakizun apur hori, nik jarraituko dut solasaldia zurekin, ez eduki beldurrik, sartu hanka nahi duzun guztia, ahaztu ergatiboak, baldintzak eta subjuntiboak: egidazu euskaraz, dakizun gutxi hori, dakizun guztia”. Nahi nuke konplizitate hori ez amaitzea Euskaraldiko hamaika egun horien ondoren eta haien eta nire artean, berriro elkartzen garenean, hari bat sortzea. Bai, badakit, beharbada ez dut ezer ulertu, baina ni Belarriprest izango naiz. Erabakita dago.

.

Ez ote dut ulertu Euskaraldia?

Pello Jauregi belarriprest izango dela irakurri dut Berria-n eta seko harritu naiz. Egun batzuetara, egunkari berari esker, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria ere belarriprest izango dela jakin dut. Dirudienez, ez dut Euskaraldia zer den ulertu.

Ni belarriprest? Ez ote dut ulertu euskaraldia?Euskaraldiaren azken txanpan sartu baino dezente lehenago ezagun bati esan nion ahobizi izango nintzela. Ez nuen zalantzarik hark ere gauza bera esango zuela. Ez, ordea: “Nik oraindik ez dut erabaki. Ahobizi banaiz euskarari eutsi beharko diot… belarriprest erosoagoa da”. Berak harro esaten zidan beti euskaraz egiten zuela eta temati gainera. Bada, halako hiztun ahaldundua bi txapen artean paparrean zein jarri pentsatzen ari zen. Badakit norberak aukeratu behar duela rola, baina nik lasai asko esan nion berak ahobizi behar zuela izan, ez zegoela beste aukerarik. Handik aste batzuetara etorri zitzaidan esanez baietz, hura ahobizi izango zela, inolako zalantzarik gabe.

A ze sorpresa joan den astekoa. Pello Jauregi Eusle metodologiarekin urtetan aritu denak eta Lasarte-Orian asmatu zituzten belarriprest eta ahobizi egitasmoaren emaitzak neurtu zituen EHUko irakasleak belarriprest izango zela zioen. Hasieran, kazetariaren hanka-sartzea izango zela pentsatu nuen, baina ikusita eskarmentu handiko kazetariaren elkarrizketa zela akatsaren aukera erori zitzaidan. Hala dio kazetariak sarreran: “Dioenez bere burua ez du prest ikusten toki guztietan lehen hitza euskaraz egiteko eta euskarari eusteko. Hala egingo du maiz, baina ez duenez beti egingo, belarriprest txaparekin ibiliko da. Hori aldarrikatu du: hobe dela belarriprest txaparekin ahobizien jokabideak hartzea, eta ez alderantziz”. Denok ari gara horrelako kasuak ikusten. Ahobizi txapa hartuko duela jakin eta “horrek ahobizi txapa? Ba ote daki zertara doan?”. Eta ziurrenik askok ez lukete ahobizi izan behar (batzuk txapa errazegi ez ote diren ari hartzen) , ezta belarriprest ere. Batzuek agian ez lukete parte hartu behar Euskaraldian. Hori da gauza bat eta beste bat Pello Jauregi batek esatea ez dela ahobizi izango, ez duelako uste beti euskarari eusteko prest egongo denik. Ni ahobizi izango naiz eta ez dakit beti-beti eutsiko diodan euskarari. Hala ez badut egiten ez naiz apaizarengana konfesatzera joango, eta ez ditut espero kale kantoian nire bekatua entzun eta harrika hasiko direnak.

Bingen Zupiriak ildo beretik hitz egin du egunkari berean: “Bizi naizen inguruan ez da batere erraza euskaraz hitz egitea; etxean bai, baina hortik kanpo, Bilbon bizi naizen auzoan oso zaila da. Haur eta gazteekin beti naiz ahobizi. Belarripresten ariketa egin nahi dut; euskara gehiago entzun, eta gonbidapen modura erabili nahi dut, gaitasuna duen edozeinek euskaraz egin diezadan. Belarriprest aktiboa izango naiz: hitz egitean, lehen pausoa ematean, euskaraz egingo dut”.

Bateren batek esan dit zuri eta beltzaren artean aukeratzen ari naizela, baina nik hala pentsatzen dut: edo bagara edo ez gara. Euskaraz bizi nahi dugunon eta euskaraz egiteko arazorik ez dugunon rola ahobizia da. Rol horrek ahalduntzen lagunduko digula uste dut, sinesten dut. Belarriprest, (profil horretako hiztunentzat) atzerapausoa da.

Eta ahaztu zait esatea, Pello Jauregiren azalpenek (ETB1eko “Ahoz aho” saioan ere aritu baita) eragina izan dute. Asteburuan lagun batek esan dit oraindik izenik ez duela eman, baina esan diotela aurreko batean gizon batek telebistan esan zuela ez ote den hobe belarriprest izatea. Nire lagunak euskaraz bizi nahi du, kontzientzia dauka, UEMAko herri batean bizi da. Nire laguna belarriprest?

Ni belarriprest? Ez ote dut ulertu euskaraldia? Ni belarriprest? Ez ote dut ulertu euskaraldia? Ni belarriprest? Ez ote dut ulertu euskaraldia?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Ni belarriprest? Ez ote dut ulertu euskaraldia?”-ri buruz

  • Nik Ahobizi. Hamaika egun hauetan txapa paparrean jarri eta inongo konplejurik gabe nire burua estutzeko prest, ea hamabigarrenean txapa etxean lagata jarrera berakin jarraitzen doten.

  • Ba ni, nire mugak izan arren, ahobizi izango naiz. Belarriprest izateko euskal telebista edo irratia piztu edo euskarazko aldizkariak irakurriko nituzke. Nahiago dut hizkuntzaren arloan alde pasiboa (irakurtzea eta entzutea) baino alde praktikoa lantzea (hitz egitea eta idaztea).

  • Ni ahobizi, naiz eta praktikan egunerokoarekin ezberdintasun handirik ez didan ekarriko ekimen honek. Euskararen afera lehen-lehenik politikoa dela inolaz ahaztu gabe. Ea euskaraldiak euskaltzaletasun militantea esnatzen duen! Aurrera!