Nafarroa desberdina txarrerako

Nafarroa desberdina txarrerako –

Orain gutxi (2023-08-03), Xabier Zabaltzak oso artikulu interesgarria argitaratu du Berrian: Muskaria eta Euskarria. Tuteran, eta oro har, Erriberan bizi diren biztanleen euskararik sentipen erreala deskribatzen digu: euskara erabat arrotz ikusten dute.

Nafarroa desberdina txarrerakoXabier kezkatuta agertzen da, eta oraingo bidetik jarraituz gero, oraindik geratzen diren euskal apur horiek galtzear gaudela dio, kontrako erreakzio bortitz bat sortzen baitu.

Ni ere kezkatuta nago, ez naiz aztia eta ez dakit zein izan daitekeen irtenbiderik aproposena; baina aspalditik nator errepikatzen trantsizioan ez genituela gauzak egin behar genituen bezala egin. Eta hortik etortzen zaizkigun oraingo gaitzak.

Erriberako egoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orain dela 40 urte pasata zegoen egoera berdina da. Aipatutako lurralde horietan, garai hartako biztanle gehienentzat euskara erabat arrotza zen; areago, eskualde batzuetan Erriberakoak bezain erdaldunak ziren. Laudio, Kanpezu, Sestao, edo Bilbo bera, lekuko.

Hortaz, Erriberan gertatu dena gertatu da Balear uhartetan, Valentzian, Katalunian edo Galizian; baina gainontzeko lekuetan irtenbide logikoa eman zuten, denontzat hizkuntza bera. Eta ez Nafarroan moduan hiru eremu linguistiko sortzen, nafarrok ezberdinak izaten. Erriberan eremu ez euskaldunean uzten, hor dago gakoa.

Dena den, bat nator Xabier Zabaltzarekin: euskararen eta nafar arteko bizikidetzaren onerako, itzaltzear dagoen ondare hori, nahi adina gaurkoturik biziberritu beharra dago.

Nafarroa desberdina txarrerako

Nazar, Nafarroa. Liburuzaina eta euskaltzain urgazlea. Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia.

2 pentsamendu “Nafarroa desberdina txarrerako”-ri buruz

  • baratzezaina 2023-10-08 13:05

    Ezberdintasun garrantzitsu batekin: Laudion, Kanpezun, Sestaon edo Bilbon, XX. mendean bazegoen oraindik lurralde euskalduna izanaren memoria, eta memoria hori herri haien nortasunaren parte zen. Erriberan aldiz duela 1000 urte ez zen euskaraz egiten, Banu Qasien lurraldea zen, eta bertako familietan XX. mendean euskaraz bazekien birramonen oroitzapenik ere ez zegoen.
    Konparaketa egokiagoa Enkarterriko mendebaldea litzateke, hau da, historikoki euskalduna ez zen eremua baina Bizkaian integratu dena. Eta halere beste ezberdintasun handi batekin: Enkarterriko populazioa oso ttikia da Bizkaiako gainerakoarekin alderatuz. Nafarroan Erriberaren pisua bestelakoa da. Agian Erribera euskaldunduko da noizbait etorkizunean (bitartean ez bada basamortu bihurtzen), baina horretarako lehen urratsa izan behar da gaurko Erriberako nortasunari toki eroso bat egitea Euskal Herri proiektuan, hain zuzen proiektu hori arrotz ikus ez dezaten. Hori egin ezean nekez lortuko dugu ezer.

  • Mikel Haranburu 2023-10-08 21:38

    Nik bestelako modu batean ikusten dut afera; urteak eta mendeak kontatzeak ez digu deus onik ekarriko. Izan ere, euskal arnasgunerik aireztatuenean ere, aurkitu baitugu jenderik sekula santan Euskaraz egin ez duena, eta egin nahi ez duena. Jende gaztea, ez aurreko gizaldiren batekoa.
    Erriberan, baita Petilla Aragoin ere, onartu beharko lukete komunitate bat eta bakarra bagara, bi hizkuntzak ahalbidetu beharra dagoela, komunitateko kide garen guztiok eskubide eta aukera berberak izan behar ditugula, komunitatea hautsiko ez bada behintzat…
    Berdin dio Ablitasen azken mila urtean inork Euskaraz egin duen ala ez. Erriberan, hainbat tokitan, azken mila urtean oso euri gutxi (!) egin izan du, baina inor ez da harritzen edo asaldatzen ur eske agertzen direnean…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude