Musika Eskolako irakasle lanpostu guztietan euskarazko hizkuntz profila jartzerik ez zen onartu, Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzan.

Musika Eskolako irakasle lanpostu guztietan euskarazko hizkuntz profila –

MUSIKA ESKOLAKO IRAKASLE LANPOSTU GUZTIETAN EUSKARAZKO HIZKUNTZ PROFILA JARTZERIK EZ ZEN ONARTU, IRUÑEKO UDALEKO EUSKARAREN ORDENANTZAN.

Musika Eskolako irakasle lanpostu guztietan euskarazko hizkuntz profilaIruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza 2019ko maiatzaren 29tik indarrean dago. 2019ko maiatzaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Aldaketaren aldeko gobernu taldeak erabaki zituen AETren alegazioen inguruan. Egindako txostena Lehendakaritza Batzordean onartu ondoren, Udaleko Osoko Bilkuran onartu zen, EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren botoekin.

26 alegazioetatik bakarra onartu zen. Seigarren alegazioa ez zen onartu. Oro har, euskararen aldeko jarrera ez da nabaritzen txosten horretan.

SEIGARREN ALEGAZIOA.

26. artikulua:

“Musika-irakaskuntza.

1.- Iruñeko Udalaren menpeko musika-irakaskuntzetan, Musikaren Hizkuntza irakasgaia euskaraz eskainiko da. Halaber, bitartekoak jarriko dira ahalbidetzeko, ahal den heinean, Musika Eskolak eskainitako gainerako irakaskuntzak euskaraz eman daitezen.

2.- Nahi duten irakasleen hizkuntza-birziklatzea sustatuko da, musika-instrumentuko banako irakasgaiak euskaraz ere eman daitezen”.

26. artikuluari alegazioa.

“3. puntua gehitzea:

Lehenengo puntuan aipatutako bitartekoek hauxe izanen dute oinarritzat: Irakasle lanpostu guztiek euskarazko hizkuntz profila izanen dute”.

Arrazoia:

Hizkuntz eredua aukeratzeko gurasoen edo ikasleen hautu askea bermatzeko modu bakarra da. Beharrezkoa da Musika Eskolako irakasleek Iruñeko bi hizkuntzak jakitea (euskara eta gaztelania). Bietako bat ez badakite, eta kontuan izanik lanean 35 urte eman ditzaketela, horrek guztiz baldintzatzen du gurasoen edo ikasleen hautu askea. Ezin da aukeratu hizkuntz eredu bat langileak prestatuta ez badaude. Langile guztiek prestatuta egon behar dute gaztelaniazko eta euskarazko ereduetan aritzeko. Bestela, guztiz irreala da aukeratu ahal izatea.

Langile finkoen eskubideak errespetatu behar dira, baina lan deialdiren bat egin behar den bakoitzean, baldintza hori kontuan hartuta egin beharko litzateke.

Nafarroako Gobernuak orain dela gutxi Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoan sartzeko hautapen prozeduraren deialdia egin du (2019ko otsailaren 13an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua). Hauxe dio deialdiak:

“2.3. Espainiako nazionalitatea ez duten pertsonentzako berariazko baldintzak:

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Beren estatuko funtzio publikoan sartzea debekatzen dien diziplina-zehapenik edo zigor penalik ez dutela egiaztatzea.

b) Gaztelaniaz behar bezala moldatzen direla egiaztatzea, bide hauetako bat erabiliz:

–Gaztelaniaren Goi Mailako Diploma izatea, zeina Gaztelania Atzerriko Hizkuntza gisa Goi Mailako Diplomaren baliokidea baita (urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuak ezarritakoa), edo, bestela, Gaztelaniaren C1 mailako diploma, Hizkuntza Eskola Ofizialek atzerritarrentzat ematen duten Gaztelaniaren Gaitasun Agiria edo Filologia Hispaniko edo Erromanikoan lizentziadun edo gradudun titulua.

–Gaztelaniaz badakitela frogatzeko proba bat gainditzea. Proba horretan idazlan bat egin beharko da gaztelaniaz, gutxienez berrehun hitzekoa, eta elkarrizketa bat epaimahaikoekin. Proba horretan, “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen da. “Ez gai” kalifikazioa lortzen duten izangaiak eta proba egitera aurkezten ez direnak hautapen prozeduratik baztertuko dira, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

Gaztelania hizkuntza ofiziala duen herrialde bateko nazionalitatea dutenak gaztelaniaz badakitela egiaztatzetik salbuetsita egonen dira, baita Espainian unibertsitate-tituluren bat lortu dutenak ere”.

Jakina, Nafarroako Gobernuak nahi duena da jende hori prestatuta egotea irakaskuntza gaztelaniaz egiteko. Motz geratu da hizkuntza kontuetan. Baina ikasgaia hauxe da: Iruñeko Udalak Musika Eskolako ikasgaiak gaztelaniaz eta euskaraz eman nahi baditu, ziurtatu beharko du kontratatzen duen jendeak bi hizkuntzak dakizkiela.

IRUÑEKO UDALAREN EZEZKOA ALEGAZIOARI.

Ikuspuntu tekniko-juridikotik, alegazioa ezestea proposatzen da.

Proposatzen denak administrazio-egintza baten izaera dauka eta, horrenbestez, ez du Ordenantzak arautu behar. Azkenik onetsiko den irakasle-lanpostuen ehunekoa lanpostuen gaineko azterlanean ezarriko da, eta Ordenantzak konpromisoa hartzen du hura egiteko.

ERANTZUNAREN BALORAZIOA.

Berriz ere eskuak aske nahi ditu Udalak azterlana egiteko. Beraz, ez dirudi irakasle guztiek euskarazko hizkuntz profila izanen dutenik. Hautu askea, beraz, nahiko baldintzatuta egonen da. Horrela, euskararen eta euskaldunon gutxiagotasun egoera mantenduko da.

 

Musika Eskolako irakasle lanpostu guztietan euskarazko hizkuntz profila
Musika Eskolako irakasle lanpostu guztietan euskarazko hizkuntz profila

Administrazioan Euskaraz Taldea