Milioi bat euro, euskara sustatzeko

Milioi bat euro, euskara sustatzeko –

Irati Urdalleta Letek berria egunkarian.

Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro emango dizkie gaztelaniazko komunikabideei, euskara sustatzeko.

Iaz nagusiki gazteleraz aritzen diren hamahiru hedabidek jaso zuten laguntza: ‘El Diario Vasco’-k, ‘El Correo’-k, ‘Gara’-k, ‘Noticias de Álava’-k, ‘Deia’-k, ‘Noticias de Gipuzkoa’-k, ‘Naiz’-ek, Segura irratiak eta Europa Pressek, besteak beste.

Milioi bat euro, euskara sustatzeko
Gizon bat kioskoko egunkariei begira, Donostian, artxiboko irudian GORKA RUBIO / FOKU

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak gaur onartu du [apirilaren 26an] Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak milioi bat euroko diru laguntza ematea nagusiki gaztelaniaz aritzen diren hedabideei, euskara susta dezaten. Laguntza eguneroko prentsara, edizio digitaletara, irratietara eta Internet bidez albisteak ematen dituzten berri agentzietara bideratuta dago. Gobernu kontseiluaren ostean, agerraldia egin dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek —tartean zen Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua—, baina ez dute aipatu laguntza hori emango dutela. Ohar bidez jakinarazi dute haren berri.

Hiru multzotan banatuko dute laguntza:

Alde batetik, 900.000 euro jarriko dituzte batez ere gaztelaniaz aritzen diren eguneroko prentsan eta egunkarietan euskararen presentzia areagotzeko. Horietako 550.000 paperean inprimatutako egunkariak diruz laguntzeko izango dira, eta beste 350.000 euroak, haien edizio digitaletarako. Ez dute zehaztu gutxienez zenbat albiste idatzi beharko dituzten euskaraz.

Beste aldetik, 50.000 euro albisteak Internet bidez euskaraz ere ematen dituzten berri agentzientzat izango dira. Baldintza bat ezarri diete: gutxienez egunero hamabi albiste ekoitzi beharko dituzte euskaraz.

Azkenik, gaztelaniazko irratiak ere diruztatuko dituzte. Orotara, 50.000 euro erabiliko dituzte horretan. Laguntza izateko, emanaldi orduen %85 euskaraz eduki beharko dituzte, eta astean gutxienez 25 ordutan euskaraz egin beharko dute.

Ez da halako laguntza bat ematen duten lehen aldia. Iazko deialdiaren bidez, gaztelerazko hamahiru komunikabidek jaso zuten diru laguntza: El Diario Vasco-k, El Correo-k, Gara-k, Noticias de Alava-k, Deia-k, Noticias de Gipuzkoa-k, Naiz-ek, Segura irratiak eta Europa Pressek, besteak beste.

Milioi bat euro, euskara sustatzeko

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Milioi bat euro, euskara sustatzeko”-ri buruz

  • Ba, pozteko berria, zalantzarik gabe.

  • Urte dexente dira erdal hedabideek laguntza horiek jasotzen dituztela EAJaurlaritzaren eskutik, emaitzak begi-bistan. Vocentoren hedabideak diruz laguntzeko beste bide bat, euskararen presentzia mixerable baten truke. Bere garaian laguntza emateko irizpideak aldatu zituzten Gararen kaltetan eta Vocentoren mesedetan. Kaka zaharra.

  • Euskara sustatzeko ala gobernuaren aldeko berriak idazteko?
    Euskara ezin da dirua xahutzeko aitzakia izan.

  • Vocentotarrak pozik edukitzeko, euskaldunon kaltetan.

  • El correo edota Diario vasco bezalako hedabide euskarafoboei, euskara neurri erridikuluan “sustatzeko” dirua ematea iraingarria da.
    Hibaik aipatu duen bezala, dirulaguntza hau euskarazko edukien proportzioaren ematen zen lehen, eta Garak eramaten zuen parterik handiena, bera baitzen erdal hedabideen artean euskarari tarte handiena eskaintzen ziona, alde handiz.
    EAJ-k, askoz nahiago dirua Vocentori ematea Garari baino, dirulaguntza emateko irizpideak aldatu zituen “irisgarritasun maila” lehenetsiz. Hala, Vocentok duenez irakurle gehien, hara bideratzen du dirurik gehien, euskaraz argitaratzen dutena mixeria baino gutxiago izan arren, eta ildo politiko euskarafoboa izan arren.