Maitia nun zira?

Maitia nun zira? –

Txikitan, gehienek bi hizkuntz hitz egiten zekitela  pentsatzen nuen: aitak gaztelania eta galegoa; aitonaren emazteak gaztelania eta euskara; amaren herrian beste hizkuntza bat zegoen (hark ez zekien arren) eta nire herrian, Misionesen, batzuek guaraniera ere bazekiten.

Niretzat, izan ere, Misionesen edo Buenos Airesen aitak bere lagunekin galegoz hitz egitea oso gauza normala zen.  Arraroa zen aitak galiziar batekin gaztelaniaz hitz egitea, eta ezin dut hemen errepikatu zer esaten zuen galiziarrek gaztelaniaz hitz egiten zutenean berarekin.

Maitia nun zira?Hala ere, “la Yaya”-k, aitonaren emazteak, ez zuen norekin euskaraz hitz egin. Posadasera bizitzera joan zenean, denbora gehiago pasatzen genuen elkarrekin. Orduan, lo egiteko ahizpak eta biok ipuinak kontatzea eskatzen genion. Bata asmatuta zen, nire neba zaharrena pertsonaia nagusia zen. Bestea ez dakit asmatua zen ala ez, beti euskaraz kontatzen zigulako. Zeri buruzkoa zen ipuina? Ez dakigu, inoiz ez genion itzulpenik eskatu: nire ustez beldurrezkoa zen, baso ilun batean; ahizparen ustez ipuin erromantiko bat. Baina hori ez zen gauza bakarra: zenbakiak batetik hamar arte esaten zituen (besteak ahaztu zitzaizkiolako ).

Urteak pasa, eta Italian munduko futbol txapelketa ospatu zen, 1990ean. Garai hartan, telebistaren aurrean, “el Goyco” (Sergio Goycochea) edo Olarticoechea agertzen zirenean, beti gauza bera errepikatzen zuela gogoratzen dut: “esos son vascos, “etxea” quiere decir “casa””.

2010eko udan, dagoeneko hilda, “la Yaya” ametsetara etorri zitzaidan. Momentu horretan, nire bizitza ez zen hain erraza eta hark lasaitzeko eta pazientzia izateko esaten zidan. Gero, uztailean, gau batean ikerketa bat egiten ari nintzela amets egin nuen. Ikerketa horretan, “jai” hitza agertzen zen. Esnatzean, interneten zer zen bilatu nuen eta euskarara iritsi nintzen. Berehala non ikasi euskara bilatu nuen, eta webgune itsusi batera (eta uste dut birusez betea) iritsi nintzen.

Lehenengo klasean, irakasleak zergatik geunden han galdetu zigun. Istorio hori kontatu eta gero, hark zenbakiak batetik hamar arte esan zituen. Euskaltzaleak-etik irten ondoren, negar egiten hasi nintzen zenbakiengatik. Bai, zenbakiak euskaraz entzuteak pertsona bati negar egitea eragin diezaioke. Zortzi urte dira euskara ikasten hasi nintzela; egia esan, beste ikasketetan inoiz ez nuen negar egin estresagatik edo ez ulertzeagatik. Alabaina, euskararekin egoera arrunta da, eta beti esaldi bera datorkit burura: “no llego”. Duela urte bat esaldi hori eta malkoak, agian, Yayarekin lotuta zeudela konturatu nintzen, normalean, norbaitekin elkartuko garenean, erabiltzen dugulako. Beraz, euskara ulertzen ez badut, ez naiz “la Yayarekin” elkartuko.

Euskal Herria ez dut ezagutzen eta ez dakit ezagutuko dudan. Baina herri horrek, euskarari eskerrak, nire bizitzan dagoen jende maitagarriena aurkeztu zidan. Badakit ez dudala berriro la Yaya ikusiko; hala ere, jende maitagarri horretan dago. Horregatik, nire Yaya ugaritu zela esaten dut.

Dolores Municha Aguirrek, la Yayak, otsailaren 27an 105 urte beteko lituzkeen eta, hari eskerrak euskaraz idazten ari naizenez, Duragon jaio zen emakume hori gogoratzea ondo iruditu zait, zuek ez ezagutu arren.

Maitia nun zira?
Maitia nun zira?

Eskola publikoko irakaslea naiz