Gezurren aroa

Gezurren aroa –

Gezurren aroaParodia bat ikusten ari nintzela iruditu zitzaidan, umorezko programa satiriko bat. Baina ez, zuzeneko konexioa zen: Espainiako Epaitegi Gorena. Juizio bat, Kataluniako aktibista eta politikoen aurkakoa. Bertan Zaragoza fiskalak honakoak esanez: “demokrazia defendatzeko juizioa da”, “ez-justifikatua eta irrigarria da prozesatuen kexa, beren eskubideak urratzen ari direlako kexa” … Horiek guztiak bota zituen serio-serio. Beste bat gaineratuko dut, honakoa ere bota baitzuen: “Epaimahaiak independentzia osoz egingo du justizia, akusatuen bermeak eta eskubideak errespetatuz eta juizio justuaren printzipioei jarraituz”. Ez dakit nor izan daitekeen horren begitankorra bestela pentsatzeko, aurrekariak ikusita.

Dena aldakorra omen da garai hauetan, dena “likido”, funts solidorik gabea. Eta horregatik, agian, egiak berak ihes egiten du bere lekua gezur interesatuek betetzen duten bitartean. Horregatik, adibidez, boto-ontziak eta bozketaren aldekoak preso daude, “demokrazia defendatu behar delako”. Egia ezagutzea eta plazaratzea jarrerarik iraultzaileena bihurtzen ari da garai beltz hauetan, VOXek baldintzatutako Espainian, Trumpen lurraldeetan, Bolsonaroren Brasilen eta hainbat herrialdetan.

“Gezur interesatuak” esan dut, hain zuzen ere interes jakin batzuen alde sortzen eta zabaltzen direlako gezur horiek, Kataluniari buruzkoak eta beste asko. Eta ez izan dudarik, interes horiek ez dira ez zureak, ez nireak ez gehiengo sozialarenak.

San Juanen ebanjelioan jasotzen da Jesukristoren esaldi hau: “egiak aske egingo zaituzte”. Esaldi borobila deritzot nik horri, bizitzan askotan ikusi baitut egiak, hau da, gauzak diren bezala adierazteak, askatasun berria dakarrela; “zuzena”, “espero dena”, “izan beharko lukeena” direlakoen zama alde batera utzita, askeago ibil gaitezke errealitateari helduz, gauzak diren bezala jasoz. Eta errealitatea ezagutzea lehen urratsa da errealitate horretan esparru askeagoak irekitzeko eta lantzeko.

San Juanen baimenarekin buelta eman ahal zaio esaldiari: “gezurrak menpeko egingo zaituzte”. Eta hor argitzen da hainbeste gezurren asmoa. Gero eta menpeago nahi gaituzte, gero eta isilago, gero eta erabilerrazago. Horren aurrean, egia lehen eginbeharra daukagu.

Gezurren aroa

Irakaslea ofizioz, mendizalea afizioz eta Baskoniazalea bizioz.