Baliteke faltsua izatea

Baliteke faltsua izatea –

Nerea Ibarzabalek Bizkaiko Hitzan.

Izango zenuen honezkero kazetari alemaniar tranpatiaren berri. Claas Relotius Der Spiegel astekari sonatuko erredaktore kuttunetako bat izan da duela gutxira arte, hainbat sari jasotakoa bere erreportaje bikainei esker —CNNk urteko kazetari izendatzeraino—. Baina berarekin elkarlanean aritutako kazetari freelance batek, Juan Morenok, argitu duenez, erreportaje faltsuak idatzi izan ditu Relotiusek behin baino gehiagotan. Asmatutako pertsonaiak, izenak, gertaerak, elkarrizketak… istorioak eta hitz egiteko prest zeuden pertsonak aurkitzen zituen berak, gainerakoek lur agorra besterik ikusten ez zutenean. Zelan ez, ba? Imajinazioak ez baitu mugarik. Erredakzioko egiaztatzaileei ziria sartu zien hamaika aldiz.

Azkenean Relotiusek berak onartu du gertatutakoa, eta dagoeneko ez da Der Spiegel-eko langile. Astekariak zelanbaiteko mezu edo abisuak aktibatu ditu sarean kazetari honek idatzitako erreportaje guztien gainean: Baliteke faltsua izatea.Baliteke faltsua izatea

Jendea aztoratu egin du notiziak: kolpe bat kazetaritzaren izen onari, gain-informazio honen erdian edozer egiten dela irakur gaitzaten, artikulu normalek ez digutela balio ez badute ezer oso berezirik eta modu oso berezian kontatzen… eta arrazoi dute, hein handi batean. Nik ere horixe pentsatu dut notizia irakurtzean, baina aztoramen maila baxuagoarekin, agian engainatua izatearen sentsazioa oso barneratuta daukadalako edo Alemania urruti geratzen zaidalako zentzu honetan. Nahiago dudalako kazetari bakar bat izatea gezurtia, ia xarmagarria iruditu dakidake ipuin kontalari bat egotea erredakzio bakoitzeko, baina bat bakarra baldin bada. Ez egunkari osoak, ez komunikazio talde osoak, ez ildo editorialak, nahiago dut horiek ez saiatzea ni engainatzen modu antolatuan, saiatzen diren bezala.

Egunkari denek dauzkate oso berba potoloak eta izen garden edo konfiantza-emaileak, Der Spiegel-ek bezala (Ispilua esan nahi du), eta Sagen, was ist da beraien leloa (Den hori esan), baina ez dakit zergatik tematzen diren batzuk oraindik egiaren kontzeptu kristalino eta puru hori transmititzen. Independentzia ekonomiko eta politiko faltak orrialdeak eta askatasuna lapurtzen dizkie komunikazio eragile gehienei, hori badakigu eta denok onartzen dugu jasoko dugun egia hainbat eskutatik pasatuta iritsiko zaigula, irakurlea zerbaitez konbentzitzeko helburu batekin gainera. Albiste hauei ez al diegu jarriko etiketatxoa gainean? Baliteke faltsua izatea. Baliteke titular honi 200 buelta eman izana egoera desitxuratzeko. Baliteke berez plazan ez egotea ia jenderik, baina kamerak angelua aukeratzea manifestazio jendetsu bat eman dezan, edo alderantziz.

Horregatik egiten dit grazia horoskopoa egunkari serioetatik kendu behar dela entzuten dudanean; bestelako albisteekin ere gezurra sinetsi edo ez erabakitzen egoten banaiz, zer axola dit Piscisi eguna zelan joango zaion irakurtzeak. Berdin dit fantasian bizitzeak neuk hala nahi badut, ez beste inoren interesez.

Baliteke faltsua izatea Baliteke faltsua izatea
berriak, egia, faltsua, hedabideak, komunikazioa, manipulazioa
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude