Izan nahi duzuna, baina izan euskalduna!

Izan nahi duzuna, baina izan euskalduna! –

Bizkaian, Bilboko Otxarkoagako eskola publikoan Lehen Hezkuntza euskaraz jarriko dute aurten. Lehendabizikoz 1996-1997 ikasturtean lortu zuten euskarazko eskaintza izatea, baina gerora kendu egin zuten.

Izan nahi duzuna, baina izan euskalduna!

Martxoaren 12an Berrian argitaratu zenez, auzoaren aldarrikapena izan da, eta azkenean onartu egin du Hezkuntza Sailak. Auzokideek kanpaina berezia egin dute, besteak beste Amuge Euskadiko emakume ijitoen elkartearekin batera, eta, martxoan Uriolan argitaratu zenez, Amuge elkarteak seme-alabak D ereduan matrikulatzeko deia egin die Otxarkoagako auzokideei. Elkarteko lehendakaria den Tamara Claveriaren esanetan: «Denok daukagu bizi garen lekuko hizkuntza ezagutzeko eskubidea», eta «Hizkuntza jakiteak euskal gizartearen parte sentiarazten zaitu». Euskara ikasteko aukerak ukatzea beste zapalkuntza bat gehiago da: «Gure hizkuntza, erromania, izateko eskubidea lapurtu digute. Duela ia 600 urte izan ziren ijitoen aurkako politikekin kendu ziguten. Hainbat urteko zapalkuntza izan da. Hau beste zapalkuntza mota bat da».

Nafarroan, Kontseiluak, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Sortzen-ek euskara betidanik «integrazioaren eredu» izan dela azaltzeko martxoan abiarazitako kanpainan,  Gaz Kaló Nafarroako ijito elkarteen federazioak parte hartu du seme-alabak D ereduaren alde matrikulatzearen alde. «Guk euskaraz, zuk zergatik ez?» izeneko bideoa zabaldu duten Youtuben, eta bideo horretan, Jesús Jiménez Arrotxapeako ijitoak azaltzen du seme-alabak ezin izan zituela euskaraz ikastera eraman, baina bilobak D ereduan matrikulatuko direla. Azaltzen du ijito gisa garrantzitsua iruditzen zaiola euskara berreskuratzea haien hizkuntza eta Nafarroakoa ere badelako, eta eskubidea dela. Bideoari amaiera emateko, aldarrikatzen du: «Ijitoak ere euskararen alde!».

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Emakundek joan den azaroan antolatutako Euskara eta feminismoa bidelagun jardunaldietako hirugarren saioan (Hizkuntza, generoa eta beste menderakuntza batzuk) Gipuzkoako Emakume Ijitoen elkarteko kide den Palmira Dual Jiménezek azaldu zuenez, euskarari esker «hemengo izatearen» sentimendua dauka; nahiz eta, maiz, payook kontrakoa sentiarazten diogun, gutariko asko bezala hemen jaioa eta euskara eskolan ikasia izanik ere; alegia, ijitoari, euskalduna izanda ere, ez diogula aitortzen «hemengo-hemengoa» izatea. Hala ere, Palmirak euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen du, zeren, gainera, «euskaraz ez badakizu, zailagoa da lana aurkitzea», eta ijitoen komunitatea, bistakoa denez, oso egoera prekarizatuan dago.

Ijitoen komunitateko hainbat ahotsek eskolan euskara ikasteko eskubidea aldarrikatzen dute, Nafarroako hainbat eskolatan edo Ipar Euskal Herriko eskola elebidunetan aldarrikatzen ari diren era berean. Lehentasuna izan behar da euskara ikasi nahi baina eragozpenak dituztenak kontuan hartu eta bidean laguntzea. Nahi duenarena da euskara, denona, eta ezin diegu aldarrikapen batzuei ez ikusi egin edo garrantzi gutxiago eman, «hemengotzat» jotzen ez ditugun kolektiboetatik datozelako. «Euskaldun» kategorian denok kabitzen gara, jatorria, azalaren kolorea edo norberaren erlijioa edozein delarik ere; horrexetarako sortua dago hitza. Halere, iruditzen zait beren buruak «euskaldun petotzat» dituzten asko baino euskaltzaleagoak ere badirela tartean.

Apirilaren 8an, ijito herriaren nazioarteko eguna da. Hona nire omenalditxoa ijito euskaltzale eta nahi dutena izateko borrokatzen dutenei. Honela adierazi zuen Sonakay taldeko abeslaria den Yoni Camachok: «Flamenkoa euskaraz egiten duen ijito euskalduna naiz, eta zer…?» Jakina ba…! Izan nahi duzuna, baina izan euskalduna!

 

Izan nahi duzuna, baina izan euskalduna!

Mugakoa bezain tartekoa (Euskal Herrian Euskaraz)