Ustezko

Ustezko –

Ustezko

“Esango bazenu ustezko kobidak hildako gehientsuenak jada ondo izorratuak zeudela, jendeak lepora egingo lizuke salto, baina edozein sasiargudio da ona kausa bakunistarengatik”. Esaldia ez da nirea; Twitterren irakurri dut eta bai, lagunok, 2021eko apirilean oraindik bada, antza lotsa handirik sentitu gabe, birusari ustezko izenlaguna gehitzen dionik.

Egilea nor den? Bada, ez da ez Trump ez Bolsonaro; izan ere, ez dut euskaratu behar izan, jatorrizko bertsioa euskaraz heldu zelako. Baina berdin da nork idatzia den; ez nuen hona ekarriko, pentsatuko ez banu aski jarrera hedatua dela gure artean ere. Iñaki Segurolak berak errana du ez duela “birusa ikusi”, eta errana du non eta txertoekiko jarrera kritikoak –erran nahi baita, txertoen kontrako jarrerak– hauspotzen dituen euskarazko agerkari digital batean.

Nolanahi ere, zailagoa egiten zait txioaren bigarren zatia ulertzea. Hildako gehienak “jada ondo izorratuak zeuden”. Alegia, bertzelako eritasunak bazituztela. Ez dakit horrekin erran nahi ote duen hiltzea merezi zutela, bizimodu ez osasuntsu eraman izanaren ondorioz; edo, jartzekotan, maskara haiei jantzarazi beharko litzaiekeela, bizimodu naturista osasuntsu eredugarria daramatenak salbuetsita, hauek ingurukoak kutsatzeko arriskurik ez balute bezala.

Galdeginez gero, Euskal Herrian horrelako ikuspuntuak defendatzen dituztenak ezkertiarrak direla erranen dizute. Bide alternatiboak bilatzen dituztela. Eta horretan ni ados nago. Alternatiboak dira, AEBko alt right alternatiboa den neurri eta zentzu berberean hain zuzen ere.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko apirilaren 12koa]

Ustezko

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

3 pentsamendu “Ustezko”-ri buruz

  • Graziana Goienetxe 2021-04-15 14:40

    Tristea da ikustea nola zabaldu den negazionismoa (Segurolak “dudazionismoa” dio baino gauza bera da) gurean.
    Pandemia berez nahiko txarra ez eta Euskal Herrian ergelkeria-epidemia gehitu behar izan zaio.

  • Seguru naiz Santi Leonek eta Grazianak luparekin aztertu dutela, hitzez hitz, jaso(ko) duten txertoaren fitxa teknikoa eta jakin badakizkitela bere osagai eta ezaugarriak, pasa dituen testak, eta eskaintzen dituen bermeak.
    Ez nuke pentsatu nahi horren intelektu gorenek mila bider engainatu gaituzten “autoritate” horienganako fede itsuz jokatu dutela, eta horiek inposaturiko neurriak zalantza izpirik gabe onartu dituztela. Ez nuke hori pentsatu nahi, ergelkeria bat litzatekeelako bere horretan, eta zuzeuko iruzkingile ilustratu hauek ezin dira ergelak izan inondik ere

  • Bai, izugarri mesfidati “autoritate” zientifiko-mediko horrekin, baina gero edozein entziklopedia-saltzailek sartzen die barruraino nahi duena: kloro dioxidoa, homeopatia, bach loreak, kromoterapia, txakren alienazioa, feng shuia, bioneuroemozioa, konstelazio familiarrak, biodantza, tarot kuantikoa….