Hizkuntza(k)

Hizkuntza(k) –

Mikel Iturriak, Harrikadak blogean.

Etxetik ia hiru kilometrora badago baratze eder bat. 60 bat urteko gizaseme bat aritzen da izerdia botatzen bertan. Astean bizpahiru aldiz pasatzen naiz eta sarri egoten da irratia piztuta, denek entzuteko moduan. Uzta garaia hurbiltzen denean behean itsatsitako kartela egoten da atarian. Hasiera batean uste nuen gaizki idatzita zegoela. Denboraren poderioz ohitu egin naiz eta beste zentzu (propio) bat topatu diot kartelari: graziaz beteriko eremua dela eta ez lapurtzeko grazia horiek. Amorragarria baita hainbat hilabetez landatu eta zaindutako fruituak beste batek lapurtzea.

Hizkuntza(k)

Rafael Chirbes zenak hitz hauek erabili zituen behin Javier Ortiz zena definitzeko: «Javierrek bazekien ez zegoela iraultzarik hitzen ordenarik gabe». Ondoren gehitu zuen: «Nire ustez sintaxirik gabeko hizkuntza faxismora hurbiltzen da».

Gero eta okerrago idazten eta hitz egiten dugu. Berdin du arre edo so askotan.

El Señor Tomás umoregile nafarraren txiste hura gogoan (gaztelaniaz du grazia).

– Non egon zara oporretan?

– Temeon.

– Temeon? Torinon izango da, ezta?

– Zer axola du Torinok edo Temeok!

.

Futbola

Iñigo Martinez Athletic-era joan zen eta euskaraz (Ondarroako hizkera) zein gaztelaniaz esan zuen agur. Zalaparta piztu zen, baina hor, batez ere, beste kontu bat zegoen: hainbat realzaleri ez zitzaigula agur esateko unea aproposa iruditu, gehienei Athletic-era joan izana ere ez. Zuzeuk batuaz jarri zuen gutuna.

Mikel Alonsok denboraldia bukatu aurretik utzi zuen Real Union eta gaztelaniaz despeditu zen. Zuzeuk itzuli zuen gutuna.

Orain Alvaro Odriozolak utzi du Donostia eta Real Madrid-era alde egin du. Euskara gutxi du mutil honek, baina iritsi da garaia horrelako figurek ulertzeko bera prestatu duen kluba errotuta dagoen herrialdean bi hizkuntza daudela eta biak erabili behar direla jendea agurtzeko.

Eremu askotako instituzio eta enpresei buruz hitz egin nezake, baina gaur futbolaz hitz egin nahi dut, nire taldeaz batez ere: Realari buruz. Amorragarria iruditzen zait euskarazko komunikazioetan klubak duen zabarkeria. Oso hizkuntza pobrea eta gaztelaniazkoaren itzulpen traketsa.

Kapitain berria, Illarra maitea, sareetan aritzen da euskaraz eta gaztelaniaz: ez ditu Euskaltzaindiaren arauak jarraitzen, baina bai egiten diola kasu RAEri. Zergatik? Zoaz jartzera gaztelaniaz “Ya hemos acabau el entreno” eta ea zer gertatzen den.

.

Maestro

Illarramendik Magisteritza ikasketak amaituak ditu.

Uruguaiko Oscar Tabarez hautatzaileari «Maestro» esaten diote, gizon jakintsua ei delako baina baita lehen mailako hezkuntzako maisu izan zelako garai batean.

Nik neuk bertxiotu nuen txio bat zioena Tabarezek hezkuntza publikoaren aldeko aldarria egin zuela mundu txapelketan.

Baina gutuna ez omen da Tabarezena. Tania alabak Twitter-en gezurtatu zuen, aitaren gutunen bat asmatuz gero, hurrengo batean akats ortografikorik ez egiteko gehituz.

Bada aldea!

Hizkuntza(k) Hizkuntza(k) Hizkuntza(k)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.