Euskaldunontzat lege ona, behingoz

Euskaldunontzat lege ona, behingoz –

Heldu da Nafarroara euskaldunek merezi eta behar duten lege babesaren alde egiteko unea. Udazkenean, Euskararen Lege berri bat idatzi beharko du Parlamentuak. Horregatik, 1986ko Vascuencearen Lege gaiztoa bertan behera utzi eta euskaldunontzat ona izango den lege bat egiteko aukera hau bultzatzeko, mobilizazio berezia egingo du Kontseiluak, urriaren 27an, Iruñean.

Iruñeko hiru tokitatik abiatuko diren hiru zutabe izango ditu, islatzeko hizkuntza eskualdekatzeak herritarrei eragiten dien bidegabekeria. Azken metroak batuta egingo ditu, irudikatzeko etorkizun bidezko eta egoki bakarra dela euskara Nafarroa osoan ofizial egitea, behingoz.

Euskaldunontzat lege ona, behingozUrtetan pairatu dute nafar euskaldunek beren hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa, eta euskaraz bizitzeko proiektuetan buru-belarri aritzeaz gain, euskararen garapenaren aurkako politikei aurre egin beharrean izan dira, gehiegitan. Hizkuntza-eskubideak herritarren oinarrizko eskubideak dira, baina egungo Euskararen Legeak eskubideak bermatu baino mugatu egiten dizkie herritarrei, euskaraz bizitzeko eskubidea tokiaren arabera baizik ez baitie aitortzen.

Horregatik, egungo Euskararen Legea bertan behera utzi behar da, gizarte kohesioaren aurka egiten duelako, tentsioak eraginez eta pertsonei bizimodua zailduz. Gainera, irudi txarra zabaltzen du Nafarroaz, bazterkeria legez jasota duen komunitate bat aurkezten baitu. Horrez gain, ez da baliagarria, ez baitu euskararen garapena ahalbidetzen; ez da dinamikoa, ez da gizartearen euskalduntzearekin batera eguneratu. Horregatik ere behar da Euskararen Lege berri on bat.

Zailtasunak zailtasun, herritarren nahiak eta lanak ekarri dute euskara dagoen tokira, eta euskaraz bizitzeko ilusioa bizi-bizi dago. Hain zuzen, euskaraz bizitzeko herri gogo hori ere izan zen 2015ean gertatutako aldaketa politikoaren eragileetako bat. Aurten, euskararen garapenaren aldeko aukera leiho bat zabaldu da Parlamentuan, Euskararen Lege berria egiteko ponentziaren bidez. Hurrengo hilabeteotan, alderdiei egokituko zaie oinarri berri sendoak jartzea, lege berriak erantzun diezaien herritarren beharrei, eta etorkizun hobe bat izan dezaten Nafarroako berezko hizkuntza den euskarak eta euskaldunek, aniztasunean eta eskubide berdintasunean, injustiziak zuzenduz, herritarren ongizatea zainduz eta gizarte kohesioa erraztuz.

Bultza dezagun, bada, aukera hau, Euskararen Lege berri bat onduz egiazki eta efektiboki berma daitezen euskaldunon hizkuntza-eskubideak, behingoz.

Euskaldunontzat lege ona, behingoz
aldaketa, euskara, euskararen legea, Legea, nafarroa
Zigor Etxeburua

Kontseiluko kidea

3 pentsamendu “Euskaldunontzat lege ona, behingoz”-ri buruz

  • JJ Agirre

    Ados. Bultza dezagun. Eta ondoren edukiz betetzen dela zain dezagun. Legea ez baita nahikoa borondaterik ezean. Ikus eremu ustez euskalduneko egoera. Ikus EAE…

  • Legea aldatu gabe ere bagenuen non jo, zer bultzatu, zeri eragin. Zer egin dugu?

  • Ezer gutxi. Agintari abertzale gehienak euskaltzale platonikoak baina erdarazale amorratuak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude