Hizkuntza-autobideak. EROSIKASI, erosi eta ikasi
Hizkuntza-autobideak. EROSIKASI, erosi eta ikasi –
Euskara irakasle naiz, afizioz eta ofizioz. Aurretik ingelesekoa izandakoa ere. Ingelesa ikasi eta irakasteari esker, hizkuntza irakasteko ikuspegia zabaldu nuen. Hizkuntza atzerritarra izanik, gainera, berau maila gorenera ikasteak sortzen dituen zailtasun eta buruhausteak ulertarazten dizu.
Baina euskara irakastea, ingelesa irakastea baino garrantzitsuagoa da edozein euskaldun eta euskaltzalerentzat. Zure identidadearen baliabiderik esanguratsuena transmititzeko erantzukizuna bereganatzen duzu.
Euskara ez da soilik irakatsi behar, baita erakutsi ere. Erakutsi, komunitate linguistiko bat garela. Erakutsi, bere herrian, bere hizkuntzari eutsi nahi dion herritarrak badaudela. Gune erdaldunetan, non herritar gutxi diren kontziente errealitate linguistiko hau existitzen dela, berebiziko garrantzia du.
Euskara irakastea erantzukizun handia da. Gramatika, hiztegia eta milaka arau irakatsi behar. Baina ez soilik irakatsi, baita ulertarazi, gogorarazi eta barnerarazi ere.
I(ra)kasketa prozesua eraginkorra izateko, ikasleak ikasitakoa erabilera praktikoa duela ikus dezala ezinbesteko da. Ikasle askok ikasitakoa klaseko lau paretetatik nekez ateratzen dute.
Ikasle askok ez dute ikasitakoa praktikan jartzeko aukera handirik (familia, lagunak, lankideak…). Edo izanda ere, lotsatu edo beldurtu egiten dira.
Horregatik, irakaslearen papera ezinbestekoa da, ikasleek dinamika eta inertzia horrekin apur dezaten.
Gaur egun, jende askok bizitzan zehar hainbat hizkuntza ikasteko saiakeran ibiltzen da. Atzerriko hizkuntza bat benetan ikasten ari badira, atzerrira joan behar/nahi izaten dute praktikara eramateko (turismo linguistikoa deritzona). Ezagun da ingelesa ikasten duten gazte pilo Erresuma Batu, Irlanda, AEB, Malta… edo beste hainbat herrialde angloparlantera jotzen duela oporretan. Hizkuntza-akademia batzuetan egun batzuetako irteerak antolatzen dira, ikasten dabiltzan ikasleek hizkuntza berriekin esperientzia izan dezaten. Zer gertatzen da, ordea, euskararekin? Ez al lituzkete aukera horiek aprobetxatu beharko Euskal Herrian bertan bizi badira? Errealitatea da, planteamendu oso ezberdina dutela ikasleek. Oso ikasle gutxi planteatzen dute oporretan edo asteburu xume bakarra, adibidez, Gipuzkoa aldera jotzea aisia eta praktika uztartzeko (euskararen turismo linguistikoa hutsaren hurrena da).
Gure herriak 2 Hizkuntza-Autobidek zeharkatzen dute (euskara eta erdara bat). Guk, aukeran, biak ditugu askotan. Egia da autobideetako batek batzuetan zuloak dituela, seinalizazio kaxkarra, batzuetan ez da toki guztietara heltzen. Autobide horretan, auto batzuk hain azkar ibiltzen dira, ze etorri berriak beldurtu egiten diren. Deserosotasun horiek tarteko, beste autobide erosorago salto egiten dugu, euskaltzale zein ez-euskaltzale. Erdararen autobidea autoz josita dago (hizkuntza-autobide inoiz ez dira saturatzen, nahi adina errail sor daitezkeelako “autobide” bereziak dira eta).
Ondorioz, euskararen autobidea, zoritxarrez, eraman ahal dituen baino auto gutxirekin izaten da maiz.
Nola lortu kalera ikasleek beste autobidera salto ematea?
Hainbat teknika daude eta, gaurkoan, EROSIKASI azalduko dut.
Izenak dioen bezala, Erosi eta Ikastean datza. Alegia, ikasleak bezero edo erabitzaile izanda, hizkuntza ohiturak aldatzea.
Aldaketa egitea ez da edonola lortzen. Protokolo eta pauta batzuk jarraitu behar dira, modu eraginkorrean lortzeko.
- Ikaslearen maila kontuan hartu: A2, B1, B2, C1. Horren arabera, erabiliko den GIDOIA prestatu behar da.
Ikasleari zer nahi duen, zeri buruz galdetuko duen aztertu behar da (ze produktu erosi nahi duen, prezioak, ezaugarriak…). Ez badaki, edo argi ez badu, nik neuk, niretzat eros dezaten eskatu diet.
B1 mailan batez ere, gidoia aldez aurretik idatzi behar da. Irakaslea ondoan egotea ezinbestekoa da. Gidoitik ateratzea arriskutsua izan daiteke, ikaslea galdu daiteke eta.
A1 mailetan, 3 hilabete bakarrik ikasi ondoren (60 ordu), horrelako elkarrizketa sinpleak egin daitezke:
-OKINDEGIA- Ikaslea (Bezero): Kaixo, XXXX naiz eta euskara ikasten dut. Hitz egin astiro mesedez. Hau nire irakaslea da. IRRIBARRE. Dendaria: Bai, ondo. Ikaslea (Bezero): Nire irakasleak ogia erosi nahi du. Barra txikia nahi du. Zenbat balio du? Dendaria: ZZ€ balio du. Ikaslea (Bezero): Diruarekin ordainduko du. Tori. Oso atsegina zara. Mila esker.
Maila altuagoetan (B2, C1), gidoia ez da ezinbesteko, baina aldez aurretik praktikatzea, bai, ezinbestekoa da.
- Denda edo erakundea kontuan hartu. EROSIKASI ariketa behin egin daiteke, baina ideala zera da, ikasleak hurrengoetan bere kabuz erosketa prozesua bere kabuz egitea.
Lokal edo negozio erabilgarrienak, astean gutxienez behin bisitatu daitezkeenak dira: okindegi, frutadenda, estanko, supermerkatu, kafetegi…
Ikaslearen nahiak eta beharrak aztertu behar dira, esperientzia ahalik eta erabilgarriena izan dadin. Gakoa; bera inplikatu dadin.
- Dendari edo arreta egingo duena aldez aurretik ezagutu, jakinarazi eta adostu “ariketa”. Bere euskara maila eta konpromezua gutxienekoa izan behar da. Azkarregi ezin du hitz egin (batez ere B2 arteko ikasleekin). Ariketaren onurak adierazi behar zaizkio. Azken finean, salmenta burutuko du, balio gehigarria eskainiko du eta bezeroa fidelizatzeko aukera izan dezake. Bezeroa izanda, behar bezalako arreta eman behar dio. Dendari edo saltzailearen azalean sarturik: bezero bat eramaten diogu eta berak bezeroari behar bezalako arreta eman behar dio.
Eremu soziolinguistikoa kontuan hartu behar da. Gune erdaldunetan, oso zaila izan daiteke dendari edo langile egokiak topatzea. Baina kontuan hartu behar dugu gazteen artean, arreta euskaraz eman dezaketen pertsona kopuruak urtez urte gora egiten duela.
Dendari euskaldunak topatzeko badugu BADUZU, Bai Euskarari ziurtagiria… baina zoritxarrez, denda txiki asko ez daude bertan. Edo, nahiz eta enpresak ziurtagiririk ez izan, euskaraz arreta emateko langileak badituen saltoki pilo daude. Horiek topatzeko herri edo auzoan ikerketa egin behar da aldez aurretik. Dendari egokia topatzean, egun eta ordua zehaztu behar dugu (saltzailearentzako ordu egokiena topatu behar dugu).
- Erosketa burutzeaz gain, elkarrizketa zabaldu behar dugu, ikasleak galdera batzuk prestatu behar dituelarik (B2-C1 mailatan egokiago): dendari buruz (noiztik dagoen, produktu arrakastatsuena, ….), dendariari buruz, negozio motari buruz…
Jakina, agian galdera hauek mailaren arabera eta erosketa bat baino gehiagotan egin behar da. Konfiantza eta segurtasuna handitu behar da, ikasle-bezero eta saltzailearen artean.
Esandako guztia praktikara eraman dut urteetan zehar. Askotan nik neuk ordaindu ditut ikasleen erosketak. Edonola, ikasleentzat, esperientzia oso baliagarria da. Museo batera bisita gidatua egitea edo txangoa antolatzea ere erabilgarria da ere, baina kasu gehienetan, jarraipenik gabeko esperientzia puntualak izaten dira eta taldera zuzenduak, pertsonalizatuak izan ordez.
Ikasle bakar batek bere hizkuntza ohitura aldatzea erronka bada ere, ziurta dezaket posible dela lortzea (neurri batean). Hori bai, irakaslearen aldetik dedikazioa, pazientzia eta denbora eskatzen du.
Ikasle baten jarrera abiapuntu erabakigarria da, baina oro har, pedagogia eta enpatiaz, euskararekiko jarrera hobetzen da inolako zalantza gabe.
Irakasleek ez ohi dute dedikazio hau. Ikasketa programetan ez da planteatzen ikasleen jarraipen zehatz eta zorrotz hau. Baina gure hizkuntzarekin konpromesua badugu, benetan aldaketa lortu nahi badugu, lan gehigarri egitera kondenatuak gaude. Ezta?
- Euskal Herri osoan, urtean, 40.000 pertsona (>18 urte) inguruk ikasten du euskara. DBH (16-18 urte): 30.000 inguru.
- Euskara-irakasle batek 50-100 ikasleren ardura izan dezake urtean.
Euskararen presentzia denda batean jartzen badugu, presentzia handituko dugu beste bezeroen aurrean, negozio beraren muinoan jarriko dugu {honen inguruko artikulu interesgarria, hemen}
Eta argi eduki ezazu, prozesu hau ez dagokio soilik irakasleei, euskaltzale orori baizik. Zuri.
Aurrera pausua lor dezakezu, ikasketa prozesuan dagoen edo jadanik gaitasuna duen guztiengan. Seguru zure inguruan horrelako egoeran dagoen norbait ezagutuko duzula. Lagundu ezazu!
Ilusionatu ezazu pertsona hori. Zu zeu ilusiona zaitez. Egon harro gureaz, egon harro zure lanaz!