Gure iparrorratza

Gure iparrorratza –

Kontua serio jartzen ari da: halakoren batean, gu hitzak zer esan nahi duen definitu beharko dugu, alegia, zeri buruz ari garen gutaz ari garenean.

Gure iparrorratzaGaur, ezagun batek esan dit asteburuan sekulako beroa egingo duela: “Hemen, 30 gradu inguru, baina barrualdean 45 ere bai”. Gero egiaztatu dut kontua: “hemen”, noski, Bilbo zen. “Barrualdean”, berriz, ez zen Iruñea, Gasteiz, Maule edo Tutera, barrualdea Madrildik Kordobara bitarteko lur zati hori zen. Jakina: lur zati hori barrualdean dago, baldin eta zure mundutxoaren zilborrak Espainia badu izena. Eta zure zilborra hori bada, Europako hegoaldean dagoen Euskal Herriari deituko diozu “el norte”, Andaluziari “el sur” eta Baigorriri “Francia”. Zein bazar txinatarretan erosten dituzue iparrorratzak, lagun gutarrok? Ez izan zalantzarik: aldi berean lurrikara bana gertatuko balira Murtzian eta Bordelen (jar gaitezen tremendista: Murtzian 10 hildako eta Bordelen… 30), gutarren artean oihartzun handiagoa izango lukete urrunen dagoen hiriko hildakoek. Beharbada, jada ez dakigu urruntasuna eta hurbiltasuna kilometrotan neurtzen, ezpada partekatzen ditugun erreferentzien arabera. Horra hor gutasunaren iparrorratz berria.

Higadura lana apurka egiten da, eta beti nahita: Bilboko museo batek dioenean erakusketa hau lehen aldiz ikusiko dela gure herrialdean, esaten ari zaizu honezkero jakin beharko zenukeela zein den nire eta zure eta gure herrialdea. Omisioz ere egin daiteke erosioa, Teleberrik albistea nongoa den esaten ez duenean, adibidez: “Aurten, indarkeria matxistak 70 emakume hil ditu”. Estralurtar batek ez luke jakingo EAEz, Hegoaldeaz, Euskal Herriaz, Espainiako estatuaz, Frantziaz, Europaz, munduaz edo zertaz ari garen. Baina guk bai, automatikoki dakigu, pentsatu beharrik gabe, zertaz ari diren gutaz ari direnean: asteburuan, 45 gradu izan ditugu barrualdean, eta 25 lagun hil dira errepideetan, gehienak Madril eta Kordoba arteko tartean. Zilborrak saltzen diren toki berean saltzen baitira iparrorratzak, antza.

Gure iparrorratza Gure iparrorratza Gure iparrorratza Gure iparrorratza

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.