Hezkuntza akordioa hobetu behar da

Hezkuntza akordioa hobetu behar da – 

  • Txostenak elementu interesgarriak eta berritzaileak jasotzen ditu, baina badira kezkagarriak direnak ere.
  • Ereduen sistema segregatzailetik, eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko unea dela aldarrikatu du Kontseiluak.
  • Abenduan hezkuntza komunitate zabalak ikasteredu orokortuaren alde eginiko aldarria hitzarmenean berariaz jasotzeko eskatu die alderdiei.

EAEko Hezkuntza Lege berrirako oinarriak jasoko dituen lehen zirriborroa aurkeztu dute gaur Legebiltzarrean. Hezkuntza lantaldeko presidenteak prestatu du txostena, alorreko ehun bat aditurekin eta eragilerekin elkarrizketak egin eta horien ekarpenak jaso ondoren. Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 21ean aurkeztu zuen Legebiltzarrean bere ekarpena, bai eta hezkuntza-komunitate eragile nagusienekin hizkuntzaren esparruan adostutako eskaera ere.

Euskara ardatz duen sistema eleaniztuna hobeki zehaztu

Legebiltzarreko lan-taldeak aurkeztu duen txostenean euskara ardatz duen sistema eleaniztunaren alde egiten du. Lehen balorazioan, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu du kontzeptu horrek kezka handiak sortzen dizkiela. «Kontua da akordioan bertan jasotzen dela, egun, euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztuna dela. Ondorioz, ez zaigu argi geratu ea proposatzen den sistemak zer-nolako aldea duen egun indarrean dagoen sistematik. Hau da, ea egun indarrean dagoen ikastereduen sistema baztertzailea gaindituko duen ala ez» azaldu du Bilbaok. Izan ere, ez du zehazten zein ondorio zehatz duen euskara sistema eleaniztunaren ardatza izateak, eta Kontseiluaren arabera, hor dago akordioaren edukiaren muina.

Arrazoi horrengatik, Kontseiluko eledunak akordioarekin lege artikulatua jorratu ahal izateko, beharrezkotzat deritzo hezkuntza-sistemak eredu orokortu eta bakarra izango duela berariaz jasotzeari: «Ez du zentzurik egun indarrean dagoen sistema etorkizunekoaren berdina izateak. Horrexegatik, uste dugu hitzarmenean berariaz jaso behar dela hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko dela» azaldu du.

Bilbaok gogoratu du proposamen hori adostasun zabalaren emaitza dela. «Esan genuen eta halaxe berresten dugu, hitzarmenak jasotzen dituen elementu nagusienei dagokienez, ez dela egongo horrenbesteko adostasunik izango duen punturik. Horrexegatik, hizkuntza#ereduen korapiloa askatzeko lortu genuen askotariko eragile garrantzitsuenek bat egitea» azaldu du. Eta, beraz, hitzarmenean eskaera hori berariaz agertu beharra aldarrikatu du.

Elementu interesgarriak

Bilbaoren arabera, Legebiltzarreko taldeak aurkeztutako proposamenak baditu kontuan hartu beharreko hainbat elementu. «Egia da, bai, euskararen ikaskuntza-prozesuari buruzko gako asko jasotzen dituela dokumentuak: helburuak, erronkak, erronkek behar dituzten gakoak, hizkuntzen trataera… Are gehiago, interesgarria da Euskararen Ikaskuntzarako Institutuaren sorrera ere» adierazi du Kontseiluko eledunak.

Hori horrela izanik ere, horiek guztiek atzean ikasteredu orokortuaren planteamendua beharrezko dutela erantsi du Bilbaok. «Hezkuntza-sistema ziklo berri batean sartuko bada, nahitaezkoa da hizkuntzaren esparruan ere anbizioz jokatzea, jauzia egitea» esan du.

Adostasun soziala berariaz jasotzeko eskaera

Horregatik guztiagatik, Kontseiluko eledunak dei egin die alderdiei akordioa hobetu dezaten, eta etorkizuneko belaunaldiak euskaldun eleaniztunak ekarriko dituen ikasteredu orokortua oinarri izatea: «Beste gai edo esparruetan bezala, kasu honetan ere berdintasuna bermatzeko oinarrizko bidea izan behar du gutxien duenari gehiago ematea. Horregatik diogu, oinarrizko euskara-gaitasuna belaunaldi berri guztiei bermatuko dien eredu berri orokortua ezartzea dela aukerarik justuena eta berdinzaleena, eta lehen akordio honek hori jaso beharko luke. Egun dagoen ereduen sistema gainditu behar dugu etorkizunean» adierazi du.

Bilbaok gogoratu du abenduaren 16an Gasteizen, hezkuntza komunitateko eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta euskalgintzak aurkeztu zutela aldarri hori. Proposamenarekin bat egin zuten Ikastolen Elkarteak, EHIGE guraso elkarteen federazioak, Kristau Eskolak, HEIZE zuzendarien federazioak, Hik Hasik, eta ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek. Abenduaren 21ean, Paul Bilbao Legebiltzarreko batzordera aditu gisa gonbidatua izan zen eta bertan proposamena defendatu zuen.

«Ezin diote muzin egin hezkuntza-komunitatearen gehiengoak egindako eskaerari. Ezin diote muzin egin horrelako adostasun zabalari. Ezin diote muzin egin hizkuntzaren korapiloa askatzeko askotariko eragileek mahai gainean jarri duten aukerari. Zinez uste dugu, argi dugu orain dela aurrera egin eta ereduen sistema segregatzailetik, eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko unea, eta horixe eskatu nahi diegu alderdiei. Orain da unea. Bestela, aukera galdu bat izango litzateke» gaineratu du Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Hezkuntza akordioa hobetu behar da

Hezkuntza akordioa hobetu behar da

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

2 pentsamendu “Hezkuntza akordioa hobetu behar da”-ri buruz

  • josu naberan 2022-02-11 00:15

    Ongi eta aderki zuen lana eta ekina,

    baina hemen gako bat zegok txit garrantzitsua (arabakiorra), eta Hezkuntza Zuzendaritzaren Borondate Onaren “kotoi froga” izanen dena:

    honko hau: Hezkuntza Programa zehazterakoan, euskera EZ PLANTEATZEA ASIGNATURA SOIL GISA, baizik eta euskeraren (euskaldunen) HISTORIAREKIN HORNITUA (aldi eta alde historikoak…),

    hala nola EUSKAL PENTSAERARI buruzko edukiarekin hornitua (euskal hizkeraren atzean dagoen pentsaera antropologiko sakona eta historian zehar gertatu diren gorabeherak eta zertzeladak…),

    eta EGUNGO ERREALITATEA (elebitasun-egoerari buruzko balorazioak, elebitasun diglosikoaren errealitatea eta ondorioak…): EDUKI HORIEKIN GUZTIOKIN JANTZITA dagoen euskera programa eta plagintza bat.

    Hori guztia DIDAKTIKOKI eta abar eta abar aurkeztuta, ikasle bakoitzaren adin eta graduaren arabera eta bla bla… baina BENETAN PROGRAMATUA ETA AURKEZTUA izango dena, ezen ez “asignatura huts” eta husal gisara (barriro ere)

    Inork uste al du gaur egungo, hemengo eta ikasturte honetarako Hezkuntza Zuzendaritzak horretarako gogoa eta borontatea izango duenik? Gaitezen zintzoak, ezen ez iñozoak eta burua hegopean eskutatzen duen ostrukak.

    Tira.

  • josu naberan 2022-02-12 17:38

    Hi, Paul

    Ez niagok ohituta gauzak bertanbehera uztera edo ez-erantzuna izatera.

    Eta jada hirugarrena duk zuen aldetik erantzunik eman gabea:

    1- Esan nizuen guk Plangintza zehatz bat genuela (2.022-KULTURGINTZA) eta zuen laguntza beharko genukeela abian jartzeko.

    2- Zuen AGENTE EUSKALTZALEEN BATASUNA gauzatze aldeko lanari premiazkoa neritzola, baina horrekin batera, sakon-sakoneko auzi garrantzitsu bati ere erantzun beharko zitzaiola: hots, euskaldungoaren kultur kolonizazioaren auziari.

    3-HEZKUNTZA PLANGINTZA HOBETZEAREN auziari buruz, ongi zegoela Hezkuntza Saiari eskariak aurkeztea, baina realistak bagara, hori ez dela ASKI, zeren nekez sinets baitezake (iñozoa ez den ezeinek) Hezkuntza Sailaren eta gaur egungo Sailburuaren aldetik horretarako borontatea eta gogoa dagoela.

    Eta, beraz, beste mekanismo batzuek planteatu beharra daukagula. Egin daitezkeen gauza konkretuen artean, barriro ere) 2022-KULTURGITZA proiektu zehatza geneukala eskura, behe-behetik abiatuko litzatekeen mugida, Goietakoen esperoan egon gabe.

    Espero diat zuen aldetik erantzunen bat, edo gutxienez jaso duzuela jakitea behintzat. Euskaldun guztion onerako.

    Segi jator.