Gaurko epaiketa denboran epaitegi aitzinean egin dugun hitz hartzea

epaitegi aitzinean egin dugun hitz hartzea –

Gorka Roca Torre 500€ko isuna ordaintzera eta hilabete bateko atzerapenarekilako presondegiratzera kondenatu dute.

Hemen doa gaurko epaiketa denboran epaitegi aitzinean egin dugun hitz hartzea:

epaitegi aitzinean egin dugun hitz hartzea
Arg: Ekhi Erremundegi Beloki (BERRIA)

Auziperatzen gaituzte euskararen zapalkuntza salatzen dugulako, baina auzitegiak berak euskara zapaltzen du. Auzi honetan euskaraz deklaratzea ukatu digute; ondorioz frantsesez deklaratzea ukatu dugu, gure abokatuari gure defentsa frantsesez ez egitea eskatu diogu eta epaiketa hasi aitzin epaitegitik atera gira.

Epaitegi honek ez du justizia bermatzen, injustizia bermatzen du, eta injustiziaren aitzinean intsumisiorako deia zabaldu nahi dugu.

Euskal Herrian, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua izaitea ez dugu onartu behar. Euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua den toki guzietan, jarrera intsumitua ukan behar dugu, eta euskara lehentasunez erabiltzearen alde borrokatu behar gira.

Duela 44 urte, martxoaren 26 batez, Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz Iparretarrak erakundeko militanteak Baionan hil ziren. Duela 39 urte xuxen, GALek Ziburun Ramon Basañez Jauregi eta Jose Luis Calderon euskal errefuxiatu politikoak tiroz zauritu zituen. Besteak beste euskararen alde borrokatzen ziren militante hauek omendu nahi ditugu gaur, eta haien heriotzen edo zauritzeen arduradun nagusiak, espainiar eta frantziar Estatuko orduko agintariak direla gogoratu nahi dugu.

Martxoaren 26 batez ere, beste gertakari garrantzitsu bat izan zen. 1871an, Pariseko Komunaren gobernua hauteskundeen bidez hautatu zuten. Langile gobernu hau, egiazko demokrazia baterantz urrats historikoa izan zen. Horregatik, egiazko demokraziaren aurkako botereek ez zuten onartu eta 20 000 iraultzaile baino gehiago masakratu zituzten. Ondotik indarrean ezarri zituzten epaitegi antidemokratikoek, milaka iraultzaile deportaziora edo presondegira kondenatu zituzten, tartean 25 euskaldun, IEHko 24 eta HEH 1, Martin Arbezu. Iraultzaile guzi horiek ere omendu nahi ditugu gaur.

Eta gaurko epaitegi hauek, garai hartakoen ondokoak dira, antidemokratikoak. Demokratikoak balira, epaitegi herritarrak liratezke eta Euskal Herrian epaiketak euskaraz egingo liratezke.

Baina Euskal Herrian, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da, eta ondorioz, zortzi herritarretatik bakarrik batek euskaraz hitz egiten du. Dagoen egoeran euskara desagertzeko bidean da, hizkuntza batek, bizitzeko, lurralde bat nun herritarrak lehentasunez hizkuntza horretan mintzatzen diren behar baidu.

Ipar Euskal Herriko ospitaleen kanpoko hormetan egindako tindaketen bidez, seinaletiketan lehentasuna euskarari eman genion, ospitaleetan, beste toki gehienetan bezala, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua delako. Ospitaleetan euskarak presentzia badu, baina presentzia txikia, oso txikia. Holako presentzia txikiarekin euskara hiltzen ari da. Euskarari dagokionez, frantziar estatuko agintariek Euskal Herrian bake soziala merke erosi dute; euskararentzat purruskak emaiten dizkigute eta horrekin lokartzen gira.

Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu, hau da, gure eguneroko aktibitate guziak euskaraz egiteko posibilitatea ukan nahi dugu. Horretarako, Euskal Herriko herritar eta eragile guziei, lehentasunez euskaraz aritzea eskatzen diegu, erran nahi baita lehenik eta gehienik euskaraz aritzea.

Euskal Herrian lehentasunez euskaraz !

Gora Euskal Herri euskalduna!

Gora Euskal Herria askatuta!

Herribiltza

2024.03.26

epaitegi aitzinean egin dugun hitz hartzea  epaitegi aitzinean egin dugun hitz hartzea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude