Ez Molestatu Bwana Erdalduna

Ez Molestatu Bwana Erdalduna – 

Izen hori daukan Facebookeko taldearen izena ekarri dut goiburu, horixe baita gure gainean (gure artean bainoago) bizi diren erdaldun aloktono nahiz autoktonoen lehen manamendua.

Ez Molestatu Bwana Erdalduna

Horixe bera euskaldun gehienek hezurretaraino barneratutako ohiko jarrera ere: menpekotasun gorria, makurtzen irakatsi bazieten gure aurrekoei espainiarrek eta frantsesek, bortxaz eta mespretxuz, eta sumisioaren transmisioa egiten laguntzaile bilakarazi zituzten sarri-sarri gure aurrekoak, eta gure sasoikide gehienak ere, oharkabean.

Gerta liteke, gertatzen da, agintari eta ordezkari abertzaleak eurak izatea erdaldunekiko menpekotasunren sustatzaile, baita baldintzarik onenetan ere.

Erakunde gehiegitan gertatu ohi da, aldi bereko itzulpena eskura izan arren, euskal hiztunek ere erdaraz jardutea, erdaldun nagusiekiko “hurbiltasunez” (menpekotasunez) euskaldunak baztertu eta lotsarazi arren. Eusko Jaurlaritzan adibidez.

Edo Jaurlaritzatik irten barik, sail batek beste sail batek helarazitako txostena atzera botatzea euskara hutsez dagoelako (erdara hutsez daudenak gozo-gozo hartu arren).

Gerta liteke, eta gertatu ohi da, familia euskaldunaren etxean senide autoktono “euskaltzale” erdaldunkonpletoaren bisita jasotzea; eta etxeko batzuk bata besteari erdaraz egiten hastea haren aurrean “errespetuz” (menpekotasunez), senide erdaldunkonpleto “euskaltzale eta progresistak” ez baitu jasaten bere aurrean euskaraz jardutea.

Gerta liteke, eta gertatzen ari da, elkarte abertzale bateko kide (elebidun) batzuek, erdara hutsez zabaltzea informazioa besteei, elkarte horretako arauek besterik esan arren: eta dagokionari kexa helaraztean, dagokion horrek (euskalduna izan arren) “poliki-poliki” erantzutea, inongo neurririk hartu gabe, malgutasunaren (menpekotasunaren) izenean.

Bwana erdalduna ez molestatzeko hizkuntza politika hedatu da EAJtik (psoE makulu) urteotan guztiotan, eta kutsatu egin da beste erakunde askotara ere.

Sedukzioa eta borondatea behar omen euskaltzaleon tresnak.

Erdaldunenak aldiz nagusikeria, bortxa, mespretxua, Estatu biren egitura guztien zama eta derrigortasuna dira, hara non!

Ez dago albaitaria izan beharrik, irizpide hauekin jarraituz gero emaitza zein izango den jakiteko. Barkatuko didate, edo ez, baina esan beharra dago: zapalduen eta baztertuen borondatean eta “sedukzio indarrean” oinarritutako politikak iruzur hutsa dira.

Ez Molestatu Bwana Erdalduna

Oinezkoa

14 pentsamendu “Ez Molestatu Bwana Erdalduna”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-09-15 16:15

    Ezin estuago bat egin esandako guztiarekin, ñabardura bat salbu. “Sedukzioa” diokanean “eme erako sedukzioa” esan behar huke, genero ikuspegia ekarriz, bi sedukzio mota bereiz baitaitezke: Indar, botere eta aberastasun erakustalditik sortzen den “har erako sedukzioa”, eta otzantasun, esanekotasun eta sumiozko adeitasun erakustaldiek zabaltzen duten “eme erakoa”. Euskararen inguruan “sedukzioa” aipatzen denean, inoiz ez da lehena adierazi nahi eta bai beti bigarrena.

  • Atzo beraien azken superioritate erakustaldia. Realaren partida hasi aurretik Agirretxe zelai erditik hitz batzuk esaten ari zen euskaraz eta telebistaz retrasmititzen ari zen kateko esatariek, lehen parrafoa pasata, beraien arteko kalaka hasi zuten, ikus-entzule euskaldunoi gainontzekoa entzutea galaraziz. Ez lukete berdina egingo espainolez edo ingelesez ari balitz. Bejondeiola Agirretxeri dena euskaraz egiteagatik (Bwana erdalduna molestatuz), euskaldun guztiok berdin jokatuko bagenu beste kuku batek joko liguke!

  • ArantzaGonzalezGalarraga 2018-09-16 10:13

    Ados diozunaren guztiarekin.Bizi guztia daramagu erdaldunak erakarri nahian, haien baimena eskatuz bezala gure hizkuntza irakasteko, hitzegiteko….

  • Ados. Baina kontuan eduki Bwana erdaldun batek beti dauka bere mesederako “osaba Tom” euskaldun bat (adibide argiena: “erdaraz hitzegin ez dakila euskaraz, ezizan edukazio txarrekoa ….”)

  • Emandako adibideetan, guztietan ageri dira “Tom osabak”.
    Tom osabarik ez balitz, bwanarik ere ez…
    Baina ez ditzagun biktimak eta borreroak nahastu, e?

  • Bittor Hidalgo 2018-09-17 17:14

    Euskaraz eta kitto!, ez? EAEn bederen, eta Nafarroa Garaiko ‘eremu euskaldunean’ behintzat. 50 urtez azpiko guztiek gutxienez ulertzen digute, eta besteek ulertu beharko ligukete hainbeste urteren ondoren.

    Badugu garaia gure indarra erakusteko. Sufritu dezala ez dakienak! Ez, dakigunok!

    Animo

    Bittor

  • Noski ezetz, baina egia da guk euskaldunok askotan, seguraski kolonizatuaren sindromearen menpean bizi garelako, erraztu egiten diogu bwanari bere esparru kolonizatzailea. Argi dago askotan txipa aldatzen egon behar garela eguneroko bizitzan. Beste iruzkinetan esandakoa berretsi egiten dut: nahi ta nahiezkoa da euskaldunak aktibatzea frente linguistiko eta kultural batean ” euskaraz bizi nahizetik” “euskaraz bizi nahiz ” esparrura lehen bait lehen pasatzeko. Bestela inoiz ez dugu sumisio/diktadura linguistikoa sahiestuko

  • Imajinatzen dut zuek gehienak euskara irakasleak zaretela.
    A ze pagotxa zuena! Funtzionarien mentalitatea daukazue.
    “Ez dago eskubiderik!” beti ahotan, eta gero…
    hilabetero nomina polita jasotzen!

  • Txirkun, hori dunk hori ekarpena!

  • euskaldun bat 2018-09-19 09:03

    Txirkun, PPkoek ere antzeratsu hitz egiten dute: euskararen txiringitoetatik bizi omen da jende asko. Baina lasai, ez naiz eta horregatik zurekin haserretuko, biktima bat zara eta. Nire lanbidea: baserritarra eta hil amaieran diru kopuru ziurrik ez. Baina horrek ez dit goiko horiek pentsatzen duten bezala pentsatzea galarazten. Txirkun gizajoa, dirua asko maite, eh?! Ulertzen zaitut, Txirkun.

  • Baserritarra haiz hi? Jao xitik!! Zea izango haiz hi baserritarra!

  • Eta zer ikusia dauka kexatzeak nagusitasun linguistikoagatik eta egindako lanaren ordaina jasotzeak hil amaieran funtzionariotzatik edo gazta-salmentatik??????? Hori da gauzak nahastea, hori!!

  • euskaldun bat 2018-09-19 23:14

    Ai Txirkun! Zer gertatzen da ba? Baserritar batek ez daki Internet erabiltzen ala? Lasai, jende gehiago ere horrelako ideiekin somatzen dut eta, baina ez dakit zergatik? Azokan saltzen zaudelarik, bezeroak etortzen zaizkizu eta erlazio bat sortzen da eta gero halako batean unibertsitateko ikasketak dituzula jakiten dutenean erlazio hori aldatu egiten dela somatzen duzu, benetan! Eta ez da preseski hobera aldatzen, hotzagoa edo bihurtzen da. Eta zergatik!? Hori da nik galdetzen dudana? Baserritarraz, zutaz, euren baitan pertsonai bat sortzen dute eta halako batean pertsonai hori birrindu egiten zaie.

  • ganbaratxotik 2018-09-21 21:32

    Euskaraldiaren datorren urterako proposamena:

    Aurengorako hiru txapa aurrikusten dira: 1.Belarriprest, euskera ulertzen baina mintzatzeko zailtasuna dutenentzako. Ahobizi, euskeraz hitzegiteko gaitasuna duenak eta lehenengo hitza euskeraz egingo duela jakinaraziko duena. 3. Bihotzgoxo, euskeraz jakin ez arren euskeraz hitzegitera animatzen dituena inguruko euskaldunak.
    Lasarten euskeraren erabilpenak modu esanguratsuan egin zuen gora ariketa egin zenean eta orain Euskal Herri osora hedatu nahi da ekimena. Ea ba hala den eta arrakasta opa diot nola ez. Baina hurrengorako laugarren bat jarriko nuke aukeran EUSKERAZ SOLIK leloarekin. Alegia, euskera hutsean jardungo den jendeak jantziko lukeena. Gauza biziki interesgarriak euskeraz esateko prest dagoen hiztun engaiatuak. Hain interesgarriak ezen, erdal hiztunei euskera ikasi eta erabiltzeko beste aukerarik ez liekela utziko. Izan ere, BEHARRA, PREMIA da euskera eta beste edozein hizkuntza ikasi eta erabiltzeko akuilu eraginkorrena.