[Kafe Aleak] Ramon M. Zabalegik Fugazi

[Kafe Aleak] Ramon M. Zabalegik Fugazi –

[Kafe Aleak] Ramon M. Zabalegik Fugazi.

Fugazi

Red Medicine” (Dischord, 1995)

.

[Kafe Aleak] Ramon M. Zabalegik FugaziEtxera sartzen naizen bakoitzean “One thing stays the same” dioen kartel horia ikusten dut.

Ez dakit zer esan nahi duen. Zein ote zen Fugazirentzat berdin mantentzen den gauza? Zein, kartelaren egilearentzat?

Politika ez da diskurtsoetan egiten baizik eta egunero hartzen ditugun erabaki ttiki eta ez hain ttikietan.  Ogia non erosten duzun. Edozeinentzat eskuragarri diren 5 dolarreko kontzertuak eta 10 dolarreko diskoak eginez. Kulturarekin merkataritza egiten dutenei bizkarra emanez. Do It Yourself.

Mugek estutzen zaituztenean haiek hausteko ausardia behar da eta Red Medicine ausardia honen adibide bikaina da.

Disko zoragarri honek baditu jada hamahiru urte. Urte hauetan joan dira lagun batzuk. Joan eta etorri dira maitaleak. Zenbat etxe, herri edo hiri utzi ditugu atzean? Borroka batzuk badoaz eta berriak etorriko dira. Gure auzoan, Moskun, taberna-zulo kuttunena desagertu zen eta orain ez da arrunta Fugazi entzutea. Fugazi taldea bera ere joan da.

Orduan, badugu esaterik, kartelak dioen moduan, hain hauskorrak eta iragankorrak diren gure bizitza hauetan gauza bakar batek ere berdin eusten diola?

Taberna batean edo lagun artean, musika hau entzuten dugunean, lehenengo doinuekin elkarren arteko begiradak datoz, kantuak gero, eta besarkadak, musuak. Gure elbarritasun emozionalak eta guzti, elkar maite dugu. Musikarekin batera bizirik gaude.

[Kafe Aleak] Ramon M. Zabalegik FugaziBeharbada gure esperientzia sakonenak bakardadean bizitzeko jaioak gara, akaso hori da dagoen guztia. Baina batzuetan sentitu dut besteen erraiak benetan ukitu ditzakedala. Fugazik ez zuen musika saltzeko egin. Beraientzat eta jendearentzat inportantea izan zitekeen musika nahi zuten egin. Emozioz, energiaz, duintasunez eta humanitatez beteriko musika.

Fugaziren musikaren zainetan dabilen odola gorri-gorria da. Gure arteko distantziak gainditu eta gure arteko mugak leherrarazi ahal dituen gorria. Mundu hau pixka bat berotzeko, batzeko eta osatzeko gaitasuna duen sendagai gorria.

Gorri bera ikusten dut nire inguruko musikari lagunek martxan dituzten proiektuetan. Egunero hartzen dituzten lanetan, botatzen dituzten izerdi eta sufritzen dituzten minetan. Beraien aukeren muinean dagoen motibazioan. Eta sinetsi nahi dut baietz. 

Agian bai: one thing stays the same.

.

.

Ramon M. Zabalegi (Irun, 1976)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
[Kafe Aleak] Ramon M. Zabalegik Fugazi [Kafe Aleak] Ramon M. Zabalegik Fugazi [Kafe Aleak] Ramon M. Zabalegik Fugazi
diskoak, Fugazi, Gomendioak, Kafe Aleak, musika, Ramon M. Zabalegi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude