Feminismoak Ezker Abertzalea bitan banatzen duenean…

Feminismoak Ezker Abertzalea bitan banatzen duenean… –

Ni neu ez naiz Hondarribia edo Irungoa. Alardeei buruz ez nekien ezer, beraz, horri buruz ez nuen inoiz hitz egiten. Gainera, garrantzirik ez zuen gai bat bezala ikusten nuen. Azken finean, egun gutxiko kontua izanda eta “mozorro” batzuk jartzea baino ez zen. Baina urtez urte hango ika-mikak ikusi ondoren, jakinmina piztu eta ikertzea erabaki nuen.

Guk jasotzen dugun informazioa (EHko TB, irrati, prentsa…) erakusten duten ideia jarraituta pentsatzen nuen: “zer arraio, zergatik ez dute alarde mistoak bere bidea egin dezala uzten eta gainontzekoek bere kabuz egin dezatela? Zer dela eta hainbeste protesta?”. Alarde feminista arrazoigabe baztertua zegoenaren sentsazioa nuen.

Baina, behin ikertuta, argi ikusi nuen egoera:

-Eliteko politikariak, goi karguak, bai EAJ zein Ezker Abertzalekoak, alarde feministaren (Jaizkibel konpainia) alde daude. Baina, herriaren gehiengoa ez. Herriaren gehiengoa Betiko Alardearen alde dago, hau da, emakumeak kantinera eta gizonak soldadu papera antzezten duten alardearena.

Beraz, hurrengoa pentsatzen nuen:

-EAJkoak (beheko kideak, ez goi kargudunak), eskuma ideologikoa izanik, Betiko Alardearen alde azalduko dira. Baina Ezker Abertzalean, ezker ideologikoa izanik, Alarde Mistoaren alde azalduko dira, zirrikiturik gabe.

Baina, hara non -eta hemen ezuste nagusiena-, ezker abertzalearen kideen artean EZ daude denak alarde feministaren alde. Are gehiago, Hondarribiako Ezker Abertzaleko boto emaile GEHIENAK (%63) Betiko Alardearen alde daude.

Baina nola atera ondorio hori? Ba, 2015ean egondako hauteskundeei erreparatuta. Ezker Abertzalean banaketa egon zen.

Alde batetik AbotsAnitz aurkeztu zen. Beste aldetik ohiko EH Bildu (NAIZ.eus-en artikulua, hauteskundeen aurretik).

Emaitzak, honakoak:

 

Iturria: wikipedia
Iturria: wikipedia

Ezker Abertzaleko botoak 2015ean: 2310 (1.443+867)

-Abotsanitz: %63

-EH Bildu: %37

 

Hausnarketa argia da: Ezker Abertzalearen barruan ez dute doktrina orokorrarekin bat egiten feminismoari dagokionez. Ez behintzat Hondarribian (errealitate hori askok ezkutatu nahi dute).

Eta zergatik dago ba Hondarribia “doktrina feminista ofizialaren” aurka hain argi, bai EAJ eta neurri apalagoan EH Bildun?

Imajina dezagun Euskal Dantzak. Bertan gizon-emakumeen rol banaketa argia dago. Janzkerak ere erabat ezberdinak dira.

Feminismoak Ezker Abertzalea bitan banatzen duenean...
Euskal Dantzan, gizon eta emakumeen janzkera eta funtzioak argi definituta daude.

Planteagarria da gizonak emakumez mozorrotzea edo alderantziz? Ba, bai, egin, egin daiteke. Baina zer dela eta? Horrela berdintasun gehiago egongo da neska-mutilen artean? Nesken ongizatea hobetuko al da? Ez, horrek ez du inolako eraginik edukiko eta feminista porrokatuenak ere badaki hori.

Alardeen kontuekin antzekoa gertatzen da. Azken finean, gertaera historiko batzuen antzezpena da. Emakumeok soldaduz mozorrotzeak zer adierazten du? Agian, emakumeok soldadu izateko eskubidea dugula? (zer pentsatuko dute anti-militaristek?).

Emakume guztiek gure eskubideak errespeta daitezen nahi dugu. Baina feminismoa horrelako tontakeriekin tematzen bada, herriak bizkarra emango dio. Aurreko artikulu batean azaldu nuen bezala, 3. olatu feministarekin ez dut bat egiten. Bai aurreko biekin. Baina ez oraingoarekin. Eta badirudi, ni bezala askok pentsatzen dutela, emakumeak barne.

Prentsa “ofizialak” eta politikoki zuzenak korronte batzuk saltzen ditu. Baina errealitateak bestelakoak dira. Horren ondorioz, Trump edo Brexit-aren garaipenak gertatzean gizartea harritu egiten da. Medio “ofizial”ek iragartzen eta bultzatzen zutenaren kontrakoa gertatzen da. Zer gertatuko litzateke gure herrian “erabakitzeko eskubidea” aplikatuko bagenu… inmigrazio edo feminismo kontuetan?

Feminismoak Ezker Abertzalea bitan banatzen duenean Feminismoak Ezker Abertzalea bitan banatzen duenean
alardea, ezker abertzalea, feminismoa, hondarribia

25 pentsamendu “Feminismoak Ezker Abertzalea bitan banatzen duenean…”-ri buruz

  • Lehenik eta behin bejondeizula askok pentsatu baina gutxik esaten dutena idazteagatik.

    Urteak noa esaten alardearena interes politiko ezberdinek elikatutako gatazka artifizial bat dela esaten, eta urteak joan urteak etorri nire tesian berresten naiz. Aldaketa sozial txikienek ere denbora ematen dute komunitatearen barnetik sustatzen badira, baina presioa kanpotik badator gatazka eta zatiketa ziurra da. Alardea fosilizatuta geratu den adibide bat da, baina (diruz lagundutako) feminismotik bultzatutako makina bat txorakeriak haustura sozial txikiak eragiten ari dira familia eta lagunarteetan. Berdin esan daiteke inmigrazioaren aferaz.

    Iritzi publikoaren eta publikatutako iritziaren arteko arrakala handitzen doa, eta kontraesana lehertzen denean orduan etorriko dira (soldatapeko) ezkerraren komeriak eta negarrak

  • Ez nekien Alardearen aferagatik hango Ezker Abertzalean zatiketa egon zenik baina hala dirudi bai: http://www.abotsanitz.com/zergatik-abotsanitz/

  • Soldatapekua?Diruz lagundutakoa?
    Je je!
    Baina noiztik Baztertzaileak eta Erasotzaileak salatzea ez da beharrezkoa? Gatazka artifiziala???baina zer diozue??
    Sentitzet baina eskubideak ez dira bozkatzen, eskubideak errespetatu egin behar dira eta gehiago esango nuke agian errespetatzen ez dituztenei kaletik desfilatzea debekatu beharko litzaieke.
    NAHIZ ETA GEHIENGOA IZAN ETA NAHIZ ETA BOZKA GEHIAGO IZAN!

    Soldatapeko bat (eta zer)

  • Ittu: PP eta Ciudadanos moduan, kolore hiria debekatzearen alde. Faxista hutsa zara.

  • euskaldun bat 2018-09-16 22:30

    Maider, amildegi ertzera gehiegi ari zara hurbiltzen. ZUZEUko staffa azkurez egon da artikulu honekin, ez da beraiek nahi duten ildoa. Hondarribiko herriaren erresistentzia zoragarria da, gaur egun horrelakorik ez da ikusten inon. Berdin zaie sistemak dioena, berdin zaie politikoek diotena… aurre egiten diete denei. ZORIONAK HONDARRIBIA!! HANDIAK ZARETE!! HERRIA ZUEKIN!! EAJri zein BILDUri bozka ematen dietenak batuta sistemari aurre egiten… zoragarria! Horrela behar genuke denok Euskal Herria defendatzen! Hau ez delako emakumea bai edo emakumea ez kontu bat, saldu nahi diguten bezala. Hau sistema honek bazter guztietan kaka antolatu beharraren aurka altsatako herri baten kontua delako, Fuenteovejuna bezala. Eta hurrengo urtean berriro egurra sistemari! Merezi duen bezala! Hondarribia, hondarribitarrena delako eta kanpoko inork han ezer esatekorik ez duelako.

  • AhotsAnitzek, nik irakurritakoaren arabera, ez du esaten alarde tradizionalaren aldekoak direla, ezker abertzale ofizialak gaia jorratu duen moduarekin adostasunik ez dutela baizik. Nere ustez ez dituzu gauzak ulertu idatzi aurretik.

  • euskaldun bat 2018-09-16 22:45

    Ittu-k dio “… sentitzet baina eskubideak ez dira bozkatzen”. Bide ona aukeratu duzu. Ziur animalien tratu txarren aurka zaudela (ni ere hala nago, jakin ezazu) eta ez bazaude egon beharko zenuke, animalien eskubidea delako eta eskubideak ez dira bozkatzen. Beraz, hurrengo urtean joan San Fermin-etara eta nola edo hala (harresiak…) galarazi entzierroak. Muntatu kaka han ere eta gainera lemetan euskara erabiliz! Eta ikusiko duzu herria nola batuko duzun eta zezen plazak nola beteko dituzun. Inteligentzia ere noizean behin erabiltzeko delako! Eta dena ez delako eskubide absoluto kontua. Zer tik diktatoriala da hori!

  • Harritu ta perplejo 2018-09-16 22:46

    “ikertzea erabaki nuen” ; “behin ikertuta, argi ikusi nuen egoera”.

    Ba esandakoak irakurrita, badirudi, Maider, ikertzeko asko geratzen zaizula.

  • euskaldun bat 2018-09-16 23:28

    Gogoan dut Zaragozako Aula Dei kartusian gertatua: Goyak monastegiko paretetan marraztutako pintura ikusgarriak emakumeek ere ikusteko eskubidea zutela protestatuz feminista talde bat iskanbila muntatzen hasi omen zen. Monjeek astero monastegitik kanpo ematen duten paseotxoetako batean aurkeztu omen ziren feminsitak eta ea emakumeak zergatik gorrotatzen zituzten galdezka hasi omen ziren erasokor. Monjeak harrituta, normala den bezala, haiek emakumeak ez dituztela gorrotatzen, ama eta arrebak beraiek ere bazituztela eta ea nola esan zezaketen hori galdezka. Irtenbide bat emateko pentsatzen hasi omen ziren monjeak eta azkenean beste monastegi batera joatea erabaki zuten. Eta nik jakin nahi nuke gerora zenbat feminista sutsu joan ote den hara artea ikustera?! Bizitza kontenplatiboa aukeratu duten lekaimeek ere bazterretan izango dituzte artelan baliotsuak eta horiek ikusteko eskubidea aldarrikatzen gizonezkoak kaka muntatzen hasi beharko lukete orduan! Zentzurik gabeko kontuak direla finean. Gai garrantzitsuagorik ez dagoenez, ba horrela, ume kontuekin nazka ematen!

  • Bestetik, alardekoak ez dira militarrak , herri miliziak baizik. Alde handia dago.
    Zure ustez orduan gizonak bakarrik parte hartu behar lukete gerletan? Gerla gehienetan hori gertatzen da, hildakoen gehiengo handia gizonezkoa delarik. Baina honekin batera gerletan sortzen dira jarrera matxista nazkagarrienak emakumeen zapalkutza basatia sortuz.
    Azkenik, baten bati borroka nimioak iruditzen zaizkion hauek egin ez balira oraindik emakume dantzaririk ez zen egongo, soziedadeak gizonen geto izaten segituko lukete eta abar luze bat. Gauza asko egiten dira gaizki, baina ondo ere asko egin dira. Mundua ez da zuria edo beltza. Kasu bakoitza aztertu behar da.

  • euskaldun bat 2018-09-17 09:39

    Iker, gauza bat argitu nahi dizut. Alardeetan soldadu moduan emakumeek parte hartzen omen zuten iskanbila hauek hasi aurretik ere, aspalditik, eta inork ez omen zuen ezer esaten. Iskanbila gerora etorri zen. Herri honetan bakoitzak dantza nola egiten duen nik baino hobeto dakizu. Plastiko beltzen atzean emakumeak ikusten ditut argazkietan. Horrek ere zer pentsatua ematen du, ez? Eta ez dira preseski eliza katoliko nazionalaren doktrina jaso zuten emakumeak, emakume gazteak baizik. Eta ezker abertzalea berriz, betiko moduan ez dagokion gerretan sartzen. Bata bestearen atzetik akatsa akatsaren gainean. Ez du asmatzen, oso galduta ikusten dut. Maddalen Iriarte politikan sartu zenean, neu ere poztu nintzen baina desengainua izan dut: ez du balio politikan, pertsona grisa da, beste zerbait behar da politikan. Ez dut uste denbora askorako dagoenik politikan. Kazetari bezala balio zuen baina politikan ez. Gero Arnaldo tarteka agertzen da baina judizialki ezgaituta dagoelako edo ez dakit zergatik, oso itzalduta ikusten dut. BILDU oraintxe bertan ez da batere erakargarria. Gero gainera ez dagozkion liskarretan sartzen da politika handia egin beharrean eta ez du akatsetatik ikasten.

  • Hau artikulua da edo norbaiten 5 urteko semeak idatzitako zeozer? Ea ulertzen dudan. ezker abertzalea zatituta dago, ezker abertzaleari bozka ematen dioten batzuk, emakumeak jasartzearen alde daudelako? Ez du ez hanka ta ez bururik. Bozkatzailea ez da talde politikoa ta taldearen ildoa oso argia dago.

    Imaginatu euskal dantza batzutan emakumeak ezin zutela parte hartu? Irudikatu zapatuen takoiak asmatu zirenean gizonentzako zirela ta gero emakumeenak bihurtu zirela . Beno ez irudikatu, horrela zen. Irdudikatu antzezrkia XV. mendean. Bakarrik gizonek antzeztu zezaketen paper guztiak, baita emakumeenak ere. Ta 500 urte geroago hau diozu? Ai ene.
    Irudikatu gudariak gudan gonarekin, ikusten dituzu? Emakumeak ezin dute kasaka ta horrelakoak jantzi gudarako? Bikinin edo joan beharko ziren? Benetan informatu zara zeozertaz hau idazteko edo burutik pasa zaizun lehengoa idatzi duzu?

    Emakumeek gizonen eskubide berberak izatea eskatzen dituzte , alardean parte hartzea eskatzen dute. Informatu ez zarenez agian ez dakizu milaka gizon atera daitezkeela bainan oso emakume gutxi.
    Feminismoari min egiten diona, zureak bezalako ezjakintasun ta matxismo itzela da.

    Mikelats, herritik kanpo? Ez, herrikoak hasi ziren ezkutuan atera nahi ez zutela erran zutenean. Ta EAJk alardea modu ankerrean pribatizatu zuen, publikoa izanda legeak dioalako ezin zutelako inoren parte hartzea debekatu.

    Hurrengoa zer izango da? Herri batekoak beltzak baztertu nahi izatea ta hori bozkatzea? Ta besteak ixilik ez delako gure herria ez? Ba hau EH da, ta horrelako jarrerak akatu behar dira.

    Bukatzeko, parte hartzen duten gehien gehienek ez dakite ezer historiari buruz, ezingo zuten parte hartu tradizioak jarraituz, ez dakite tradizio asko egon direnik, askok espainian jaioak dira….. Madrilekoek konpainia bat dute, bainann hemengo neskek ezin dute parte hartu.

    Matxismoa barru barruan sartuta duzu, baita artikulu txar hau idatzi duenak ere.

    Bukatzeko, oso ondo iruditzen zait Zuzeuk kazetari gazteei ematen dien abagunea. Bainan pixkat nekatua nago hain maila gutxiko artikuluak irakurtzeaz.

    Iritzia dute inolako informaziorik gabe, bi neandertalen arteko tabernako elakarrizketa izan liteke artikulua hau. Kazetariak ez dira idazten dutenari buruz informatu behar? Hil nazazu kamioi.

  • euskaldun bat 2018-09-17 11:45

    Sugaar, ez dut uste kalitate gutxiko artikulua denik, bere helburua ez da izan tesi bat idaztea ere. Baina maila baxukoa dela badiozu, zure iruzkina ere maila berekoa da, zozoak beleari ipurbeltz. Ausnartu ondo: maila baxukoa da ala ez duzu gustokoa? Bi gauza ezberdin dira.

  • euskaldun bat 2018-09-17 11:58

    Maider-ek hobeto jakingo du artikulua noiz bidali zuen baina zerbait arraroa sumatu nuen artikulu hau lehen aldiz ikustean: ez zen artikulu berriena bezala agertzen. Nire ustez artikulu hau publikatu gabe eduki dute ZUZEUkoek zer egin erabaki arte. Ez nago guztiz ziur baina hori gertatu dela iruditzen zait, Maider-ek agian zerbait gehiago jakin dezake.

    • Maider Fernandez
      Maider Fernandez 2018-10-07 19:47

      Ez, zorionez ez zen horrelakorik gertatu. Baina beste artikulu bat bai, ezabatu zuten “adierazpen askatasunaren” defendatzaileek eta “mozal legea”ren kritikatzaileek.

  • Martin Larralde 2018-09-17 13:43

    Artikulu honek baditu akats dexente, segur aski ezezagutzagatik. Premisa faltsu batzuk adibidez:

    1) Abotsanitz ez da Alarde Tradizionalaren aldeko partidu bat. Hori sinpleki gezurra da. Hondarribiko edonork daki bai zerrendan joan ziren gehienek, bai botoa eman genionek defendatzen dugula emakumeek Alardean parte hartzea. Problema konkretu bat egon zen, Bilduko zinegotzi batek Tradizionalean parte hartu nahi zuelako eta herriko zinegotzien eta Gipuzkoako Bilduren arteko liskarrak eragin zuen zatiketa. Baina ez faltsutu Abotsanitzi botoa eman genionon postura.

    2) EAJko eliteko politikariak, goi kargudunak, Alarde Tradizionalaren alde daude. Bestela erakutsidazu neurriren bat, adierazten duena Markel Olano, Iñigo Urkullu edo Andoni Ortuzar zalantzarik gabe emakumeak parte hartzearen alde agertzen. EAJko goi kargudunek Tradizionalaren postura defendatu dute 20 urte baino gehiagoz eta aurten pasa dena pasata ere, segitzen dute emakumeak Alardean ateratzearen kontra daudenen diskurtsoa bere egiten: bi sentimendu daudela Alardea bizitzeko. Hor ere premisa faltsu batetik abiatu da artikuluaren egilea.

    3) Prentsa ofizialak eta politikoki zuzenak (El Diario Vasco, EITB…), Alarde Tradizionalari ematen dio kobertura handiena. Begiratu Hondarribiko kasuan aurten DVk eskainitako orri kopurua, diferentzia begi bistakoa da. Begiratu ETBren informatiboan, plastiko beltzak erakutsi ondoren, egin zuten erreportaje bakarra Alarde Tradizionaleko konpainia baten aldekoa zela. Gezurra da jarraipen mediatikoaz diozuna ere.

    Oinarri faltsuen gainean montatu duzu arrazoiketa guztia. Eta ez zenuen horren premiarik gauzak esplikatzeko. Hondarribikoa askoz errazago esplikatzen da: gizarte matxista batean bizi gara eta, beste arrazoi batzuk tartean sartuta (tradizioa, herri-sentimendua…) eskuinak lortzen duenean jendea mobilizatzea, emakumeen eskubideak kolokan jartzen dira.

    Nolanahi ere, Hondarribiko klima beste bat da azken urteetan. Nahikoa zenuen beste datu batzuei begiratzea horretaz konturatzeko. Aurten 700 lagunetik gora atera dira Jaizkibel konpainian. Duela 5 urterekin konparatuta, bikoiztu egin da parte hartzaileen kopurua. Justu azken urteetan, Jaizkibelen kontrako erasoak ez ziren 1997an, 1998an etab. bezain gogorrak izan. Eta Alardean ateratzen diren emakumeen kopurua gora joan da urtetik urtera. Gorakada hori ikusita, gogorrago erasotzen hasi dira Alarde Tradizionalaren aldekoak, jendeak Jaizkibelen ateratzeko beldurra eduki dezan. Baina gauzak aldatzen ari dira. Eta aldatzen jarraituko dute, erasotzaileak zuritzen dituzten iritzi artikuluak publikatu arren.

  • Mesedez, mesedez! Izan gaitezen zintzoak… Hau dena guztiok maite dugu, gure prentsa arrosa da. Lehorregiak gara Gran Hermano, Sálvame eta antzerakoak atsegiteko, nolabait porno gogorra ikusteko duinegiak direnentzako soft-porn horietakoa da Euskal Herrian politika arrosa guzti hau. Gure pornoa gorrotoa da eta guztiok maite dugu norbait gorrotatzea. Norbaitekin haserre egin nahi dugu.

    Polemikak jarraitu beharra du eta jarraituko du. Eta jarraitzea nahi dut. Eta hau hiltzen denean, beste bat jarriko dugu, beharrezkoa dela dakigulako: garai batean futbola, heroina eta tabernetako liskarrek edukitzen zuten mentalitate klase bat lanpeturik. Gizarteak hau behar-beharrezkoa du, jende arazotsua entreteniturik egoteko. Eta onar dezagun… biziki dibertigarria da.

    Mmmm zer izango da hurrengoa? Atez-ateko islam klaseak? Gotzain trasexual bat? Alardea debekatzea? Homenaldi bat antifrankismoaren biktimei? Ejerzitoko zinegotzi bat?

  • Zorionak Maider artikuluarengatik. Denarekin bat ez banator ere, jarrera ausarta erakusten duzu zure ikuspegiarekin, artaldetik urrunduta, Eskerrik asko.

  • Iker Tubia

    Alardeari buruz ez dakit askorik ikertu duzun, euskal dantzei buruz ez, behinik behin. Esaten duzunak agerian uzten du zure ezezagutza alor horretan. Esan duzunez, euskal dantzetan gizon eta emakumeen rol banaketa argia da. Dantza batzuetan agian bai, beste askotan ez. Are, geroz eta herri gehiago dira haien dantza erritualetan genero bereizketarik egiten ez dutenak. Hemendik pasa zaitezke horretaz konturatzeko: https://dantzan.eus/kidea/kattalin
    Berdin janzkerarekin. Batzuetan ezberdina da, beste batzuetan ez. Jantzia dantzariarena da. Eta hori da, azken boladan, pisua hartzen ari den erabakia emakumeak herrietako plazara ateratzerakoan.

    Gero, ondokoa diozu: “Planteagarria da gizonak emakumez mozorratzea edo alderantziz? (…) Horrela berdintasun gehiago egongo da neska-mutilen artean? (…) Horrek ez du inolako eraginik edukiko eta feminista porrokatuenak ere badaki hori”
    Ez da planteatzen emakumeak gizonez mozorrotzea. Galtza zuriak, atorra zuri bat, espartinak… hori gizonen jantzia da? Nire inguruan ikusten ditudan emakume gehienek galtza luzeak ibiltzen dituzte. Gizonez mozorraturik daude? Benetan?

    Kontua ez da jantzi bat jarri edo bestea jarri. Kontua ez da ea militar emakumerik bazen edo ez (mozorro bat baldin bada, edozeinek antzeztu dezake). Kontua da ea herritar guziek berdintasunean parte hartzen ahal duten herriko bestetan, eta, kasu honetan, herriko ekitaldirik garrantzitsuenean. Eta bai, denek berdintasunez parte hartzeko eskubidea dute.

    • Maider Fernandez
      Maider Fernandez 2018-10-07 20:00

      Iker, makilatzera, gona janztera eta emakume arropa erabiltzera animatzen zaitut. Eta ez egun batean bakarrik, EGUNERO baizik.

      Kritikatzen nauten guztiak animatzen ditut horretara. Ez dago inooooooooooolako arazorik, aizue! Askatasun osoa duzue.

  • Neska, Maider, hirekin nion! Hoik ditun hoik egiak!
    Hire fan bat bihurtu nan. Jarrai horrela idazten (ta eroso daudenak deserosten).

  • Pello Eizagirre 2018-09-21 15:29

    Egia, adibiderik txarrena dantzarena.
    -Euskal dantzaren munduan pixkanaka ari da aldatzen nesken eta mutilen arteko bereizketa hori: ezpata dantza, pordondantza…

    Katerin Artola:”Bai, gero eta gehiago ari da aldatzen. Lehen mutilen dantzatzat hartzen zirenetan normaltasunez ari gara sartzen neskak, eta baita mutilak tradizioz neskenak izan diren dantzetan ere. Zorionez, dantzaren munduan hausten ari da neska-mutil eskema hori.”
    http://gipuzkoa.hitza.eus/2018/09/21/katerin-artola-dantzaren-munduan-hausten-ari-da-neska-mutil-eskema/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude