Euskaraz ikasi nahi dugu! Hizkuntza eskubideak errespetatu!

Euskaraz ikasi nahi dugu! Hizkuntza eskubideak errespetatu! –

Euskaraz ikasi nahi dugu! Hizkuntza eskubideak errespetatu!Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimenok askotan erakutsi zuen bere euskarafobia aurreko legegintzaldian. Bazirudien Geroa Bairekin eta Ahal Dugurekin koalizio gobernuko kide izateak zer edo zer goxatuko zuela bere sena glotofobikoa, baina berehala jakin zen horrelakorik ez zela gertatuko akordio programatikoaren hezkuntzari buruzko atalean. Bertan ez da euskara inon ageri eta ez da aipatzen honako hau besterik: “hizkuntza ereduak integratuko dituzten ikastetxeak sustatzea”.

Joan den ostiralean, kontseilariak akordio programatikoko hezkuntzako atalaren betetze mailaren inguruan, emandako prentsaurrekoa propaganda eta autokonplazentzia ariketa huts bat izan zen, zoritxarrez. Euskarari egindako aipamenean esan zuen euskarazko hezkuntza eskaintza bermatua dagoela. Tamalez, hau ez da egia.

Lehen adibidea izan genuen 2019-2020 ikasturteko matrikulazioarekin, ez baitzuen baimendu D ereduko lerroa irekitzea Mendigorrian. Familiak urte guztian borrokatu ziren murgiltze eredua lortzeko eta haien ahaleginari esker erdietsi dute D eredua 2021-2022 ikasturterako izatea.

2019-20 ikasturtean hasi beharrak ziren euskaraz ematen Irakaskuntza Artistikoa, Hizkuntzen Irakaskuntza, Kirolen Irakaskuntza eta Helduen Irakaskuntza, espezialitate horietan diharduten irakasle gaituekin, eskaintza gero eta handiagoa izan zedin. Hurrengo ikasturtean Kirolen Irakaskuntza baizik ez da hasiko, Irunberrin.

Pirinioetako ikasleak 16 urterekin derrigortuta daude beraien eskualdea uztera, baita 80 edo 90 kilometrora mugitzera, ikasten jarraitzeko. Orain arte Iruñeko ikastetxe batean tokia bermatzen zitzaien, baina hori bertan behera utzi du dekretu berriak, jakin gabe ikasleak plaza edukiko duten edo ez. Despopulazioarekin zigortutako eskualdeari ezarritako bigarren zigorra.

Tafallaldean eta Zangozaldean DBH euskaraz ikasten duten ikasleek ezin dituzte beraien ikasketak Tafallan edo Zangozan jarraitu, A-G ereduko ikasleek bezala. Egunero Iruñerako autobusa ordaindu behar dute ozta-ozta Iturramako Ikastetxeko klaseetara heltzeko. Aurtengo baremo aldaketa dela eta, ez zaie bermatu tokia ikastetxe horretan eta, beste ikastetxeetan sakabanatzeko arriskuaz gain, ez dute izanen garraio aukera egokirik klasera garaiz heltzeko. Bazterketa bikoitza: Tafallan edo Zangozan euskaraz ezin ikasi eta Iruñean ikastetxerik egokiena ez dute bermatua izanen.

D ereduan ikasi nahi duten Beriaingo ikasleei garraioa jartzen zitzaien Hegoalde Ikastolara joateko. Datorren ikasturtean horietako ikasle batzuei garraioa kenduko die Departamentuak, bere hitza janez, eta Noaingo D-PAIra joatera derrigortuko ditu PAI programa inposatuz. PAItik atera nahi zuten Castejongo ikasleak Gimenok mila traba jarri eta derrigortu ditu Lehen Hezkuntza PAI programan bukatzera, beraien gogoaren kontra.

Aurreko legegintzaldian Irakasleentzako Laguntza Zentroetan euskarazko prestakuntzak gorakada xume bat izan arren, ikasturte honetan % 10era ez da iristen. Euskaraz diharduten irakasleek ikasitakoa egokitzeko edo materialak itzultzeko latz egin behar dute lan maiz, prestakuntza hori beren jardunean txertatzeko.

Castejonen, bertako D ereduko ikasleek entzumeneko eta mintzairako espezialista behar dute eta, momentuz, Hezkuntza Departamentuak ez die esleitu. Egoera hau A-G ereduan gertatzea pentsaezina da eta, borondaterik balego, erraz konpon liteke, entzumeneko eta mintzairako espezialista euskalduna jarriz.

Batxilergoko D ereduko ikasleak derrigortuta daude astero lau ikas-saio gehiago egitera. Landa eremuko ikastetxeetan DBHko D ereduko ikasleei jantoki zerbitzua kendu eta batxilergokoekin batera garraio zerbitzua probesteagatik ikas-saio gehiago jartzen ari zaizkie bai ikasleei, baita irakasleei ere. Adibidez, datorren ikasturteari begira eta beraien iritzien kontra, Leitzan jantoki zerbitzua kenduko zaie DBHko ikasleei.

Udal askotako haur eskoletan oraindik ezinezkoa da euskaraz ikastea. Gainera, Iruñeko Udalaren haur eskoletan euskarazko eskaintza nabarmen murriztu dute eta, horren ordez, sasiingeleseko programa ezarri dute.

Lanbide Heziketan euskarazko eskaintza nahiko urria da. Gaztelaniazko ziklo batzuk zenbait ikastetxetan ematen diren bitartean, euskaraz ez dira inon ematen. Esparru honetan ere, ingelesa bultzatzen ari dira euskararen kaltetan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan bakarrik ikas daitezke oso-osorik Haur eta Lehen Hezkuntzako Irakasleen graduak. NUPek ingelesaren eskaintza lehenesten du euskarazko eskaintzaren gainetik, ikasle euskaldunen kopurua urtez urte handitu arren. Euskarazko Bigarren Hezkuntzako Irakasletza masterra euskara eta euskal literaturara mugatzen da.

Bada, garbi dago koalizio gobernu honek ikasle euskaldunak baztertzeaz gain, zama gero eta astunagoa ezartzen diela ikasketak euskaraz egin nahi izanez gero. Penagarria benetan, noiz eta beste politika batzuek egiteko aukera paregabea duenean herritarren borondateari jarraikiz. Horren aurrean, gaur kolektibo kaltetu guztiak bildu gara gure euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko eta inposizio euskarafobikoak gaitzesteko.

Azkenik, gogora ekarri nahi dugu bolo-bolo dabiltzala Nafarroako Gobernuak Administrazioan euskararen erabilera arautzeko prestatzen ari den dekretuaren inguruko susmo txarrak. Azken dekretua bertan behera gelditu ondoren, inposatutako zonifikaziotik abiatuta, dekretu berriak Nafarroa Garaiko herritarren hizkuntza eskubideak bazterkeriari babes legala emanen omen dio, lan deialdi publikoetan bertako hizkuntza den euskara baloratu beharrean, atzerriko hizkuntzak kontuan hartuko lirateke, esate baterako. Hori dela eta, bat egiten dugu eta gonbite luzatu nahi dugu euskaraz bizitzeko eskubidearen alde, Euskalgintzaren Kontseiluak uztailaren 2an arratsaldeko 18:30ean, Baluarteko plazatik abiatuko den manifestazio deialdian parte hartzeko. Hizkuntza eskubideak ez dira negoziatzen, errespetatu baizik.

Euskaraz ikasi nahi dugu! Hizkuntza eskubideak errespetatu!

Deitzaileak: LAB, STEILAS eta ELA

Babesleak: Ernai NUP, Euskal Herrian Euskaraz, HE Gurasoak, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Ikama, NUPeko Euskara Taldea eta Sortzen.

Euskaraz ikasi nahi dugu! Hizkuntza eskubideak errespetatu!