Euskararen matematika

Euskararen matematika –

Tarteka –lotsa ematen digulako edo–, gure hizkuntzak bizi duen iluntasun beltza ekartzen dugu argitara. Harritzekoa, nola bermatu eta indartu dakitenak hainbeste izanik, nola ez dugun behin betiko arazoa konpontzen. Hemen bada zerbait zuzen ez dagoena, edo ez dakigu ustez dakiguna, edo bazterrak nahasten ari gara.

Euskararen matematika

Dena dela, eta ahal dugun denboran eta neurrian, egurra –teoriko-politikoa, noski– eman beharrean gaude. Ez baitira huts-hutsak Maria Chivitek zuzentzen duen Gobernuak edo beste hainbat udalen aurkako jarrerek gure hizkuntzari egiten dizkioten erasoak.

Orain, nahiko sutan gaudela dirudi, baina badakit nire ikuspuntua irakurri orduko handik eta hemendik zerbait «baikor» landu beharrean, nik esandakoari oker begiratu eta aurre egiten lan gehiago ikusiko ditugula. Pena, bai, baina beste zerbait behar dugu. Hego Euskal Herriko instituzioen ahuldadean, ezinean, baitugu arazo nagusia.

Euskara indartzeko ardura dutenak orain, baita lehen ere –eta hamarkada luzeak doaz–, nahiz sugegorri balira bezala harrotu hau irakurtzean, historiak dio instituzioetatik bertatik bultzaturiko euskalgintzako ekimenek sostengu gehiago aurkitu dutela –beti– ezker abertzalean, instituzio horien kudeaketaren lidergoa duten alderdietan baino. Ukaezina da, baina aldatu beharrekoa, hau ez baita bidea.

Estatuek betidanik erabiltzen dute beren hizkuntza tresna gisa. Horrela inposatzen dute eskola, hezkuntza eta bere inguruak; beraz, tresna gisa, hizkuntza menderatze sistema guztien eraikuntzarako behar-beharrezkoa dute. Hori horrela izanik, ondoko helburua argia da: desberdinak ahulduz desagertzea, nahiz bizi ditugun demokrazia modernoek beti ukatu. Laburbilduz, hizkuntza beti izan da eta izango da koloniaren zutabe.

Arlo honetan, Moncloa «berreskuratu» dutenek, eta batez ere hizkuntzarekin –harreman zuzena dutenen artean– urrats berriak egiteko gogoz sartu zirela zioten. Dena dela, esandakoak ez dira hain berriak, badituzte aurrekariak.

Agian norbaitzuek ez dute pozez hartuko, baina gaur hizkuntzarekiko mahai gainean dauden erabakiak eta bihar lege izango direnak ikusiz, espainiarrentzat hain miresgarriak diren Isabel eta Fernando, «errege-erregina katolikoak», Estatu espainoleko demokraziaren gobernu guztien aitzindari eta «maisu» bilakatzen ari dira.

«Errege-erregina katolikoek» Euskal Herria eta Galizia konkistatu zituzten garaian erabilitako metodologia berbera dute eredu gaur ere. Orduan –gaur bezala– herri bat konkistatzen zutenean, lehen begirada zerari, ea konkistatzailearen hizkuntza berdinekoak ziren ala ez.

«Errege-erregina katolikoek» egindakoaren arabera, desberdina zenean, hona hartu beharreko neurri batzuk: disidenteak desterratu eta espetxeratu. Pilaka kanpora bidali behar dira eta alderantziz, etorkin jende ahalik eta gehien eraman bertara bizitzea. Hau da, inbaditu, kolonizatu egin behar da.

Hau da, besteak beste, «errege-erregina katolikoek» Euskal Herrian eta Galizian erabilitako metodologia indarrez konkistatutako lurraldeak kolonizatzeko.

Poliki-poliki, lerro hauetan agertzen ari direnak baino hurbilagoko denborak, ezagutzak eta baita esperientziak ere sumatzen dira. Ez baitaude hain urrun Franco diktadorearen mende bizi eta ezagututakoak.

Galiziar txiki bezain gaiztoak ongi ezagutzen zituen bera jaiotako lurraldean Isabel eta Fernando famatuek egindako sarraskiak. Beraz, ez da batere harritzekoa, helburu berberak izanik, berak Euskal Herrian eta Galizian gauza bera egin izana. Beranduago eta galiziar «maisua» omenduz, Afrikako iparraldean, Hasan II.ak Saharan indarrez inposatutako kolonizazio berbera.

Ulertzen dut ez dela gozoa horrelako historia bat mahaigaineratzea, baina egia ez da beti gozoa izaten.

Ikusi ahal duzue Frantzisko aita santuak Quebecen erakutsi duen aurpegi iluna?

Ez du ezertarako balio egiari bizkar emateak. Aspaldidanik dakigu oso hedatua dagoela indarrez eraikitako estatuek berez sortzen duten disidentziari «separatista» edo «terrorista» deitzen dion tendentzia. Ez da berria, garai bateko Sobietar Batasunean, Ukrainarekin hasi eta beste hainbat errepublika ere indar zentralisten eragina jasaten ari dira. Zenbat urte dira, bada, Sizilia bereizi zutenetik? Frantzian, Espainian, Ipar Irlandan, Belgikan, Kanadan eta beste lurralde gehiagotan, gatazka sozialek dimentsio etnikoa dute. Hainbat «probintzia» eta «autonomia» nazio agertzen dira, eta neurri batean edo bestean, estatu nazional bat bereganatu nahi dute.

Beraz, ez dago luze begiratu beharrik ohartzeko gaur egungo mugak menderatzaile diren klaseen interesei dagozkiela eta ez herrikoi diren nahiei. Horregatik, potentzia handiek harrokeriaz aldarrikatzen duten batasun horrek etnien, nazio eta herri txikiagoen zapalkuntza adierazten du. Eta nola ez, horrek begi bistan edo gordeta dakarren bortxa errepresiboaren erabilera.

Beraz, ez da harritzekoa egindako kalteak gorde nahi izatea. Horregatik behartzen gaituzte horrelakoak entzutera: «Sentiberatasun asko dituen gizarte berria eraiki beharrean gaude, berdintasunean bizitzen ikasi beharra dago». Ezagutzen ahal duzue planeta honetan beste lurralderik, bertakoak diren herritarrei beren hizkuntza ez jakiteko eskubidea bermatzen dienik?

Beraz, berdintasun nahiko berezia saldu nahi digute. Beste zerbait agertu ezean –eta ez dut espero–, hori inposaketaren beste aurpegia besterik ez da, beste bat.

Euskaldun espainiarrek beraien sistema politikoa eredugarria balitz bezala defendatzen dute, baina egia oso bestelakoa da. Estatu espainoleko autonomiak indarrezko konkista eta kolonizazioa ezkutatzen duten zatiketa abstraktua besterik ez dira. Edo ez?

Aspaldian ez dugu bolbora usainik sumatzen, baina Franco eta Molaren matematikak, espainiar demokraziaren sustrai odoltsuek, bizirik diraute, baita hemen ere. Nola ez, bada?

Euskararen matematika Euskararen matematika Euskararen matematika Euskararen matematika Euskararen matematika

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

5 pentsamendu “Euskararen matematika”-ri buruz

  • Benat Castorene 2022-08-22 12:01

    Ba egia asko orroitarazten dizkiguzu Josu, eta hegoaldekoa banintz baietz erantzungo nizuke gogotik zure bi galdera erretorikoei. Gainera diozuna egia da ere hemengorako. Eta jakin behar duzu hemen ere biziki guti dira errealitate gordina erran nahi dutenak arrazista edo ezkor agertzeko beldurrez. Ideologia zinez arraroaren pean bizi behar gara.

  • Josu: egia latzak bota dituzu, egoera inoizko latzena pairatzen ari baikara, inoizko latzena; eta kontutan har frankoren diktaduraren azpian urte luzeetan bizi izandakoa naizela. Atzerabiderik ez duen tenorera irstear gaude, iritsi ez bagara

  • Zuk jarri duzu: “ Hemen bada zerbait zuzen ez dagoena, edo ez dakigu ustez dakiguna, edo bazterrak nahasten ari gara”
    Biak, Josu, biak. Baina, batez ere bazterrak nahasten ari gara, errealitatea ukatzen, egia gordetzen eta uneoro gezur borobilak botatzen.
    Kolonialismoa indar betean ari da eta ez ikusiarena egin nahi dugu. Eta kolonialismoaren agenteak nagusitu zaizkigu.

  • Ados… Dena da ezikusiarena egitea, bazterrak nahastea, errealitatea ukatzea, menpekotasuna gauza ontzat saltzea, gezurrezko kontakizun baten gerizan bizitzea alegia.
    Hemen “matxinadak” laneko kafe-makinetan bukatzen dira, edo taberna zuloan. Kafea hartuta, norbere jardun estura goxo-goxo, zorua eta hormak erortzen ari zaizkigun biitartean, ezer gertatuko ez balitz bezala. Erosokerian eta utzikerian gainbehera.

  • Benat Castorene 2022-08-23 11:35

    Errealitatearen ukapena, batez ere perilaren aurrean da fenomeno sarria historian eta munduan zehar. Beti buruan daukat judu alemaniarren kasu gurea baino dramatikoagoa: batzuek perila ukatzen zuten azken momenturaino aleman integratuak eta babestuak omen zirela sinetsi nahi zutelako. Baina fenomenoa banan banan analisatu behar da zeren arrazoi ezberdinak ukan baititzake kasuen araberan eta gizakien araberan. Gurean lurraldeen araberan ere alda daiteke beharbada.
    Adibidez izan daiteke zer egin ez dakitenen defentsa mekanismo psikologokoa arrisku larri baten aurrean baina baita ere faltsukeria hutsa galtzeko deus ez dutenentzat, funtsean igual zaienentzat edo batzutan goi arrazoi politikoengatik ez ikusiarena egin nahi dutenentzat. Normalean euskal politikariak izan behar lukete barkaezinenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude