‘Selfie’-en fenomenoa aztergai

‘Selfie’-en fenomenoa aztergai –

Iñigo Martinez Peñak Jakin aldizkarian.

Ni puztuak edo ni hauskorrak?

Zergatik bihurtu da hain ohikoa selfie-ak egitea gure eguneroko bizitzan? Ekintza horren oinarria aztertu nahi izan du Matthew Frost zinemagileak Bi minutu Kirsten Dunstekin edo modan jarritako selfie-en ergelkeria film laburrean. Paseoan Kirsten Dunst ikusi, Melankolia filmeko protagonista, autoa gelditu eta berarekin argazkiren bat ateratzea eskatzen diote bi gaztek. Antzezle ospetsua harrituta dago ateratako argazki kopuruarekin. Bata bestearen atzetik, klik eta klik entzuten da, gazteek aurpegietan hainbat keinu probatzen dituzten bitartean. Kirsten Dunstek, deseroso, galdera bereziren bat edo bere ibilbide profesionalari buruzko jakin-minik ba ote daukaten galdetzen die. Eta hauxe da kezka bakarra: «Zurekin aterako argazkiak gure sare sozialetara igo ditzakegu? Horretarako baimena ematen diguzu?». Baiezkoa jaso eta arin egiten dute alde, Dunst aho bete hortz utziz. Zelako fan motak dira horiek? Film laburraren amaieran, autoan doazela, gazte baten oihua entzuten da: «Dagoeneko 15 like jaso ditut!».

Identitate likido eta hauskorragoen garaian, irudia helduleku nagusi bilakatu zaigula ematen du. Arazoa da helduleku gisa higikorregia dela, ez dela batere sendoa.

'Selfie'-en fenomenoa aztergaiSelfie-ekin batera doa like-ak jasotzeko beharra? Like eta jarraitzaile kopuruaren arabera gure nia puztu edo hustu egiten da? Errekonozimendu berri horrek lan itzela eta konexio etengabea eskatzen du. Identitate ‘likido’ eta hauskor baten seinale? Identitate likido eta hauskorragoen garaian, irudia helduleku nagusi bilakatu zaigula ematen du. Arazoa da helduleku gisa higikorregia dela, ez dela batere sendoa. Horren adierazle dugu psikiatrian deskribatutako ispiluaren sintoma: psikosi batzuetan, subjektua ispiluaren aurrean jartzen da behin eta berriz, bere irudiak berdin jarraitzen duela konprobatzeko, identitatea galtzearen beldur.

Zerikusia dauka horrek mugikorrari behin eta berriro begira egotearekin? Zerbait galtzearen beldur gara etengabe? Hori ere identitate digital hauskorrari eusteko modu bat izan daiteke… oso nekagarria bada ere. Batez beste, datuen arabera, 251 aldiz begiratzen dugu mugikorra egunero. Nerabe gehienek altxatu eta bost minutura jada lehenengo begirada egiten diote. Eta, gau erdian esnatuz gero, mugikorra begiratzen dute: mezu berriren bat heldu ote da? Inkesten arabera, Instagram dute aplikaziorik gustukoena, testua baino gehiago irudia delako nagusi. Bereziki Snapchata jarraitzen dute: bertan, argazkiek, desagertu aurretik, ordu batzuk baino ez dute irauten ikusgarri. Mugikorrari adi ez bazaude, ez duzu argazki hori ikusiko, eta, esan bezala, kontua ezer ez galtzea da. Deskonexiorik gabeko arreta etengabea! Afari batean, adibidez, mugikorra mahai gainean jartzeak eragin zuzena omen dauka afariko solasaldian. Mugikorraren zurrunbiloan jarritako arreta dela medio, hitz egiteko gai gutxiago bururatuko zaizkigu: mutu egoteko joera berria.

Badirudi, finean, guk ere disfrutatzen badakigula adierazi behar dugula, kontsumoaren munduko biztanleak garela erakutsi. Hauxe litzateke Descartesen formula berriztua: «Gozatzen ikusten naute, beraz existitzen naiz».

Baina, zer ote da galduko genukeena? Zer da argazkietan aditzera ematen dena? Ez dira, egia esan, kontu oso bereziak. Batez ere gure egunerokotasuneko argazkiak partekatzen ditugu: lagunekin kopa bat edaten, hondartzatik paseatzen, jatetxeko mahai gainean pizza eta pastel zatia jateko prest… Badirudi, finean, guk ere disfrutatzen badakigula adierazi behar dugula, kontsumoaren munduko biztanleak garela erakutsi. Hauxe litzateke Descartesen formula berriztua: «Gozatzen ikusten naute, beraz existitzen naiz». Ni hemen, ni hor, ni han… Nia edonon! Tokia, ia-ia, gutxienekoa da. Lagun bat, adibidez, Parisko Louvre museora joan zen Mona Lisa ikustera. Eta, kontatzen zidanez, zer egiten zuen mundu guztiak ilara luzean itxaron ondoren? Koadroaren aurrean buelta eman eta, margolana begiratu beharrean, Mona Lisaren aurrean selfie-ak atera. Badirudi «hemen egon naiz!» dela adierazi beharreko mezu bakarra.

Edozein une izan daiteke aproposa autoargazki bat ateratzeko, hileta bat bada ere. Egia esan, modan jarri dira hiletetako selfie-ak, hildakoaren edo hilkutxaren aurrean egindakoak. Polemika piztu dute, jarritako aurpegi estereotipikoek egoerari beharrezko duintasuna kentzen diotelako. Zein dira, hileta batean zein etxeko egongelan izan, selfie-etarako jartzen diren aurpegiak? Badira errepikatutako keinu zehatzak: mingaina ateratzea, bekaina igotzea edo muxu bat bidaltzea. Horiek izaten dira ohikoenak. Baina, bada ahoa arrain edo ahate forman (duck face) jartzeko ohitura duenik ere, edo, are gehiago, gorputzen zati berezi batzuen selfie-ak: helfie edo ilearen autoargazkia; belfie edo ipurdiarena… Eta badira selfie-en bertsio bereziak ere: adibidez, drelfie deitu zaio mozkortuta ateratakoari; bookshelfie liburuekin ateratakoari edo groufie taldean egindako autofotoari.

Mota guztietako argazkiak partekatzen ditugu, gure identitate iheskorraren berri emateko… Baina, argazkiak eta selfie-ak gauza bera al dira? Bien arteko bereizketan sakondu du Byung-Chul Han pentsalariak.

.

Selfie-ak argazkiak ote dira?

Pentsa genezake teknologia berri baten bidez lortutako argazkiak baino ez direla selfie-ak. Pentsalari batzuek, ordea, ez dute bien arteko jarraitutasunik edo garapenik ikusten, eta haustura bat azpimarratu nahi izan dute. Askotarikoak dira aipatutako desberdintasunak; besteak beste, irudia eskuratzeko moduan dagoena: autoargazkietan ez dago argazkilariarekin harremanik, norberak bere buruaren irudia lortzen baitu. Ekintza autoerotikoa da. Freudek autoerotismoa bere buruari musu ematen dion aho batekin irudikatzen zuen. Oraingoan, ahoa beharrean, begia da nabarmentzen dugun gorputzaren atala, baina autoerotismoaren paralelismo bera egin genezake. Argazkilaririk ez egoteak, gainera, erabat kentzen die izaera artistikoa selfie-ei. Artearena baino, produkzio industrialaren eta kantitatearen logika merkantilista jarraitzen dute. Aurpegi estandarizatuek iragarkien estiloa jarraitzen dute, merkantziaren itxura daukate. Gainera, ‘zaratatsuak’ izan nahi dute, denak oso antzekoak egiten zaizkigu eta denbora gutxi irauten dute merkatuan…

Logika adiktibo horrek agerian jartzen du irudien iheskortasuna, gero eta azkarrago desagertzen baitira. Horregatik, selfie-en bidezko identitatea bereziki helezina da. Oraina etengabe ikusarazi behar dugu!

Argazkien eta selfie-en arteko bereizketari kapitulu bat eskaintzen dio Byung-Chul Hanek Ez-gauzak liburuan. Eta oro digitalizatzearen ondorioak aztertzen eta kritikatzen ditu bertan: gurea materiarik gabeko mundua da, informazioz betea. Gauzarik ez dago jada, eta, gauzen ordez, informazioak inguratzen gaitu. Izan ere, berez, zer da selfie-a? Datuz beteriko errealitate digitala. Ez da gauza bat, euskarri materialik gabeko informazioa baizik. Horixe dugu irudi digitalen benetako izaera: zenbakien segida bihurtutako argia, informazio hutsa. Horrek kentzen die sakontasuna, eta aurarik gabeko aurpegiak erakustera eramaten gaitu. Selfie-en poztasun digital arinari edertasun malenkoniatsua falta zaio.

Bereizketan sakondu daiteke, Roland Barthesek argazkiei atxikitako ezaugarri bati helduz. Haren ustez, argazkiek lotura daukate norberaren barne mundu animikoarekin, norberaren sekretuekin. Gordetako oroipenak dira argazkiak: jabearentzako sakratuak. Selfie-ak, berriz, gaurkotasun hutsa dira, ez daukate oroitzapenekin zerikusi handirik. Horren adibide dugu aipatutako Snapchata: irudiak segundo gutxitan ezabatzeko aplikazioa. Selfie-ek, modu horretan, sare sozialen abiadura bizia daramate, eta gaurkotasun zein abiadura hori ez dator argazkien izaerarekin bat. Bestelako metafisika bati buruz ari gara. Argazkien kasuan, garrantzitsua da horien data, biografia batekin lotzen baitugu. Eleberrien izaera literarioa atxiki diezaiekegu. Selfie-ek, aldiz, ez daukate historiarik, momentua era ludikoan goraipatu baino ez dute egiten. Logika narratiboaren ordez, logika adiktiboa nagusitu zaigu, Byung-Chul Hanek bere analisian esan bezala. Eta logika adiktibo horrek agerian jartzen du irudien iheskortasuna, gero eta azkarrago desagertzen baitira. Horregatik, selfie-en bidezko identitatea bereziki helezina da. Oraina etengabe ikusarazi behar dugu! Hortxe bere exijentzia exhibizionista eroa, denboraren jario amaigabean… Orainen bilduma geldiezinean nortasunaren segida bat ikusarazi behar ote da?

'Selfie'-en fenomenoa aztergai

Nartzisoren heriotza eta selfie hiltzaileak

Aipatzekoa dugu Danny Bowmanen kasua: egunero berrehun autofoto baino gehiago egitera heldu zen. Egunero, era berean, hamar ordu ematen zituen bere selfie-en inguruko aipamenak irakurtzen, sarean. Hamabost urte zeuzkan eta, apurka-apurka, ikasketak utzi, elikatzeari utzi… eta selfie perfektua lortzea ezinezkoa zitzaiola ikusita, bere buruaz beste egiten saiatu zen hemeretzi urterekin. «Selfieadikto» gisa diagnostikatu zuten. Muturreko kasua da, ados, baina muturreko kasuek ‘normaltasunaren’ berri ere ematen digute.

Kasu gordin asko gertatu dira. 2019ko maiatzean, adibidez, 16 urteko gazte batek bere buruaz beste egin zuen Malaysian, bere Instagrameko jarraitzaileen artean galdetegi bat pasatu ondoren: «Hil egin beharko nuke?».

Selfie-ak, horrenbestez, argazkiak ordezkatu ditu. «Phono sapiens-ak» ere «Homo sapiens-a» ordezkatuko ote du? Gure identitate hipermodernoa gure mugikorrean badago, hil ala bizikoa zaigu sarean egotea, bertan existitzea. Hil ala bizikoa.

2008 eta 2021 urteen artean 400 pertsona inguru hil ziren munduan selfie harrigarri eta berezi bat lortzeko ahaleginetan, gehienak gizonezkoak eta gazteak. Egia esan, istripu ugari suertatu dira irudi bikainaren bila arriskuak hartzeagatik: etxe orratzetan, garabietan, zubietan, lakuetan, mendi tontorretan edo animalia arriskutsuekin batera irudia ateratzerakoan. Hildakoen kopurua murrizteko, «selfie-entzako eremu debekatuak» sortzea proposatu dute Ameriketako Estatu Batuetan; edo, modu berean, nerabeei zuzendutako «Milioi bat like-k ez dute giza bizitza bat balio» kanpaina jarri zuten abian Errusiako agintariek.

Kasu gordin asko gertatu dira. 2019ko maiatzean, adibidez, 16 urteko gazte batek bere buruaz beste egin zuen Malaysian, bere Instagrameko jarraitzaileen artean galdetegi bat pasatu ondoren: «Hil egin beharko nuke?». Noa Pothovenen heriotzari «bai» sakatu zioten jarraitzaileen %69k, eta neskatoak online egin zuen bere buruaz beste. Nartzisismoa edo niaren erabateko hauskortasuna irakur daiteke gertaera horietan?

Badirudi ahaztu egiten zaigula irudien atzean gorputz erreal bat dagoela, ebakuntzen bidez selfie-etara moldatu nahi bada ere. Ebakuntza mota horri, nola ez, izen bat jarri diote Bostoneko Medikuntza Unibertsitatean: Snapchateko dismorfia. Oso argia egiten da, horrelako izenekin, buruko gaixotasunen eta gizartearen arteko lotura. Psikologia indibiduala bada psikologia soziala ere; diagnostikoak historikoki eta sozialki aztertu behar dira.

Egun, gorputzaren ordez, haren irudiak hartu du erabateko lehentasuna? Nor da, orduan, bizi dena: nire gorputza edo nire irudia? Batetik, irudien garrantzia dugu, eta, bestetik, autolesioen gorakada. Txanpon beraren bi aldeak? Horrela interpretatzen ditu autolesioak Byung-Chul Hanek Gizarte aringarria liburuan. Zauriek irudiek eztanda egitea bilatzen dute, irudien airea eta ezereza gainditzea, selfie-ak zulatu, zeharkatu eta behingoz gorputzean zerbait sentitzea. Gorputzari existentzia eman nahi diote, etsipenez beteriko errebeldia isilean. Autolesioak selfie-en atzealde odoltsua lirateke.

Dena den, badira beste bide batzuk selfie-en ondorio hiltzaileak aztertzeko, hain nabariak ez badira ere. Adibide gisa, Argentinako hondartza batean gertatutakoa. Bainulari batek izurde txiki bat aurkitu zuen urertzean; uretatik jainko txiki bat aterako balu bezala, izaki eder eta ñimiño hura eskuetan hartu eta ingurukoei erakutsi zien. Hara non, ehunka lagun hurbildu zitzaizkion izurdetxoa ferekatzera eta animaliarekin selfie-ak egitera. Izurdea, bitartean, itotzen ari zen eta halaxe hil zen, inor konturatu gabe. Inori ez zitzaion burutik pasatu uretara bueltatzea berarekin selfie-ak egiten zituzten bitartean. Ateratako ehunka selfie-ak partekatzera joan ziren gero denak.

Datu harrigarria: sare sozialetan irudi bat partekatzearen gastu energetikoa hogeita lau ordutan lau bonbilla piztuta mantentzea adinakoa da. Naturaren irudi miresgarriak bilatzen ditugu eta horrek natura bera suntsitzen laguntzen du. Horixe da Rebecca Giggsen diagnostikoa Fathoms. The World in the Whale liburuan. Naturaren zelako irudi ederra eskaintzen digun gure ordenagailuak pizten dugunean! Badirudi pantailaren barruan gorde nahi dugula natura, haren suntsipenaren eta irudien distiraren arteko kontrastean.

‘Selfie’-en fenomenoa aztergai ‘Selfie’-en fenomenoa aztergai ‘Selfie’-en fenomenoa aztergai ‘Selfie’-en fenomenoa aztergai

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.