Euskararen ezagutza orokortzeak behar du akordio berriaren ipar

Euskararen ezagutza orokortzeak behar du akordio berriaren ipar –

  • 2023ak euskararen eta hizkuntza-politiken arloan emandakoa aztertu eta 2024ko erronkak aurkeztu ditu Kontseiluak.
  • Lurralde bakoitzean arloz arloko hizkuntza-politiketako aurrerapausoak, oztopoak eta atzerapausoak azaldu dituzte, hezkuntza, justizian, administrazioan eta abar.
  • Euskararen ezagutza orokortzeko norabidean konpromiso zibikoa nabarmendu dute adostasun soziopolitiko berri baten eraikuntzarako oinarri.

Gaur Euskalgintzaren Kontseiluak 2023. urteko irakurketa eta ondorioak izenburuko txostena aurkeztu du Donostian, ordezkaritza instituzional, politiko, sindikal eta sozial zabal baten aurrean. Bertan, euskararen aldeko gizarte eragile nagusiak biltzen dituen erakundeak 2023ak euskararen normalizazioan eta hizkuntza-politiken arloan emandakoa aztertu eta 2024ko erronkak eta bideorria aurkeztu ditu.

Euskararen ezagutza orokortzeak behar du akordio berriaren ipar

Urte berrirako bideorria

Lehenik eta behin, Idurre Eskisabelek iazko urte hasieran euskararen biziberritzean aurrera egiteko Kontseiluak aurreikusten zituen etxeko lan nagusiak zerrendatu ditu: batetik, bortitz zetorrela sumatzen zen euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldiari hesia jartzea. Bestetik, etorkizunera begira euskarak bizirik irauteko dituen erronka itzelei aurre egiteko moduko jauzia eragitea hizkuntza-politiketan. Bigarrenean jarri du azpimarra Kontseiluko idazkari nagusiak.

Egitekoen aurreikuspena ez ezik, Kontseiluak lanerako erabiliko zuen tresna nagusia ere zehaztu zuela aipatu du: adostasunaren bilaketa. «2021ean abiatutako Batuz Aldatu dinamikan landutako adostasun soziala ipar, aurrera begirako erronketarako, hizkuntza-auziaren eta euskararen normalizazioaren gaineko adostasun soziopolitiko sendo bat helburu» esan du Eskisabelek.

Urtearen errepasoari ekinez, alde batetik, Europar Batasunean euskararen –katalanarekin eta galizierarekin batera– ofizialtasunerako atea irekitzea albiste ontzat jo du: «Minorizatutako hizkuntza baten normalizazio eta biziberritzea hizkuntza horretako hiztunei beren eremuan eskubide eta babes juridikoa eskaintzetik haten da. Ofizialtasunaren aitortza ez da bere hutsean minorizazioa gainditzeko tresna automatikoa, baina hori gabe oso zaila dela egiazko normalizaziorik iristea» azaldu du. Horrexegatik, Kontseiluko ordezkariek agerraldia egin zuten Bruselan, gainerako hizkuntza gutxituetako eragileekin batera, Batasuneko Estatu kideei hizkuntza-berdintasunaren alde egiteko eskatuz. Tamalez, argudio teknikoen aitzakian EBko Kontseiluak erabakia atzeratuz joan da, eta aukerak lausotuz. Halaber, ofiziatasunaren paradoxa aipatu du, Europan ofiziala izateko aukera zabaldu den bitartean, Euskal Herriko zati handi batean euskarak ez baitu oraindik estatus horren aitortzarik, hala nola, Nafarroako zati handienean eta Ipar Euskal Herrian.

Hizkuntza-politiketan, jauzia egin ezinik

Jarraian, lurralde bakoitzeko azterketa egin du Idurre Eskisabelek, etorkizunera begirako hizkuntza-politiken arloko jauzia egitetik oraindik urrun gaudela azpimarratuz. Euskal Autonomi Erkidegoari dagokionean, datozen 10 urteetarako Eusko Jaurlaritzaren marko estrategikoa ezarriko duen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartze bidean dago, eta sektore publikoan euskararen normalizazioa arautuko duen Dekretua azken txanpan sartua da. Dekretuaren argitaratu den azken bertsioari Kontseiluak alderdi interesgarriak ikusten dizkiola aipatu du Eskisabelek, hala nola, eragin esparrua administrazio osora hedatzea –Justizian eta Ertzaintzan 2033 arte indarrean jarriko ez den arren– eta hautaketa prozesuak euskaraz egiteari ateak zabaltzea. Aldiz, hasierako zirriborroan ontzat jo ziren zenbait elementu erori direla salatu du, besteak beste, 45 urtetik gorakoentzat salbuespena kentzea. Eta horiez gain, hobetu beharreko beste zenbait elementu aipatu ditu: administrazioa euskalduntzeko epea ezartzea, derrigortasun-indizeen eskema gainditu beharra, administrazioa euskalduntzeko neurri eta baliabiden falta…

Nafarroari dagokionez, Euskararen Nafar Kontseiluak Euskararen II. Plan Estrategikoaren azken proposamena bozkatu eta onartu egin zuen. Baina, segidan, Gobernuak kutxa batean sartu eta blokeatu egin zuen gobernuak. Araudiari dagokionean, oraindik ere administrazioan euskararen ezagutza baloratzeko merezimenduen Dekretua ez da argitaratu. Hots, beste urtebeteko atzerapena, eta, bitartean, ehunka lanpostutan ez da euskara merezimendu gisara ere aintzat hartu. Gainera, dekretuaren gainean izan diren azken albisteak aintzat hartuz gero, euskara merezimendu gisa eremu mistoko lanpostu zehatz batzuetan soilik hartuko da, eta, ondorioz, oso eragin murritza izango du.

Ipar Euskal Herrian, berriz, bertako euskalgintzaren bilgune den Euskal Konfederazioak Euskararen Erakunde Publikoari (EEP) 2050erako euskaldunen proportzioa %30era – euskararen biziraupena bermatzeko proportziora– hel dadin hizkuntza-politika berri bat eskatu dio. Frantziako Konstituzioko 2. artikulua aldatu eta euskararen ofizialtasuna lortu bitartean Ipar Euskal Herriak hizkuntza berreskuratzeko esperimentazio lurralde izendapena lortzea.

Hezkuntza: aukerak galtzen

Hezkutza euskararen normalizazio eta biziberritzerako tresna nagusietakoa da. Tamalez, legedi eta baliabide egokirik gabe, aukera galtzen ari direla azpimarratu du Idurre Eskisabelek. Abenduaren 21ean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berria, eta, Kontseiluaren iduriko, tamalez, ez da izango euskararen etorkizuneko belaunaldietan ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzeko urrats sendo eta irmoa emango duen legea. Izan ere, hezkuntza komunitateko eragileekin eta gehiengo sindikalarekin batera, euskarazko ikastereduaren orokortzea proposatu zen. Aldiz, legeren azken bertsioak gaur egungo hizkuntza-eredu zaharkituak eta segregatzaileak mantentzea jaso du.

Nafarroan, Hezkuntza Departamentuak euskararen hedapena galgatzen jarraitzen du. Iruñeko Lezkairu auzoan ikastetxe publiko berria D eredurik gabe zabaldu izana da horren adibide esanguratsua, baina baita PAI ereduen indartzea, euskarazko lerroak irekitzeko oztopo eta traba burokratikoak, ailegatu berri diren familiei euskarazko ereduak ez direla eurentzako egokiak adierazten, eta abar.

Ipar Euskal Herrian, euskarazko irakaskuntzaren egoeraren adierazgarri da 2024. urtean oraindik ere azterketak euskaraz egiteko ezintasuna. Guraso, irakasle eta ikasleen mobilizazioari esker lortu zen brebeta euskaraz egiteko aukerari ateak zabaltzea, baina hortik gutxira berriro atzera egin du Frantziako Estatuak. Halaber, Kattalin Elizaldi kolegioa ireki dute, bigarrena Lapurdin, baina Beskoitze ikastola ixtera behartu nahi dute. Publikoan, berriz, immertsioa txertatzeko zailtasunak daude eta lurralde osoko kasleen %68k ez du euskararik jasotzen hezkuntza sisteman.

Oldarraldi judiziala eta herri gogoa

2023. urtean, euskararen normalizazioaren aurkako epaien intentsifikazioa gertatu da, eremu ezberdinetan. Administrazio publikoko langileei euskararen ezagutza eskatzea auzitan jarri duten sententzietatik hasita –hizkuntza-eskubideak eta lan eskubideak kontrajarriz–, EAEko udalei euskaraz funtzionatzeko lege babesa ematen zien Udal Legea eta bere garapen dekretua partzialki baliogabetzearaino. Sententzia isolatuak izatetik urrun, botere judizialak hartutako joera baten parte dela ohartarazi zuen Kontseiluak, euskararen aldeko hizkuntza-politikak egiteko tresneria erabat kamusten zebilen oldarraldia. Auzi sozial eta politikoa beharko lukeen hizkuntza-politika judizializatu egin da, Estatuko hizkuntza nagusia gaztelera izanik, euskararen normalizazioaren aldeko neurriak “oreka linguistikoa hautsi” eta “urrunegi” joan direlaren aitzakiaren atzerapausoak eraginez.

Hala ere, Kontseiluaren iritziz asmatu da adostasunaren bidetik erantzun bateratu bat artikulatzen: maiatzean euskalgintzako eta askotariko eragileen ordezkariekin egindako prentsaurrekoa, alkate eta hautetsien agerraldia, zein kulturgileek, sindikatuek, nazioarteko eragileek eta tokian tokiko euskaltzaleek antolatutako ekimenak. Azaroaren 4ko manifestazioa aurreikusitakoa baino jendetsuagoa izan zen, hamarka mila pertsona elkartuz Bilboko kaleetan. Manifestazioaren biaramunean, Kontseiluak lortutako adostasun hori erantzukizun handiz kudeatuko zuela nabarmendu zuen, eta tokian tokiko erantzunak artikulatzeko Protokoloa aurkeztu zuen.

Oldarraldiari aurre egitetik aurrera egitera pasatzeko beharra ere aldarrikatu zuen Kontseiluak. Horretarako, euskararen aldeko hizkuntza-politiketan jauzi bat emateko adostasun soziopolitiko berri baten beharra aldarrikatu zuen. Kontseiluko idazkari nagusiak azpimarratu du euskararen normalizazioa ez dela administrazioarekiko harremanetara mugatzen, eta gizarte osoari dagokion auzia dela, egoera zaurgarrian eta minorizatuan dagoen berezko hizkuntza ofiziala den heinean.

Ezagutzaren unibertsalizazioa, konpromiso zibiko

Bide honetan, Euskalgintzaren Kontseiluaren ustez ezagutzaren unibertsalizazioaren norantzan bultzatzea –herritar guztiek euskaraz ulertzeko eta aritzeko gaitasuna lortzea– da etorkizunera begira euskararen normalizazio eta biziberritzeak behar duen akordio soziopolitiko berriaren muina. «Horixe da Kontseiluak datozen hilabeteetan bilatuko duen akordio sozipolitiko berriaren bizkarrezurra: konpromiso zibikoa euskararen ezagutzaren unibertsalizazioarekiko. Euskararen normalizazioak eta euskaldunen komunitatearen etorkizunak ez ezik, gizarte kohesioak ezinbestekoa duelako. Finean, justizia sozialean, bizikidetzan eta demokratizazioan sakontzekoa delako» adierazi du Idurre Eskisabelek.

Azkenik, euskararen biziberritzearen aldeko herri ekimenak izan dituzte gogoan: 2023an zehar egin diren mobilizazio eta ekimen ezberdinak, sinadura bilketak, Topagunearen kongresua eta Euskaltzaindiaren Gogoetagunea. Halaber, 2024ko martxoan egingo den 23. Korrika aurkeztu dute, eta Kontseiluko lehen idazkari nagusi izan zen Xabier Mendiguren Bereziartu gogoratu dute.

Euskararen ezagutza orokortzeak behar du akordio berriaren ipar  Euskararen ezagutza orokortzeak behar du akordio berriaren ipar  Euskararen ezagutza orokortzeak behar du akordio berriaren ipar
Euskararen ezagutza orokortzeak behar du akordio berriaren ipar Euskararen ezagutza orokortzeak behar du akordio berriaren ipar

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude