Euskaldun izateko eskubidearen defentsan

Euskaldun izateko eskubidearen defentsan –

Ez sakabanatu eskolan haur euskalhiztunak

Badira egun batzuk Arnas Dezagun deitzen den guraso talde batek nolabaiteko poztasuna sortu zidana. Ez  baina “Ez sakabanatu eskolan haur euskalhiztunak!” artikuluan idazten zutena berria zelako edo harritu ninduelako, guztiz identifikatua sentitu nintzelako baizik.

Bikotea eta biok Altsasuko eta Bakaikuko euskaldunak gara (euskaradunak, hau ere esplikatu behar omen da eta), gure seme-alabak ere bai, noski, eta euskaraz bizi nahi dugu, atrebentzia ez bada.

Ez genuen uste, garai honetan, Sakanan zailtasun berezirik izango genuenik horretarako. D eredua da nagusi Sakanako ikastetxeetan (publiko zein itunpekoetan), halere, bada oraindik A ereduan dabilen gutxiengo bat. Hau horrela, guztia alde genuela zirudien.

Eskualdeko ikastetxe publikoetan Haur eta Lehen Hezkuntza eskola txiki edo gertukoe eskoletan izaten da. Gure kasuan umeak Etxarri-Aranatz-ko San Donato ikastetxe publikoan izan ziren eta hirugarrena ere bertan da. Eskolak, irakasle taldeak alegia, bereak eta bi borrokatu zuen A-eredua desager zedin, erdaldunak euskalduntzen izugarrizko lana egin zuten, aisialdia euskaraz bultzatu zen (egun gauzak okerrera egin du arlo honetan) eta atsedenaldian umeak euskaraz ari zitezen programa ezberdinak zituzten (jolas bideratuak, txartel jokoak,…) Iritsi da baina, institutura joateko unea.

Taldeak egiteko garaian institutuko orientatzailea ikastetxe bakoitzarekin harremanetan jarri eta ikasleen arteko harreman eta bestelako informazioa elkar banatzen dute eta horren arabera taldeak osatzen dituzte… Baina euskararen erabilera ez da taldeak osatzeko unean irizpide bezala kontuan hartzen. Eta ondorioak halakoxeak. Gure alabaren kasuan, D ereduan matrikulatuta egon arren hizkuntza ohiturak guztiz aldatu ziren, institutuan eta kalean solasaldi guztiak gazteleraz egiten zituen, etxean ere gaztelera erabiltzen hasi zen… desastrea.

Esperantzara kondenatuak gaudela dio Garik eta hori izango da akaso, baina argi izpi bat ikusi dut alabarengan azkenean. Institututik kanpo jada, 16 urterekin, Etxarriko eskola garaiko lagunekin euskaraz hitz egiteko ohiturari eusten dio, ikastetxe hura harendako arnasgune ederra izan zelako. Altsasuko Institutuan ez zuen aukera hori izan, bertan sortu ziren harreman berriak gazteleraz sortu ziren eta hala jarraitzen dute izaten, erdaraz.

Gurea adibide bat besterik ez da, ezagutzen ditut gehiago nire inguruan eta Euskal Herri zabalean horrelako makina bat izango dira ziur.

“Eskolak ezin du dena egin” haurrak euskalduntzeko garaian, ados nago irakasle izanik errealitatea zein den ezagutzen dut, baina eskola ezin daiteke izan haur euskaldunak erdaldun bilakatzeko gune. Alde ederra ikusi nuen nik Etxarriko eskolaren eta Altsasuko institutuaren artean horretan, tamalez.

Gure seme-alabek euskaraz naturaltasunez eta eroso egiteko aukera izan dezaten baldintzak sortu behar dira ikastetxeetan, deitu arnasgune, arigune edo deitu nahi bezala. Horretarako, gure etxean, gure herrian, eskubidea daukagu.

4 pentsamendu “Euskaldun izateko eskubidearen defentsan”-ri buruz

  • Milaka guraso gara arnasguneen beharra aldarrikatzen ari garenak. Batu gaitezen eta aurrera!!
    Arnas Dezagun batera!!

  • Ta Altsasuko institutuko arduradunek zer diote guzti honen inguruan?
    Ez dezagun ahaztu egoera honek arduradunak ditu, tokian tokikoak…
    Kontuak eskatzeko ordua heldu da

  • Tokian tokikoak bai, eta euren gainetik daudenak ere bai.

  • Ba gure esperientzia Iruñerrira joan eta gero dramatikoa ari da izaten. Txikiek etxean euskara besterik ez dute entzuten baina beraien euskara maila oso oso kaxkarra da. Ni pelma bat eginik beraien esaldiak euskara garbian errepikatzen aritzen naiz beraiei esfortzu bat eskatuz, ze euskañola hitz egiten dutela diote naturaltasun osoz. Beraien inguruak erabat kontaminatuta ditu. Hasieran uste nuen irla bat giñela ikastolako ekosisteman, baina orain pentsatzen hasia naiz noraezean dabilen untzi nimiño bat garela. ????

    Asier Olazoila pilotariak esandako hartaz askotan gogoratzen naiz, San Fermin ikastolan ikasi zuela erdaraz alegia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude