Ez sakabanatu eskolan haur euskalhiztunak!

Ez sakabanatu eskolan haur euskalhiztunak
Argazkian Ondarroako Txomin Agirre ikastolako haurrak (Lea Artibai-Mutrikuko Hitzatik)

Hau sinatzen dugunok euskaraz bizitzeko hautua egin dugun gurasoak gara. Dozenaka kilometrok banatzen gaituzten arren, gauza batek batzen gaitu: geure seme-alabek ere euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten nahi dugu. Tamalez, helburu hori lortzeko zailtasun asko aurkitzen ditugu gure herrietan. Izan ere, eremu erdaldunduetan bizi diren 2 eta 14 urte bitarteko haur euskalhiztunek ez dute erraz izaten euskaraz egitea parkean, kalean edota eskolan. Eskolan, hain justu, lehentasunezkoa izan beharko litzateke arnasguneak sortzea eremu erdaldunetako haurrentzat. Horren ordez, baina, ikastetxeetan haur euskalhiztunak sakabanatu eta, ondorioz, erdaldundu egiten dituzte sarritan, dela estrategia okerrari jarraitzen zaiolako edo, makurrago dena, estrategiarik ez dagoelako. Nola liteke euskara indartzeko arnasgunea izan beharko litzatekeen lekua erdalduntze gune bilakatzea?

Gure seme-alabak euskaraz eroso bizitzea xede, beraz, Eskola Publikoko eskoletan eta Ikastolen Elkarteko ikastoletan matrikulatu genituen, zentro horiek euskara sustatzea misiotzat daukaten neurrian gure helburua bermatuta egongo zelako ustean. Baina ikastetxeotan aurkitu dugun egoerak helburu hori betetzen lagundu barik urrundu egiten du. Izan ere, gure seme-alaben jolastordu giroan, eta hein handi baten gela barruan ere, ikaskideek elkarrekin darabilten hizkuntza gaztelera da. 

Horren ondorioz, gure seme-alabek euskararen erabilerarekiko uste etsigarriak garatu dituzte, gaztelera ez erabiltzeak ekar diezazkiekeen integrazio arazoen beldurrarekin lotutakoak. Eurok adieraziak dira: “Ni euskaraz nabilen bakarra naizenez, ezberdina ez izatearren, batzuetan erdaraz egin behar dut” edo “Ama, lagunek esan didate ea zergatik ez dudan espainolez hitz egiten? Utziko didazu?”. Hala, gazteleraz hitz egitera edo gazteleraz dabiltzanekin interakziorik ez (edo gutxi) izatera jo dute. Estres linguistikoa pairatzen dute, eta horrek euskararen erabileran ere eragiten die, txarrerako. 

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) hurrengo hau proposatzen du ikasgela guneei dagokienez: “Ikasgelak: horrelako guneetan, haur eta gazte euskaldunak gela eta gune zehatzetan elkartzea da bidea, zalantzarik gabe, arnasgune txiki horiek sortuta soilik sortu daitekeelako antena eta motore efektua. Horrelako guneetan, (…) kontrakoa gertatzen baita hizkuntza gutxituko hiztunak hizkuntza eta kultura hegemonikoaren baitan nahasiz gero: beti, salbuespenik gabe, hizkuntza gutxitua desagertzen da”.

Gune erdaldunetan ezinbestekoa da, beraz, eskolan, ikasgelan, haur euskalhiztunak ez bereiztea. Inongo biziberritze prozesutan ez baita hizkuntza bat zabaltzen dauden hiztun apurrak hizkuntza hegemonikoaren erabiltzaileen artean nahasita. Hori eginez gero, kontrakoa gertatzen da: hizkuntza gutxiagotua ahuldu egiten da. Beraz, arnasgune funtzionalak sortzea da bidea, gure haurrak euskaraz biziko badira normaltasunez, larritasunik gabe. Arnasgune bilakatuko diren ikasgeletan haurrak elkartuta soilik sortuko baita motore eta antena efektua.
Alabaina, gure haurrak beste haur euskalhiztunekin elkar ditzatela eskatu dugunean ukatu egin digute aukera, “irizpide pedagogikoen, aniztasunaren eta inklusibitatearen izenean”. Ez gatoz inondik ere bat. Aniztasuna eta inklusibitatea gazteleraz baino ezin dira bermatu, ala? Aniztasuna eta inklusibitatea nahi ditugu geuk ere, baina gure herrian, geure hizkuntzatik, euskaratik, hain zuzen. Edozein herri normaletan gertatzen den bezala.

Hizkuntza arloan nor ateratzen da irabazten gaur egungo taldekatze irizpideekin? Inor ere ez! Euskal hiztuna den umeak gaztelerara jotzen baldin badu, nork egingo du euskaraz? Orain, denak ateratzen dira galtzaile. Badakigu Euskal Herri osoan asko zaretela gure egoera berbera bizi duzuen gurasoak. Dei egiten dizuegu gurekin bat egitera. Zabal dezagun elkarrekin eztabaida hau, mugiaraz ditzagun egoera aldatzeko eskumena dutenak. Seguru gaude denon artean lortuko dugula gure seme-alaben euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea.

 

Izaskun Rekalde, Gilen Mejuto, Mitxel Elortza
“Arnas dezagun” guraso euskaldun taldeko kideak
Harremanetarako: arnasdezagun@ni.eus

 

37 pentsamendu “Ez sakabanatu eskolan haur euskalhiztunak!”-ri buruz

  • Bizipen hauek elkarbanatzen dozuezan guraso eta familiak ehundu nahi doguz,jarri gurekin harremanetan interesatuta bazauzie: arnasdezagun@ni.eus

  • Amaia Aguirre Martinez 2021-07-23 11:07

    Lotsagarri! Noiz arte?

  • Txalotzeko ekimena!!!

  • Nestor Esteban 2021-07-23 14:01

    Hauxe herriko guraso batek erran zidana:
    “Eskolako lehen urtean alabak oso gaizki pasa zuen”(euskaldun elebakarra zen, ez zuen norekin euskaraz egin).

  • Maharatu duzue arazoa eta ez da gutxi. Joan den urteetan hedatzen ari diren pedagogi guziek porrot egin dute, eta hori da gure hizkuntzaren eta nazioren menpekotasuna kontutan hartzen ez dutelako. Faktore hori bazter uzten dute eta hortik dator porrota

  • Ikastolen hasierako pedagogia hobea zen dirudienez, emaitza hobeak erdiesten zituzten behintzat.
    Zorionak, eta ea kontu hau asintzen duzuen! Badago beharra

  • Bat nator kanpaina honekin. Gure haurra eskolara sartu zenetik euskaldundu ordez erdaldundu da gehiago eta gure kulturako ohiturak ikasi ordez kanpokoekin ateratzen zen, Papa Noel, Ratoncito Pérez eta abar.
    Zerbait gaizki egiten ari dira eskoletan.

  • Erabat ados azaldutakoarekin. Nire integrazio-desintegrazioren definizioa:
    Multzo koskor batean ale batzuk sartuz integrazioa.
    Ale bakan batzuei multzo bat erantsi eta ale bakn horien desinintegrazioa lortzen da.
    Orain pentsatu zein egoeratan dauden Euskal Herriko ume gehienak eta ekuazioa ebatzi.

  • Gure haurrek dezente hobeto egiten zuten euskaraz erdaraz baino, ikastolan hasi zirenean. Ikasturte bukaerarako hobeto egiten zuten erdaraz euskaraz baino. Ikastexeek, guztiek, zeregin handia dute aurretik erabileraren auzia. Bakarrik ezin dute, hori hala da, ekimen herritar zabalago batekin batera ekin behar zaio, baina asko dute etxe barruan egiteko. Hasteko, irakasle askoren hizkuntza maila eta hizkuntza ohiturei dagokionez. Adibidez, irakasleak ikastetxetik at erdaraz bizi badira, zer eredu ematen diete euren ikasleei?
    Eta euskara maila kaxkarra duten irakasleak? Ez die lotsarik ematen? Ezin dute ez euskara, eta ez ikasgaia ganoraz irakatsi…
    Ikasmateroalak, erreferentziak, eta abar, eta abar.
    Ikastetxe asko eta askotan euskara, gaztelera edo ingelesa balitz bezala erabiltzen da, kode huts bat balitz bezala. Horrela ez dago zer eginik.
    Hezkuntza proiektua eta HIZKUNTZA (euskara) proiektua landu behar dira, biak.
    Eta haur euskaldunak elkartu, zaindu eta erreferente bilakatu, noski. Sekula ez sakabanatu!

  • Gu guztion sostengua daukazue. Segi aurrera.

    Uste nuena baino okerrago gaude, guraso euskaldunak ikastetxeetan horrelako erantzunak jasotzen ari badira. Integrazioaren mesedetan (gaztelera ardatz delarik) euskarak hil beharra daukala esatea da hori, non eta ikastolan! Nazionalismo espainolik gordinenak ere “integrazio” eredu horri aldeko bozka emango lioke. Etsaiaren diskurtsuan murgildurik ezin igerika ari gara, itotzen. Dagoeneko gaztelera=”lengua de libertad, que nos hace a todos libres e iguales” hori barren-barreneraino sartua daukate euskararen ustezko bultzatzaile batzuek ere (eman diezaiogun eskerrak ETB2-ri). Norbaitek erruki gaitzala.

  • Menpekotasunaren harra ondo sartuta daukagu, bai.
    Oso esanguratsua da, ikastetxe “publikoetan” bakarrik ez, ikastoletan ere haur euskaldunak elkarrekin jartzea gaizki ikusita egotea, balizko arrazakeria molde bat balitz bezala. Aldiz, haur euskaldunak erdaldunen artean sakabanatu eta guztiak españolez edo frantsesez jarduten badute, orduan dena ondo, “mestizaje” eta “integrazio” gaizki ulertuen izenean. Hori ez da “mestizajea”, akulturazioa baizik, eta ez da “integrazioa”, euskaldunen desintegrazioa eta erdal uniformizazioa baizik. Tonaka konplexu kendu beharko ditugu gainetik, pulamentu apur bat egiten hasi orduko.

  • Maitek arrazoia du. Haurrek funtsean erdara ikasten dute ikastetxeetan, hori guztiok dakigu. Euskara formal bat ikasten dute bai, baina bizitzeko hizkuntza gaztelera izatera pasatzen da.

    Normalena ama hizkuntza eta hizkuntza natiboa berdinak izatea da, munduko toki gehienetan gertatzen den bezala. Baina Euskal Herrian, ikastolara sartu arte haur askoren ama hizkuntza eta hizkuntza natiboa euskara bada ere, gero hizkuntza natiboa irauli egiten da. Horregatik dugu gaur egungo hondamendia, ama hizkuntza euskara duten euskaldun gehienak hobeto moldatzen direla erdaraz, hizkuntza natiboa erdara dutelako orain. Hori hizkuntza baten heriotza da, baina jendeak ez du ikusten.

    Ama hizkuntza ez da beti hizkuntza natiboa bihurtzen. Hasieran bai, baina gero hizkuntza natiboa irauli egin daiteke, ama hizkuntza ez den beste bat izatera pasatuz. Eta irauli egiten da, ia beti, Euskal Herrian, haur erdaldunak euskaldunekin nahastearen ondorioz.

    Hizkuntza bat ez da modu zurrunean ikasten, ikasgelan. Hizkuntza bat jolasean ikasten da. Haur erdaldun bat bost haur euskaldunen artean sartuz gero, sei haur erdaldun izango ditugu. Haur euskaldun horiek gero, euskaldunak izan arren, ez dute erabiliko, eremu formaletik kanpo. Hori lortzen du gaur egungo hezkuntza ereduak, guztiak erdaraz bizitzera bultzatzea.

    Ama hizkuntza euskara dutenak eta ama hizkuntza erdara dutenak ezin dira ikastetxe berean sartu, inondik inora. Biak D ereduan, baina bi ikastetxe desberdinetan, ikasleen beharretara bideratuak bai bata eta bai bestea. Bata zubiko D eredua, bestea D eredu naturala.

  • Guztiz ados, Jone.

  • Bai… Jendeak ez du arazoaren neurria ikusten, ezkutatu egiten zaiolako.
    Nafarroan eta Iparraldean, nahikoa lan ikastola bat edo D ereduko ikastetxe bat aurkitzen. EAEn, agintari erreajionalisten hedabideek dena ondo doala zabaltzen dute gau eta egun (munduan eredugarriak gara, eta txor-txor-txor). Hedabide nazionalista espainiarrek ostera, demaseko euskalduntze eta doktrinatze abertzalea gertatzen ari dela iragartzen dute, gezurretan ari direla jakin arren.
    Euskalgintza eta ezker abertzalea ez dakigu oso ondo nondik edota zertan dabiltzan…
    Nola jakingo du ba jende arruntak zer gertatzen ari den? Ezin da jakin, norberak lokatzetara jaitsi eta gertutik behatzeko lana hartzen ez badu.

  • Egia borobila 2021-07-23 18:42

    Arazoa argi ikusten duzue. Hortaz, argi ikusiko duzue ere, “euskaraz bizi nahi dut” eta immigrazioa handitzearen aldeko diskurtsoa erabat kontraesankorrak direla.

  • Sakabanaketak euskararen lagunarteko kodea sortzea eragozten die haurrei.

    Ikastolan euskarazko eredu formala ikastea beharrezkoa da, baina euskara kalean naturaltasunez entzun nahi badugu, beharrezkoa da formaltasunetik at dagoen euskara garatzea. Herri euskaldunetako euskara biziak egunero garatzen ari den kaleko euskaran du sorburua eta horixe behar du, batez ere, gune erdaldunean erabiltzen den euskarak.

    Beraz oso beharrezkoa da haurtxo euskaldunen sarea eskolatik ehuntzen hastea.

  • Hezkuntza-arduradunak nora begira daude?
    Ikastetxeotako zuzendaritza taldeek eta guraso batzordeek ez dute ezer esateko?
    Irakasle euskaltzaleak non daude?
    Alderdi nazionalista espainiarrak pozarren, ulertzekoa da, baina alderdi abertzaleek ez dute esateko ezer?
    Emaitzak tamalgarriak dira, haurrak gero eta goizago erdalduntzen dira… porrotaren neurria ez dute ikusten?
    Bost axola zaie?

  • Beste egunean Castejoneko lagun batek kontatzen zidan zelan bertoko gurasoek ikastolan sartzen dituzten umeak magrebiekin ez elkartzeko publikoan.
    Non eta nafarroako erriberan!Zer den mundua!
    Eibarreko beste lagun batek esan zidan geroago berdina pasaten dala.
    Aurrekari hauekin, pentsatzen dut artikulu honen proposamena,askoz zentzudunagoa dena, posible eta desiragarri izango litzatekeela guztiZ.
    Animo eta aurrera

  • Hezkuntza planteamendu porrot baten aurrean gaude eta gure hizkuntza salbatu gure badogu bide berriak zabaldu behar dira. Honelako ekimenak behar beharrezkoak dira, behingoz gure mandatariak sartu gaituzten irteerabako tunel honetatik atera gaitzaten. Inmigrazio deskontrolatua, guraso euskaldun batzuen axolagabekeria eta espainiako kolonoen semealabaen eraginak itolarrian utzi gaitu. Herri moduan iraun gure izanez gero, espabilatzea dekogu.

  • Bada garaia eskola sare kooperatibo berri bat fundatzeakoa, baldin eta euskal haurren eta euskal komunitatearen geroa bermatu nahi bada, badirudielako barrutik gauza gutxi egin daitezkeela. Ni ez naiz guraso eta ez naiz hezkuntza komunitate deitzen denaren partaide, baina proiektu berriak abiatzeko kapitala behar izatekotan jarriko nuke nire puskatxoa, dudarik gabe. Askotan gauzak aurrera eramateko gogoak baino dirua da falta dena eta esperantza daukat, aspaldian bezala, euskalduna ez dela zekena izan ohi. Beti gaude agintarietaz kexu eta haiek zerbait egiteko esperoan, baina alde horretatik laguntzarik etorriko ez bada guk geuk eman behar diogu laguntza geure buruari.
    Pentsamolde oso hurbileko euskaldun asko daudela dirudit, baina antolaketari dagokionean oso sakabanatuak. Hori da falta zaiguna, ekintzen aldetiko batasuna. Euskaldunok programa politiko berri baten beharra daukagu, euskaldunontzat egindakoa espreski. Borrokaren ardatza hor baitago biziraun behar badugu, zein alderdik dauka euskaltasuna ardatzatzat egun? Euskal Herriaren aldeko politika zombie bat da, bizirik dago bere heriotzean… Ez daukagu hezurdurarik, masa amorfo bat bilakatu gara eta indarrak borroka partzial, antzu eta urrituetan galtzen dugu (noizko euskaldunon alderdia?). Gogoratu bateria gabe geratutako auto bat abian jartzerako orduan guztiok aurrerantza bultzatu behar dugula, beste edonon kokatzen denak traba egiten du eta batzuetan merkeagoa da auto berria erostea zaharra konpontzea baino. Aio!

  • Eskoletan azkenaldian ulertezina den arnasguneen mugimendua dago. Haurren euskara maila negargarria da (diagnostiko probetan gero eta haur gehiago daude hasiera mailan), haur erdaldunak nekez euskalduntzen dira,eta euskaldunak erdalduntzen dizkigute.ez dago eskubiderik

  • Zer diote honetaz hizkuntza politikaren arduradunek?
    HPS-k? Euskarabideak? EEP-k?
    Hizkuntza politika eta Hezkuntza sailburuak?
    Ikastolen elkarteak? Euskal Eskola Publikoak?
    Topaguneak? Kontseiluak? Sortzenek?
    Arduratuta daude? Ez?
    Ez dakite-ez dute erantzuten?
    Kilkir-kilkir-kilkir…?

  • Benat Castorene 2021-07-24 17:10

    Xan, zure galdera logikoa da; Aipatzen ditutzun kargu eta estruktura guzietan aritzen direnak, aldez edo moldez, oraigo sistema politikoaren onuradunak dira, guti baizik ez baldinbada ere.
    Salbuespenak salbuespen, biziki zaila zaie diagnostika objektiboa egitea eta are gehiago bere sekuritatea kolokan eman lezakeen helburuak asmatzea. Ohiko giza-joera da haiena. Ea gu haien tokian bagina nola portatuko ginatekeen? Egoera orokorra baita gure ideologia ere dira araiz biziatuak.
    Eskerrak Hank Euskorpio-ri loturarentzta, hasia naiz berrirakurtzen.

  • Sufrimendu hau bakardadean eraman dugun gurasook egoera honi elkarrekin egin behar diogu aurre. Matrikulen kaptaziora bideratutako branding estrategien zehaztapenetan ikusi dut zentratuta nire semealaben ikastola orain. Euskararen erabileraren gure ardura jakinarazi zaienean 500 gurasotatik 30 bat baino ez garela horretaz arduratuta gaudenok entzun behar izan dugu zuzendariaren ahotik. Ikastola batetako zuzendari zein irakasle izateko Ikastolen Elkarteko xede/misioan sinesten duten profesionalak behar dira. Edo oker al nago ni? Xedea aldatu al dute? Horrela bada gurasook jakinaren gainean egon beharko genuke, euskara ezin da eta helburu merkantilista batekin erabili.

  • Ekimena bikaina iruditzen zait, behar beharrezkoa. Ea ba hedatzen den, premia badago eta.
    Leire, zur eta lur lotu naiz zeure iruzkina irakurrita. Zelan esan dezake ikastola bateko zuzendariak gutxiengoa zaretela euskararen erabileragaz kezkatuta zaudeten gurasoak? Erantzun eskasagorik! Ikastola horren porrotaren, eta zuzendari horren gaitasun ezaren isla gardena. Espero dut bakanak izatea iparra zeharo galdu duten ikastolak.

  • Ezinezkoa da artikulu hontan jasota dagoena inmigrazioaren aldeko egungo abertzaletasun progre eta globalista honen eguneroko doktrina eta jardunarekin uztartzea. Irakasleen gehiengoa, sindikatu ustelak eta diru publikoan bazkatzen duten hamaika erakunde kontra izango dituzue.

    Bejondaizuela hala ere arrazoia zeuena da eta!

  • Harrigarria iruditzen zait D ereduan erdaldunak euskalduntzeko behar diren euskal hiztunen ehunekoekin ikerketarik ez egotea. Aztertu beharko litzateke gelan zenbat haur euskal hiztun behar diren erdaldunek beren hizkuntza ohiturak alda ditzaten. 7 euskal hiztunek lortuko balute gelako 3 erdaldunek euskara erabiltzea, garaipen txiki bat litzateke. Gainera, gaur egun jatorri desberdineko pertsona ugari dago eta gela berean erdara ezberdinak dituzten erdaldunak sar daitezke (euskara nahitaez erabili beharko lukete komunikatzeko).

    Hori hurbileko eraginari dagokionez (familia eta lagunak), baina, era berean, kontuan hartu behar dira gainerako bi sektoreak, hau da, gizartea eta boterea/estatusa.

    Gizartean bizitzeko hizkuntza aldatu behar bada, gainbeheran jarraituko dugu. Beharrezkoa da zinema, antzerkia edo telesailak euskaraz ikustea, euskaraz irakurtzea, kirola euskaraz egitea, euskaraz erostea, lanean euskara erabiltzea, etab.

    Eta azkenik, gure erreferenteek, miresten ditugun pertsona horiek, euskara erabili behar dute. Ez du ezertarako balio haurrek Goazen telesaileko aktoreek gaztelania sare sozialetan erabiltzen dutela ikusteak edo ETB2k kirolari euskaldunak gaztelaniaz elkarrizketatzeak. Nahikoa dugu eragin erdaldunekin, hortaz ez ditzagun ere ditugun euskal erreferente apurrak erdaldundu.

  • Benetan harrigarria dena da, urte batean bai eta bestean ere bai, hamarkadatan haur euskaldunak sakabanatzea sistematikoki, haurrok erdaldunduz eta erdaldunik euskaldundu barik ordainetan.
    Celáak edo Unzaluk-edo asmatutako sistema dirudi. Sinestezina da.
    Noren eskuetan gaude?

  • Oso esku trebeen menpe EZ bistan denez.
    Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, DBHko ikasleek ebaluazio diagnostikoan inoizko emaitzarik txarrenak lortu dituzte euskara gaitasunean.
    Eta ez dirudi ezer gertatzen denik…
    Hezkuntza Sailburua oporretan? Edo Jeff Bezosekin txangoan?
    Ea handik edo nondik itzultzen denean ganorazko neurriak hartzen hasten den!
    https://www.berria.eus/paperekoa/1913/002/001/2021-07-16/euskara-ikasgelan-gero-eta-gutxiago-eta-okerrago.htm

  • Jone: ganorazko neurriak hartu? Zaude, zaude! Joan den 40 urtean ez eta orain? Gu ahalegintzen ez bagara jai dugu. Agintariak lasai ederrean daude, gure euskara atzendua dute aspaldi handian. Karrikara atera beharko genuke, baina euskagintza ofiziala ere lozorroan dago. Beraz… inguruan hasi jendea iratzartzen, familiakoen artean, adiskide artean, ahal den toki guzietan. Eutsi!!!!

  • Semenogorri 2021-07-28 00:37

    Nire bizipenari dagokionez, ni saiatu nintzen seme-alaben Indautxuko Eskolara ekartzen Bilboko beste eskola bateko aspaldiko ekimena. Hortaz, orain dela 4 urte batzartu nintzen Santutxuko “Karmeloko” zuzendariarekin eta ikasketaburuarekin, han guraso euskaldunen seme-alabak lerro batera elkartzen zituzten-eta; guraso erdaldunenak ezertarako gutxietsi barik beste lerroan sartzen zituztelarik indartze D ereduan. Lhko 3. mailara behin helduta, mota batekoak zein bestekoak nahasten zituzten.
    Han bertan egiaztatu ahal izan nuen umeen arteko erabilera, sortzez hizkuntz komunitate bat sortuta, jolastokiko borobiltxo batean baino gehiagotan . Aldi berean, aipatutako zuzendaritzakoek ordenagailuz EAE mailako ikasguneen erabileraren batezbestekoa erakutsi zidaten; gainerakoen adierazlea 3,7 zen , 1etik 5era artekoa, Karmelorena 4,2.
    Han jasotakoa Indautxuko Eskolako hezkuntza batzordera eroan nuen, segituan eta berehala eskola kontseiluan adierazteko.
    Erantzuna: baztertzailea eta aniztuna ere ez zela.
    Talibana, baztertzailea eta zer zekarkien horrek onuratzat ulertuta edo zein zen bere alderdi ona ere entzun behar izan nituen!
    Kontra hango guraso elkartea eta eskolako zuzendaritza bera, azkenengo honek euskaldunen kopurua %7 zela eskolan bertan eta ez zeukala zentzurik erantzun moduan, nahiz eta esan espainieraz ez zekiten umeekin nahasteko gela bat sortze aldera.
    Hango OOGn 6 urte eta erdi eman nituen. Ondorio bezala, iruzkindu behar dut leku askotako D ereduko guraso elkarte asko emakumeen aldeko diskriminazio positiboaren politika adibide gisa euskarari egokitzerakoan ez daudela alde kontra edo indiferentziaz baino. Erdal aniztasuna hizpide. Gu, euskaraz bizi garenok ulertu barik.
    Antzeko parametroetan maisu-maistra askorengan topatutako gabezia. Euskaraz dakien guztia ez da aldekoa, hau da, kontzientziarik ez daukatela, bai hizkuntz maila lanagatik atera dutelako, bai berea ez delako, hezkuntza sistemaren bitartez euskara jaso dutelako, besterik gabe.
    Ondorioa argia da guraso elkarteak kasu gehienetan etsai bihurtzen dira, euskaltzaleak ez dira-eta, dagoen gizartearen aniztasunaren diskurtsoa defenditzen dutelako, gurea ez dena. Beraz, hegemonikoak izan behar edo boterea lortzea ekimena indarrean ipintzeko!

  • Profesionaltasunik eta hizkuntza-proiekturik eza ezkutatzen da zenbait ikastetxetako hainbat zuzendari, irakasle eta gurasoen jarreraren atzean.
    Nola gaitzetsi daiteke seme-alabak euskaldun izatea nahi duten gurasoen eskaria, Euskal Herrian eta D ereduan edo ikastolan???
    Nola dei dakieke “taliban” edo “elitista” guraso euskaltzaleei???
    Ikastolek eta D ereduko ikastetxeek gure haurrak euskaldun oso bihurtzeko ardura (eta legezko agindua EAEn eta Nafarroako erreserba baskofonoan) daukate, horretarako beharrezkoak diren baliabideak jarriz eta Administrazioei exijituz, behar denean. Besteak beste, irakasleen euskarazko gaitasun egokia bermatuz, sarri ematen ez den zerbait, zoritxarrez.
    Edota ikasgelan euskarazko baliabideak eskainiz eta ez gaztelerazkoak, euskarazko klasea behar zuena erdarazko bihurtuz, sarri ikusi behar izan dugun gisan. Adibidez.
    Edota euskarari merezi duen lekua eta garrantzia emanez, eta ez “beste hizkuntza bat gehiago” balitz bezala aurkeztuz. Euskal Herrian euskara ez baita “beste hizkuntza bat”, bertoko eta lehentasunezko hizkuntza baizik; Espainian española edo Frantzian frantsesa diren bezala.
    D ereduko edo ikastoletako profesionalek euskaltzaleak behar lukete, eta ez erdaltzaleak. Hori ez bada bermatzen, ez D eta ez ikastola, iruzurra besterik ez dira.
    Euskal Herrian guraso euskaltzaleei “elitista” edo “taliban” esateko gauza diren zuzendari, irakasle edota gurasoak, ezjakinak dira, edo inkonpetenteak edo espainiazaleak. Edota hirurak batera. Ez diot beste azalpenik aurkitzen.

  • Irakurri azken artikulu honetako beheko iruzkinak. Badirudi praktika hau oso orokortua dagoela. Nola harritu daitezke gero haur guztiak erdaldun ateratzean? Berak dira egoera hau modu konziente eta aktiboan bultzatzen dutenak, ikastetxeak. Zer egiten ari diren ere ez dakite. Euskara berriz hilzorian erortzerakoan beste zerbaiti botako diote errua, diru faltari edo. Euskara hiltzen denean “ezin zitekeen beste ezer egin, gure eskuetan zegoena egin genuen, baina modu naturalean hil zen azkenean” esango dute. Etsaiaren ideiak barreneraino inokulatuak ditugu. Bada garaia hau konpontzeko.

  • Eskerrik asko, Julen.
    Horra hor INKONPETENTZIA instituzionalizatuaren adibide bikaina:
    “Umeak (euskaldunak) banatzea ezin ulertuta, biharamunean azalpen eske joan dira bien gurasoak ikastolara. «Euskarari dagokionez, seme-alaba eredugarriak dituzue, eta bakoitza gela batean jarri dugu gainerako umeentzako eredu izan daitezen», esan die zuzendariak. «Euskaraldia ariguneak identifikatzen hasi berri den garaiotan, hori ez al da arnasguneen teoriaren guztiz kontrakoa?», galdetu du gurasoetako batek; «euskaraz egiten zuten ume apurrak erdaraz jo eta fuego dabiltzan taldeetan sakabanatzea ez ote da hiru gatz ale izan eta bakoitza ur litro batean botatzea, pitxar osoa itsasoko ur bihurtzeko ustean?», esan du beste batek serioago. «Erabakia hartuta dago eta ez dugu aldatuko», jaso dute erantzun.”
    https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2020-10-06/elebakarrik-ez.htm