Erreferentziak

Erreferentziak –

Guztiok behar ditugu erreferentziak gure bizitzan, guztiok behar ditugu erreferentziak munduan kokatzeko; zer izan nahi dugun eta nola jokatu behar dugun ebazten lagunduko diguten erreferentziak; baita nola hitz egin behar dugun erabakitzeko ere.

Erreferentziak

Hautatzen ditugun erreferentziek eramaten gaituzte bide batean ala bestean barrena. Pentsa dezagun esate baterako elkarrengandik zeinen urruti egotera iritsi litezkeen gure inguruko bi neskatila gazte, hurrenez-hurren batak Madonna eta besteak Maialen Lujanbio erreferentziatzat hartuz gero.

Zorioneko “portzierto” horren inguruan Julen Telleriak berriki idatzitako gutunak eztabaida franko piztu du hitz hori normalizatzearen alde eta aurka ageri direnen artean. Horietako batzuk jarraitu ahal izan ditut eta bertan ez dut topatu nire uste apalean auzi honen muinean dagoen giltzarria: erreferentziena.

Julen Telleriaren erreferentzia, berak aitortzen digunez, baserriko amona zena du. Baserriko amona Maria da “hizkuntza-naturaltasun” kontuetan erabili ohi duen termometroa. Euskaraz eskolatutakoa izan arren, bere erreferentzia baserriko amona da. Ez Axular, ez Mitxelena, ez  Txillardegi, ez Atxaga, Sarrionaindia edo Alberdi. Baserriko amona.

Eta ez hezur-haragizko amona gainera, oharkabean mitifikatua baizik, beti euskaraz bakarrik egiten zuelako, erdarak eta erdaldunek, batzuetan zuzenean eta beste batzuetan euskaldunen bitartekaritzaz ere, herri honetan hainbat mendez eragin dituzten keinu, jarrera eta aje soziolinguistikoetatik libre eta garbi balego bezala. Eta hori ez da horrela inondik ere.

Kaletar jaio eta baserri girora aldatutakoa naizenez gero, nik dakit zenbat eta zenbat ikasi dudan baserrian. Esapide jator askoak, baserriko jatortasun-zale asko izan arren gaur inguruan inoiz entzuten ez ditudanak, bale-balekoak izango liratekeen arren. Baina oso garbi daukat baita ere, ezin ditudala baserriko aiton-amonak erreferentziatzat hartu, are gutxiago erreferentzia bakartzat.

Gerok baino “euskaldunago” ezagutu ditugun horiek ere ez dira inoiz benetako “Arcadia euskaldunean” bizi izan, horrekin amestea gustatzen bazaigu ere. Erdararen logikaren eraginpeko keinu, iritzi, oharkabeko jarrera eta mota guztietako ajeen jasak busti ditu goitik behera, blai eginda uzteraino. Balizko babes-santutegirik ez dago, eta ez da aspaldian egon, aurkakoarekin amets egitea gustatzen bazaigu ere. Euskaraz irakurtzen zen baserri apur beretan ere, bertako euskaldun jantziagoek nekez izan dute guztia blaitu duen jasa horretatik babesteko aterkirik. Horregatik, eta honetantxe dago auziaren koxka, baserriko amona ezin da erreferentzia izan, ez esku artean dugun kontuan behinik behin.

Esan dezadan bide batez, naturaltasunaren erreferentzia baserrian kokatzen dutenen artean (eta ez naiz Julenez ari orain) inoiz gutxitan topatu dudala, bertan aurki daitezkeen aberastasun ugariak bereganatzea eta erabiltzea. Aitzitik ordea, zabarkeriaren bat baserriko sukalderaino iristeko zirrikiturik aurkitu duenean, lipar batean hasiko zaizkizu beroiek aldarrikatzen haren jatortasuna eta beraz hori erabiltzeko zilegitasuna. Eta gogora arazi behar dugu “zabarrago eta jatorrago” dioen goiburua, hizkuntza kolonizatu guztietan lizuna bezala zabaltzen den ezaugarria dela, eta ez euskararena soilik.  Zabarra ez da jatorra. Zabarra zabarra da. Jatorrak dira Orixe eta Patziku Perurena eta zabarretik ez dute samar bat ere.

Aterkia, lehen aipatu dugun aterkia, Arantzazuk luzatu zigun duela 50 urte pasa. Baina badirudi han gatazka galdu zuten indar atzerakoiak  gerra irabazten ari direla azken hamarkada hauetan. Gure terraplanistak dira, aterkia eskutan izan eta zabaldu nahi ez dutenak, nonbait bustita bizitzea jatorragoa delako, sanotik ezer ez badu ere.

Ez dut uste inoiz bat etorriko garenik hitz hau edo bestea gureganatzea komeni ote den erabakitzeko garaian, hori ezinezkoa delako. Hori baino gutxiagorekin etsiko nuke, sikiera iritsiko bagina, ditugun erreferentziak aztertu eta auzitan jartzera, eta bakarrarekin geratu gabe, sortatxo bat osatzera. Horrenbesterekin iritziak hurbildu eta debateak aberastu egingo genituzke zalantzarik gabe.

Erreferentziak Erreferentziak

2 pentsamendu “Erreferentziak”-ri buruz

  • Iñigo Agirre Mendieta 2021-08-14 11:55

    Kaixo Juan Inazio,

    Barkatu, baiña (Axularrek bezala idatziko dut, ñ-rekin, ez dezazun pentsa “Arkadia euskaldunean” bizi izan zenik) ezin gera naiteke honi erantzun barik.

    Hau idatzi duzu: “Euskaraz eskolatutakoa izan arren, bere erreferentzia baserriko amona da. Ez Axular, ez Mitxelena, ez Txillardegi, ez Atxaga, Sarrionaindia edo Alberdi. Baserriko amona.” Harri eta zur. Zure tonua ezin-iraingarriagoa da, arras burlatia. Iduri luke hira (Ax.) edo kolera (Ax.) darizula (zure ustez akaso edo “a caso” zabarkeriak diratekeen Axularren ekarpenak erabiliko ditut nik ere okhasino (Ax.) honetarako, bale-balekoak edo “vale-vale”koak direlako). Ez dakit zer herrak harrapatu zaituen eskarnio (Ax.) hori idazteko, baina laidogarria da zeharo. Eta osoki elitista gainera.

    Euskararen batasuna, zuzentasuna, osotasuna eta aberastasuna defendatzeko hori idaztea beharrezkoa al zen? Ezin al zenezakeen euskararen batasuna, zuzentasuna, osotasuna eta aberastasuna defendatu baserriko amona gutxietsi gabe? Ezin al zenezakeen Patziku Perurenaren euskara erreferentziatzat proposatu (zuzenki dagizun moduan, ahoz zein idatziz euskara bikaina baitarabil), amonaren erreferentzia ukatu gabe? Zergatik bata edo bestea, eta ez bata eta bestea? Gauza baten alde egiteko bestea gaitzetsi beharra al dago? Baietz uste baduzu, oso oker zabiltza.

    Jakin ezazu ba (edo gaur egungo ez-baserritar ez-amama euskaltzale ugarik lerrakeen moduan, “pues”) Julenentzat ez ezik niretzat ere izan direla erreferentzia nire baserriko amamak. Aurreneko erreferentzia. Bai, aurrenekoa. Axular baino gehiago, nire ikastolako irakasle guztiak baino gehiago, eta nire gurasoak baino gehiago. Zergatik? Nik oso ondo dakit zergatik. Eta zuk ere jakin behar zenuke.

    Frankismo betean euskara bizirik mantendu zuten bakar horiez zara mintzo, Juan Inazio. Eurek salbatu zuten euskara, baserritarrek. Eurek mantendu zuten euskara bizirik. Bizi-bizirik. Eta zertarako? Ondorengo belaunaldiaren erdeinua jasotzeko. Gaztetan erdaraz mintzo ziren kaletar horien erdeinua jasotzeko.

    Euskaltzaindiak bere gomendioak nondik ateratzen dituela uste duzu baina? Badakit badakizula. Literaturatik eta herritik. Herritik gero eta gehiago gainera, EHHA, tokian-tokiko hiztegi, gramatika eta grabazio gehiago dauden heinean. EHU eta Euskaltzaindiak pertsona nagusien grabazioei jaramonik egiten ez dietela uste duzu ala? Euskaltzaindiarentzat erreferentzia dena ezin al da guretzat erreferentzia izan?

    Nondik jaso zituzten Azkuek, Mitxelenak edo Estornes Lasak euren hiztegietako berbak? Nondik Txillardegik edo José Ignacio Hualdek azentuari buruzko informazioa, euskara baturarako gomendioak eratuko zituena (betetzen ez diren gomendioak, bide batez esanda)? Nondik Bonaparte edo Campionek dialektologia guztia? Nondik ateratako gramatikez elikatu ziren Txillardegi eta beste zazpiak Baionan, eta Mitxelena eta gainontzekoak Arantzazun? Nondik elikatu dira —klasiko eta testu zaharrez gain— OEH eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batu arauemailea? Nondik? Herritik, jakina! Herritar xumeengandik. Batez ere baserritarrengandik. Hariari tira eginez gero, atzeneraino heltzean ia guztiaren iturri baserritarrak direla ikusten da. Jakituria herrian egon da, behean egon da, ez ez dakit nongo euskaljakitunen olinpo-antzeko klub elitista batean. Herrian egon da. Behean. Herritar xumeengan. Baserriko amonengan.

    Klasikoak idatzi zituzten horiek ere non zeukaten euskararen erreferentzia? Ba etxe/baserrietan, non bestela? Unibertsitate erdaldun edo existitzen ez ziren euskal liburutegietan? Ez, herrian. Adibiderik garbiena Axular bera da, bere mintzaira herriarena baita. Eta gaurko idazle garaikide onenek nondik daukate hartua erreferentzia sendoena, oinarrizkoena? Ba kasu gehientsuenetan etxe/baserrietan, gero horren gainean beste erreferentzia guztiak gehitu dituztelarik, eta guztiaz elikatzen direlarik, betiere oinarri sendo horren gainean. Eta idazleez gain (gogora ezagun hizkuntzak berba egiteko direla), gaurko hiztun garaikide onenek nondik daukate hartua euskararen erreferentzia? Hor utziko dut galdera.

    Oinarria beti izan da etxe/baserria (XX.mendetik aurrera baserria bakarrik ia EH guztian, kaleen erdalduntzearekin). Ikastolen sorreran ez zen kale-baserri lotura behar bezala egin eta bi mundu desberdin gisa jarraitu dute aurrera, ondorio katastrofikoekin herri batzuetan. Ezjakintasunaren eritasunak jota baztertu zen baserritarren hizkera orain dela 4-5 hamarkada (batez ere mendebaldean), hizkuntzaren batasunari mesede egingo ziolakoan. Alimaleko erokeria, zeinaren ondorioak orain ari baikaren pairatzen. Oinarri hori ez berreskuratu izanak egun herri askotako kaleetan dantzugun hizkera zabar, erabilgaitz eta indargearen biderkatzea ekarri du. Eskola eta baserrien arteko loturaren ukazioak oso ondorio larriak ekarri ditu leku batzuetan. Zuk, dirudienez, ukazio horrekin jarraitzea proposatzen duzu. Eskolako euskañol tristean mintzatzen diren horiei erreferentzia biziak (bizirik daudelako eta biziak direlako) eman beharrean, aditz taula bukaezinak buruz ikasarazten jarraitzea proposatzen duzu? Latina irakasten den bezala? (Hots, hizkuntza hil bezala). Nondik aterako dute ebakera aproposa, ‘Gero’-tik? Nondik joskera, hiztegia, argota? Zer nahi duzu, aditz-taulak fusilatzen jarraitu eta gero kolpean Axular irentsiaraztea? Edo Euskal Gramatika – Lehen Hurratsak (I-VII)? Edo Lazarraga? Horrela, beste oinarririk gabe? Etxeko-baserriko oinarri bizi barik? Hori egin izanaren ondorioak oso ondo ikusten dira egun nire herrian. Etortzera gonbidatzen zaitut. Joan baserri-auzoetara, gero joan kalera. Ea negarrari eusten diozun.

    Euskal Gramatika – Lehen Hurratsak (I-VII) edo Euskaltzaindiaren hiztegi arauemaileko sarrera eta adiera desberdinak behatu izan ditudan bakoitzean, honakoak etorri izan zaizkit gogora, aldiro: “Hara! Hau amamak erabiltzen zuen, eta gaur egun ia ez da inon entzuten!” edo “Ene! Guztiok gaizki erabiltzen dugu hau, baita komunikabideek ere, eta Euskaltzaindiaren gomendioa da amamak bezala erabiltzea!” edo “Hola! Hau ez genuen ikastolan ikasi baina amamari entzuten nion, eta euskara baturaren hiztegian/gramatikan dago!” Eta horrelakoak. Zur eta lur geratzen naiz oraino sarritan. Gero eta ezin-sinetsizkoagoa egiten zait eskolak euskara bultzatzeko baserri-auzoetako hiztunak kontuan ez hartzea, eurak baitira euskal gramatika, hiztegia, ahoskera eta madarikazio guztia hobekien dominatzen dutenak.

    Agian Tolosaldeako herri ttipietan baserri eta kaletarren artean ez dagoke horrenbesterainoko alderik. Agian horregatik bilatzen duzu zuzenean beste iturri bat, harago, oinarrizkoaz gaindi. Baina Euskal Herria ez da Tolosaldeako herri ttipi bat, eta zoritxarrez leku askotan egundoko arrakala dago baserritar eta kaletarren artean oraindik.

    Beraz, bai. Baserriko amonak erreferentzia dira. Erreferentzia behar-beharrezkoak. Niretzat erreferentzia izan dira, eta ikasle guztientzat behar lukete izan. Ondoren bakarrik gehitu ahal izango dira beste literatur/gramatika erreferentzia guztiak. Oinarri sendo bat eratu ondoren bakarrik.

    Horregatik Juan Inazio zure artikuluak benetan tristetu nau. Oso okerra iduritu zait, oso miopea. Baita mingarria bere. Gainera ikuspuntu horrek anitz bidegabe egiten dio euskarari. Zinez da perilos (Ax.), gure hiztunik onenak baztertzera gonbidatzen baitu.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2021-08-14 14:26

    Arratsalde on Iñigo. Luze erantzun diozu nik esan ez dudanari. Esan dudanari erantzuten badiozu, sartuko gara eztabaidan nahi izanez gero. Bitartean ez dakit zer esan ez bada ez zaitezela samindu inor ez dudalako gutxietsi idatzi dudan horretan. Izan ondo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude