Eskaera Euskaltzaindiari

Eskaera Euskaltzaindiari – 

Eskaera Euskaltzaindiari:

ADITZARI BURUZ

Euskaltzain jaun-andreak,

Urte asko iragan dira Euskaltzaindiak adizkiak (trinkoak eta laguntzaileak) finkatu zituenetik hona.

Mende erdi luzeko praktikak erakutsi digu, ezin argiroago, dena ez dela zuzen erabaki haietan. Badagoela hutsik, eta are akatsik ere, zeinak, ahal den lasterrenik, zuzendu eta arteztu behar baitira, ezen jokoan baitago erakunde honen izen ona eta egitekoa bera ere. Euskaltzainak ere ez zarete denbora hartako berberak. Orain gaztexeago zarete. Bada garaia, zinez, denborarekin bat, eta baterago, joatekotz.

EUTSI aditza bezala, EGIN aditza ere, erabilera trinkoan onartuak daude.

Hala ere, ez dira onartuak izan, aditz laguntzaile modura bizi bizirik irauten duten mendebaldeko adizkiak direnean. Adibide pare bat:

esan deutso
ekarri dagigun

Hauek ez dira euskara batuan onartu nahi izan. Ustez eta haien lekuan

esan dio
ekar dezagun

direla euskara batuan onargarri diren bakarrak. Nondik eta zergatik?

Hizkuntza Akademia baten esparrua hizkuntza osoa da. Euskaltzaindiarena euskara, hain zuzen ere. Euskara osoa.

EUTSI aditza Euskaltzaindiaren Hiztegian:

“eutsi, euts, eusten dio ad. (nor osagarririk gabe). Helduta, oratuta eduki; bere egoeran, mugitu, erori, galdu edo suntsitu gabe, iraunarazi. Ik. irozo; kontu2. Zezenari adarretatik irmo eutsiz. Malkarretako lurrari arbolak eusten dio. Nork eusten dio, bada, airean eguzkiari? Loturik naukan hari horri eutsi beharrean suertatzen naiz. Teilape horri eusten dion horma. Ongiak eta eginbideak elkarri eusten diote, bata bestearen habea eta euskarria delarik. Emandako hitzari eustea. Neureari eusten nion, ernai eta gogor. Nork bere grina eta joerari eusten jakitea. Barreari eutsi ezinik. Beren eskubideei eusteko. Ametsezko lilurak eusten dio gizonaren ekintzari. Hilko ez bada, euskarak eutsi behar dio Euskal Herriari eta euskalduntasunari. Galzorian zegoen hizkuntzari eutsi nahia. Gobernuari eusten dioten alderdiak.”

Euskaltzaindiaren ‘Orotariko Euskal Hiztegian” trinko modura erabiliak izan diren adizkiak baizik ez daude bildurik! Ikus hemen:

www.euskaltzaindia.eus/150537

Ez al da, bada, orotarikoa? Ala “ia ia orotarikoa” al da?

Mendebaldeko euskaldunak, zer edo zertan, gutiago dira besteak baino, ala? Ez dut uste. Ez dut uste.

Gauzak zuzentzeko denbora da, garaia eta tenorea da. Bestela, alferrik ibiliko gara.

Iruzkinetan zerbait gehixeago erranen duket, baina funtsean hau da premiazkoena.

Mezu hau helaraziko zaizuelakoan, adeitasunez agurtzen zaituztet

Josu Lavin Campo

Eskaera Euskaltzaindiari

NAFFARRERA