Donostia Zinemaldiak Sail Ofizialean: euskarazko azpidatziak

Donostia Zinemaldiak Sail Ofizialean: euskarazko azpidatziak –

SSIFF Donostia Zinemaldiak Sail Ofizialeko Kursaaleko emanaldietan euskarazko azpidatziak eskainiko ditu.

Gainontzeko erakundeak ere ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia handitzeko eta euskaldunon hizkuntz-eskubideak bermatzeko pausoak ematera gonbidatu nahi ditu Pantailak Euskarazek.

Donostia Zinemaldiak Sail Ofizialean: euskarazko azpidatziak
Zinea.eus

Pantailak Euskaraz euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko herri ekimenak Donostia Zinemaldiak gaur egindako iragarpena txalotu nahi du. Donostiako Bagera euskaltzale elkarteak eta Euskal Herri osoko euskalgintzak urteak daramatzate ikus-entzunezkoen alorrean gure herriko gertakizun garrantzitsuena den honetan (emanaldi zein ikusle kopuruan, eta bertako nahiz nazioarteko oihartzun mailan, besteak beste) euskarak duen presentzia eskasa salatzen.

Iazko Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldiaren aurrean, Pantailak Euskarazek elkarretaratzea antolatu zuen, Espainiako eta Euskal Herriko ikus-entzunezkoen arloko agintari gorenak bertan zeudela probestuz, eta Zinemaldian, zinemetan, telebistan, zein streaming plataformetan euskaldunok jasaten dugun diskriminazioa amaitzeko eskatuz, “Pantailak Euskaraz, gure eskubidea!” lelopean. Ekimenak oihartzun zabala izan zuen sare sozial eta komunikabideetan.

Iaz egindako neurketaren arabera, 2022ko zinemaldian emanaldien %10 inguru ikusi ahal izan zen euskaraz. 573 emanalditik, jatorrizko bertsioa euskaraz 5 filmek izan zuten; euskarazko azpidatziak izan zituzten saioak, 37 izan ziren; euskarara bikoiztuta, haurrentzako 5 saio egon ziren; eta Zinemaldiko atalik garrantzitsuena den Sail Ofizialean, 109 emanalditik, 0 ikusi ahal izan ziren euskaraz edo euskarazko azpidatziekin.

Ordutik hona Pantailak Euskarazek, Zinemaldiarekin izandako harremanetan, gauzak aldatzen joateko eta euskararen presentzia handitzeko borondatea eta jarrera ona hasieratik ikusi izan ditu, gaur ofizialki egindako iragarpenean konfirmatu direnak. Sail Ofizialeko film guztiak euskaraz azpidatzita ikusi ahal izatea euskaldunon eskubideak bermatzen hasteko aurrerapauso handia da, eta hori dela eta, herri ekimenak Zinemaldia zoriondu nahi du. Halere, hizkuntza ofizialen arteko oreka oraindik ez da lortu, eta datozen urteetan emanaldi guztiak, gazteleraz bezala, euskaraz ere ikusi ahal izatea izan behar da helburua ekimenaren aburuz.

Bestetik, Pantailak Euskaraz elkarteak gogorarazi duenez, euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia oso eskasa da, eta hori eragin kaltegarria izaten ari da euskararen normalizazioan: zinema aretoetan urtean zehar estreinatzen diren filmen %2 estreinatzen da euskaraz, streaming plataformetan %0,1era ez da iristen euskararen presentzia (herritarren presioari esker azken urtean hamar aldiz biderkatu bada ere), sare sozialetan ia ez dago euskarazko edukirik, eta telebista publikoan ere ez zaio euskarari behar den lehentasunik ematen.

Ondorioz, Pantailak Euskarazek Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskal Herri Elkargoa, zein ikus-entzunezkoen alorrean eskumenak dituzten gainontzeko erakunde eta eragileei mota guztietako pantailetan euskarazko edukien kopurua biderkatzeko eta euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko pausoak emateko deia luzatu nahi die. Donostia Zinemaldiak erakutsi du gauzak aldatzeko borondatea izanez gero, eta horretarako behar diren baliabideak bideratuz, aurrera pausoak ematea posible dela.

Azkenik, Pantailak Euskarazek etxean, kalean, zein sare sozialetan euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko jarrera izatera (euskaraz sortuz eta kontsumituz) eta euskarazko edukien aldeko aldarrikapena zabaltzera (herri ekimenen lana babestu eta zabalduz) animatu nahi ditu herritarrak, gaia eztabaida sozial eta politikoan kokatuz, erakundeak euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko pausoak ematera bultzatuko dituztela uste baitu.

Donostia Zinemaldiak Sail Ofizialean: euskarazko azpidatziak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude