Beste urrats bat ziurtagiriaren homologaziorako eta elkarlanerako bidean
Beste urrats bat ziurtagiriaren homologaziorako eta elkarlanerako bidean –
Bai Euskarari Ziurtagiria 2000an sortu zen, Euskal Herriko arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera eragiteko eta areagotzeko helburuarekin. Horri begira, euskara sustatzeko eta erabiltzeko konpromisoa hartu zuten sektore guztietako entitateen lana aitortu, saritu eta gizartearen aurrean erakusteko bereizgarri bat eskaini zitzaien. Ordutik, garapen handia bizi izan du. Bere kudeaketarako Bai Euskarari Elkartea sortu zen 2007an; hortik aurrerako ibilbidea oparoa izan da, alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eraginez, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz, hala nola Enpresarean, Lansarean, Lanabes edo-eta Euskaragileak.
Eusko Jaurlaritzak 2007an aurkeztu zuen Bikain agiria, hori ere enpresetan euskararen erabilera ebaluatzeko eta zertifikatzeko helburuarekin.
Azken urte hauetan elkarrekiko aitortza agerikoagoa izan bada ere, oraindik, eta hainbat hurbiltze-saio egin diren arren, ez gara iritsi bien arteko elkarlana zehaztu eta sistematizatzera, tamalez. Bi sistemen artean desberdintasunak egon badaude, batez ere jomuga duten enpresa izaerari, prozedurari, planifikazioari edo-eta segimenduari dagozkionak. Hala ere, gehiago dira elkartu beharko gintuzketen aldagaiak urruntzen gaituztenak baino.
Azken aldian urrats nabarmen batzuk egin dira bi sistemen uztarketari eta elkarlanari bidea emateko. Eusko Jaurlaritzaren Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Planean (EESSP), adibidez, aitortzen da Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez egindako ekarpena eta azpimarratzen da ziurtagirien eskema egokitu, indartu eta zabaltzearen beharra. Planaren aurtengo asmoen artean, gainera, ziurtagirien eskema egokitzea dago, zerbitzu eta lan hizkuntza euskara izan dadin sustatzeko.
Bai Euskarari Elkarteak, bere aldetik, egokitzapen metodologiko garrantzitsuak egin ditu. Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko irizpideak, neurketa eta helburuen zehaztapena egiteko baliatzen dugun fitxa, eta eskaintzen ditugun baliabideen antolaketa Eusko Jaurlaritzak zehaztutako Erreferentziazko Marko Estandarrera (EME) hurbiltzeko eta egokitzeko lan egin dugu azken hilabete hauetan. Horrela bada, gure tresna guztiak EMEren ardatzen eta mailen sailkapena aintzat hartuta antolatu dira. Beti ere, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko prozedurak dituen bereizgarriei eutsiz: aitzindaritza, malgutasuna, erantzuteko azkartasuna, erraztasunak eskaintzea, segimenduen maiztasuna eta gertutasuna, besteak beste.
Aldaketa honi esker, Bai Euskarari Ziurtagiria berritzearekin batera, balioa erantsi nahi izan diogu, entitateetan eragiteko eta haiei laguntzeko baliagarria den tresna gisa. Bestalde, ziurtagiria duten Euskal Herri osoko entitate guztiei ere ate bat zabaldu nahi diegu urte hauetan guztietan euskara sustatzeko egiten ari diren lanagatik aitortza eta onespena jaso ditzaten administrazio publikoen aldetik. Eta oraindik bide honetan murgildu ez direnei, tresna erabilerraz eta eraginkor bat jarriko diegu eskura, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera erosoa areagotzeko helburuarekin.
Hala ere, egokitzapen tekniko hori, estandar beretara egokitzeko ahalegin hori, uztarketarako urrats handia da, baina elkarlanerako borondaterik gabe, ez du behar besteko emaitzarik izango. Moldaketa metodologikoetatik haratago, elkarrekin aritzeko erabakiak behar dira. Elkarlanean arituta, eraginkorragoak izango gara eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean. Izan ere, saltoki, enpresa eta sektore guztietako entitate ugarik ez dute gaur egungo Bikain agiriaren eskeman tokirik eta erakunde hauentzat Bai Euskarari Ziurtagiriaren sistema eskuragarriagoa eta eraginkorragoa da. Bai Euskarari Ziurtagiria homologatzeak bidea zabalduko luke Ziurtagiria duten entitateek dirulaguntza, hitzarmen eta kontratazio-deialdi publiko guztietan euskararen ziurtagiri bezala aurkezteko.
Ea elkarri aitortza eskaintzen diozuen ekimen biok lehen bai lehen, eta behar den moduko zerbitzu bat eratzen duzuen, erabiltzaile euskaldunok saltokiz saltoki eskean bezala eta pena ematen joan beharrean, harro eta lasaitasunez ibiltzeko aukera izan dezagun, eta merkatari euskaldunoi, gure euskaltzaletasuna agertzeaz gain, horrekin batera errentagarri gerta dakigun euskaldun agertzea.
Bikain eta Bai Euskarari, Bai euskarari eta Bikain, oso hedapen mugatuko ekimenak dira, oso urrun (gero eta urrunago?) daude ezarritako helburuetatik, eta nekez eragiten dute erabileran oro har.
Noizko ekimen zabal, indartsu eta hedapen handikoa, euskaldunoi erabilera erraztu eta merkatarioi ekonomikoki ere mereziko diguna?
Zuen ekimenez gutxiago hitz egin, eta merkatari nahiz erabiltzaile euskaldunei zerbitzu hobea nola eman pentsatu beharko zenukete.
‘Izan ere, saltoki, enpresa eta sektore guztietako entitate ugarik ez dute gaur egungo Bikain agiriaren eskeman tokirik’…. 2017ko aldaketak eta gero. erdiz erdi izorratu dute eta. Eta nortzuk dira izorratzaileak? Ez al dituzte hortik kendu inkonpetente hutsak direna konfirmatzeagatik? Izan ere, hauena larria da : benetan bikain zihoan proiektua, zeharo izorratu dute…eta 2 urtera berriz aldatu behar! Gaur egun dagoen bezala, Bikain ez zen sekula existituko. Eta enpresentzako diru laguntzekin ere, larri, egun 120 inguru enpresa besterik ez dabil (180 inguru orain hamar bat urte)
Hainbestekoa da urteotan egin den estropizioa, harrigarri dela aurpegi batzuk (teknikoak eta politikoak) beren poltronetan. Inkopetentziari gorazarre… batzuek!
Zerbait egin beharko litzateke indibiduoek, enpresa publiko, pribatu eta erakundeek produktuak eta zerbitzuak euskaraz eskaintzen dutenei erosteko. Adibidez, soldataren zati bat (borondatez edo ez), ziurtagiria dutenen zerrenda horretan gastatzeko izan dadila. Sariak ematean, gauza bera, gastatu behar duzun hori, ziurtagiria duen enpresa batean gastatu beharra. Webguneak derrigorrez euskaraz erabiltzera behartu, diru hori gastatu ahal izateko.
Gauza asko egin daitezke. Sormena, borondatea eta ausardia behar da.
Nekez topatu daiteke Bilbo aldean enpresarik, BaiEuskarari webgunean, gutxieneko bat eskaintzen dizutenik. BaiEuskarari bilatzailean dagoena ez da baliagarria kontsumitzaileontzat (gutxiegi eta datuak eguneratu gabe): Ze balio gehigarri eskaintzen zaie enpresei, han egotea haientzat mesedegarri izateko?
Bai Euskarari Elkartearen webgunean agertzen diren datuak eguneratuta daude: https://baieuskarari.eus/eu/ziurtagiridunak Lotura horretan bertan, eskubiko aldean, bilatzaile bat dago Bilboko eta inguruetako ziurtagiridunak aurkitzeko, edo sektorekako bilaketak egiteko; edo…
Zein balio eskaintzen zaie? Berriki #11Arrazoi kanpaina zabaldu dugu, ziurtagiridunen lekukotasunekin https://baieuskarari.eus/eu/komunitatea/ziurtagiria-lortzeko-hamaika-arrazoi