Abiadura

Abiadura –

Abiadura
Arg: Takashi Hososhima

Bi harrapaketa mortalek aztoratu gaituzte nafarrok egunotan. Bietan ala bietan, hiltzaileak -motordun ibilgailuen gidariak- edanda eta drogaturik zeuden, ziztu bizian zihoazen, gazte baten bizia segatu eta gero krimenaren tokitik ihes egin zuten, eta ezkutatzen saiatu ziren.

Bi erailketa horietan erraza da hiltzaileekin batere ez identifikatzea. Sasikume hutsak dira. Ankerkeria egin dute. Kito. Ez dute gurekin zerikusirik. Guk ez genuke halakorik eginen.

Eta, tira, ziurrenik hala da, bai. Baina… Noski, “baina” bat mahai-gaineratzera noa.

Bada, hori, duela gutxi indarrean sartu dela hiriko kale askotan orduko 30 kilometroko abiaduran joatera behartzen duen araua eta nire inguruan sufritu behar izan ditudala abiaduraren apologia egiten zuten zenbaiten txorakeriak.

Eta nik uste gogoratzekoa dela gure autoarekin pertsona bat harrapatzeko zoritxarra gertatzen bazaigu, finean, harrapatuari berdin zaiola edanda edo drogaturik gauden, edo gutxi lo eginda, edo inoiz baino hobeki; harrapatuari berdin zaiola gaizkileak garen edo gure eraikineko jatorrenak. Harrapatuari benetan interesatzen zaiona da harrapaketa ez izatea orduko 30 kilometroko abiadura baino altuagoan. Hala izanik, bizirik aterako baita hamar kasutatik bederatzitan.

Kontuan izan.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko ekainaren 2koa]

Abiadura

 

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.