Atrezzoaren azpiko hizkuntza politikaz

Atrezzoaren azpiko hizkuntza politikaz –

Argazkialdia da EAJren hizkuntza politika ofizialaren zutabe nagusia, antza denez.

Argazki on batek, mirariak egin ditzake hedabide nagusien laguntzaz; baita urik ez dagoen lekuan iturria iragarri ere. Irudi batek, goiburu azti batez lagunduta, joko handia eman dezake, edukirik gabeko ekimenak iragartzeko garaian.

Eusko Jaurlaritzan trebeak dira horretan, hedabide nagusiak eta oposiziorik eza lagun. 

Atrezzoaren azpiko hizkuntza politikaz

Hizkuntza politika EZ du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) ebazten.

Kultura sailaren barneko bigarren lerroko egitura bat da HPS tamalez; Kultura sailburuordetzaren parekoa. Ez gutxiago, baina ezta gehiago ere. Eta horrek ondorio agerikoak dauzka. Hizkuntza politika garatzeko neurriak proposatzen ditu HPS-k, baina horiek noraino eta nola garatu sail bakoitzak erabakitzen du.

Gobernantza Publikoa eta Autogobernua Sailarena da agintea

Botere handiko saila da hau Jaurlaritzan. Josu Erkoreka du buru, ez ustekabean.

Eusko Jaurlaritza gobernatzen da bertatik, nolabait esateko. Beste sail guztiek sail honi eskatu behar izaten diote baimena lanpostuak edota zerbitzuak sortzeko, lanpostu zerrendak egokitzeko, hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak egokitzeko eta abar, eta abar.

Jaurlaritzan dihardugun sindikatuok ere, sail honen Lan Harremanetako Zuzendaritzaren baimena behar izaten dugu edozein bilera edo batzar antolatzeko Jaurlaritzaren eraikinetan.

Otsaila bukaeran adibidez, genero-arteko Berdintasuna lantzeko ekitaldi bat antolatu zuen ELAk Lakuan. Euskaraz egin nahi genuen, eta HPSri aldibereko itzulpen zerbitzua gure esku uzteko eskatu genion. HPSk baietz erantzun zigun, baina azken unean, ekitaldia bera kolokan jartzeko bezain berandu, itzulpen zerbitzua erabiltzeko eskariaren UKOA helarazi zigun Gobernantza Saileko Lan Harremanetako Zuzendariak. 

Aldibereko itzulpen zerbitzua funtsezkoa da euskararen erabilera bermatzeko

Ez dago ezertan aditu izan beharrik hori ulertzeko: Jaurlaritzako langileen erdiak gutxi gorabehera erdaldunak dira. Horrek  ikaragarri zailtzen du sindikatu euskaltzaleon euskarazko jarduna. Bistan denez, itzulpen zerbitzua erabiltzeko aukera izateak asko erraztuko luke euskara normaltasunez erabili ahal izatea, eta asko lagunduko luke euskararen erabileraren normalizazioan. Behingoagatik, euskaldunok erdaldunak baino erosoago aritzeko aukera izango genuke, eta euskararen beharrezkotasuna nabarituko lukete noizbehinka sikiera, geronek erdara jakin beharra uneoro nabari digun legez. Berdin Jaurlaritzan edo beste edozein erakunde publikotan.

Zerbitzu hori indartu, eta sindikatu nahiz bestelako  eragileen esku jartzea, urrats oso garrantzitsua litzateke euskararen erabileraren normalizazioaren bide malkartsuan. 

Gobernantza Sailari bost axola euskaldunon hizkuntz eskubideak?

Aldibereko itzulpen zerbitzua ukatu izana zertan oinarritzen zuen galdetu genien idatziz auzi honetan ibilitako arduradun politikoei.

(Gobernantza Saileko) Funtzio Publikoko sailburuordeak baino ez digu erantzun: bere sailak, biltzeko gelaz haratago  ez digula bestelako baliabiderik zertan eskuratu dio, lehor. Horraino heltzen da gure zenbait agintariren euskaltzaletasuna. Bost axola euskararen normalizazioa, tartean ELA baldin badago (adibidez). Hor konpon langile euskaldunak, ELAkoak nahiz bestelakoak, jarrai dezatela menpeko… horretarako hezi gaituzte elebidun!

Eusko Jaurlaritza, Zerbitzu Publikoen kudeatzaile bai, baina jabea ez dela gogoratu beharko luke. Aldibereko Itzulpen Zerbitzuak herritarron eta langileon zerbitzura behar du. Areago, euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko tresna ezinbestekoa da, eta Eusko Jaurlaritzak hizkuntza eskubideak betebeharra dauka, legez.

Eman euskarari bidea! Berma euskaldunoi euskaraz jarduteko aukera!

Atrezzoaren azpiko hizkuntza politikaz
Atrezzoaren azpiko hizkuntza politikaz

ELAko euskara arduraduna

7 pentsamendu “Atrezzoaren azpiko hizkuntza politikaz”-ri buruz

  • Latza da urte hauetan guztietan ezer gutxi aurreratu dugula ikustea. Oraindik ere eskean aritzera behartuta gaude euskaldunak, nori eta abertzaleei!
    JELtzaleak eta euskara, dena da itxura, dena. Beste arreta bat jartzen diote Aberia Handiko Trenari. Beharbada euskaltegiek, itzultzaileek, euskal kulturgileek, komisioak ordainduko balituzte, beste kuku batek joko liguke.

  • EAJ-k nagusijeriaz jokatzen du alor guztietan. Beste gai batzuen inguruan (AHT, erraustegiak…) erantzuna jasotzen du oposizioko taldeen aldetik. Hizkuntza Politikarekin ez dauka oposiziorik. Nahi duena egiten du, gutxi, gaizki eta oso berandu, eta gainera lorpen gisa saltzen du, Euskalgintzaren txalo artean. Garai hobeak ezagutu ditugu euskaltzaleok.

  • Itxurakeriaren garaietan bizi gara, eta hori ondo daki EAJk. Korrikari Ez-dakit-zenbat kilometro erosi eta bertan argazkiak ateratzea da bere euskalzaletasunaren sakonera. Gobernuak ez du zertan manifestaldi batera joan behar, BERE EGINKIZUNAK BETE BEHAR DITU, eta euskeraren kasuan ere ITXURA besterik ez du eman nahi; eta propinaz, administrazioak daukan zerbitzu oso on bat -Aldibereko itzulpen zerbitzua-usteltzen uzten du, ea desagertzen den eta hurrengorako azpikontratatzen dugun…

  • Euskararen Legeak herritarrei aitortzen die “edozein bilkuratan euskaraz mintzatzeko eskubidea” [5.2e) art.]. Hortaz, aldibereko itzulpena egiteko baliabideak ukatzea ez ote da legea urratzea? Batez ere kontuan hartuta 3. artikuluan dioena: “Botere publikoek eskubide hauen erabilera ziurtatuko dute Autonomia Erkidegoko lurraldean, eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen”.

  • Euskeraren kudeaketak jaurlaritzan agerian uzten du nola erabiltzen diren baliabide publikoak jaurlaritzaren eskuetan. “Kortijoa” delakoan mugitzen dira. Langileok lan eta ixiltzeko beta bakarra izan behar dugu eta eskerrak eman. Tristea eta tamalgarria. Tristea egunerokotasunean argi uzten dutelako zer deritzoten langileen eskubideei buruz eta tamalgarria zeren eta langileak ikusi behar dute honen atzean diharduen egi bakarra. Sindikatuek langileen aurpegia garela eta GURE eskubideak urratzen direnean ez direla GURE eskubideak urratzen ari, guztion eskubideak baizik! Eutsi GURE euskaldunon eskubideei!

  • Euskararen eta langileen aurkako eraso hauekin etortzen zaizkigu gero JELtzaleak boto eskean euskadi defendituko duen alderdia bezala. Diru publikoarekin enpresa pribatuak kudeatzean bukatzen da beren autogobernua.

  • Gure hizkuntzarekin horrela ibiltzea 2019an lotsagarria da ta are gehiago zerbitzu publikoen alorrean,zerbitzu publikoak publiko diren heinean ,erabiltzaile guztien hizkuntza esukibeak bermatu behar dituzte nahi ta nahi ez; ta hau ez da beti horrela izaten zoritxarrez.
    Alperrik txantxangorri ta momentuko kanpainak gero egunerokotasunean behin eta bertiz gure eskubideak urratzen ba dituzte.