Bel Pozueta: “Gure helburua ez da Madrilen kudeaketa lanak egitea, baldintzatzea baizik”

Bel Pozueta –

Ogibidez soziologoa eta sexologoa da Bel Pozueta (Altsasu, 1965), eta Altsasuko auzia tarteko zaigu ezagun bere aurpegia. EH Bilduren zerrendaburua da Nafarroan estatu espainiarreko kongresurako, eta kanpainako azken txanpara iritsita, ez zaio neke handirik nabari. Koalizio independentistak hiri buruzagian daukan egoitzan egin digu harrera, eta patxadatsu erantzun gure galderei.

Bel Pozueta

Gogoz kontra bihurtu zinen ezagun. Plaza publikoan “Adurren ama” gisa ikusi zaitugu, baina noski, bazara nor. Nor zen Bel Pozueta parranda gau malapartatu hura baino lehen?

Azken urteetan nire konpromiso handiena hezkidetzarekin eta sexualitatearekin izan da, eta gainera beti ikusi dut nire lana militantzia esparru bat bezala, pertsona kritikoak sortuz eta eskubideak aldarrikatuz. Buru-belarri aritu naiz ere erabakitze eskubidearen inguruan lan egiten, Gure Esku Dago-ko herriko taldea sortuz eta hauspotuz lehenik, eta Sakanakoa ondoren.

SKOLAE hezkuntza programan ere eman duzu zure ekarpena.

Bertan Osasun eta Hezkuntza departamenduek hartu dute parte, eta nik bigarrengoan egin dut lan. Horretan ere batzuk nahastu zituzten gauzak, Skolae eta Altsasuko auzipetu baten ama lotuz… Segitzen dut proiektuan lanean, eta apartatuta dauzkat ehun lan baino gehiago hauteskundeak pasa eta gero zuzentzeko. Urteak daramatzat sexologian lan egiten, eta gustura nago Skolaek planteatzen dituen ardatz ezberdinekin: sexualitatea, lidergoa eta autonomia, feminismoa, gizartearen planteamendua, irakurketa kritikoa… Asko ikasi dut.

Gainera, EH Bilduk egin zidan proposamenari baietza emateak badu zerikusia horrekin, lidergoaren gaia lantzen ari bainintzen. Esaten dugu emakumeok lan egin bai, baina ahotsa edo buruzagitza eskaintzen digutenean askotan atzera jotzen dugula, ez dugula gure burua zeregin horietarako gai ikusten. Ahalduntze prozesu hori landu behar da. Nik ere nire zalantzak izan nituen, baina gero pentsatu nuen badudala zer eskaini.

Semea bisitatzera joan aurretik ezagutzen zenituen kartzelak?

Bai, askotan joan gara bisitan, bereziki senarraren lagunengana. Baina ze ezberdina den zuri zuzenean tokatzen zaizunean, ze gogorra… Oroitzen dut Soton egon ginen lehen eguna, Adur bertan zegoela ikusi nuenean, nola zegoen, familiarentzako ze nolako shock-a izan zen… Denok negarrez atera ginen.

 

“… nahiz eta askok animatzeko esaten zidaten, kontu honetan badaude eskaparatea eta trastienda, eta trastiendakoa ez da kontatzen inoiz”

 

Zer suposatu dizu zure ibilbide profesionala mozteak?

24 urte daramatzat nire gaiarekin lanean, eta tarteka topera, baina topera! Erabat murgilduta aritu naiz, eta behar nuen moztu eta beste planteamenduren bati heltzea. Nire bikoteari esana nion gabonen ondoren astebete bat hartu behar nuela nonbaitera joan eta nire buruarekin egoteko, hausnartzeko, nondik jo nezakeen erabakitzeko… Orduan, oraindik, ez zitzaidan EH Bilduren proposamena iritsi. Hala eta guztiz ere, argi daukat zenbait gauza gordeko ditudala lan ildo horrekin jarraitzeko. NUP-en graduondoko kurtso bat ematen dut, eta horrekin jarraituko dut, giza sexualitatea, erotika eta jarrerekin lotutako ikasgaiak irakatsiz.

Bel PozuetaIruñean eskainitako prentsaurrekoan azaldu nuen zergatik eman nion baiezkoa zerrendaburu joateari, gizartearengandik jaso dudana bueltan eman nahi dudalako (ez bakarrik gure seme-alabekin lotutakoarengatik, gauza gehiagorengatik ere). Agerikoa da nire eta nire ingurukoen bizitzan aldaketa handiak eragingo dituela, eta nahiz eta askok animatzeko esaten zidaten, kontu honetan badaude eskaparatea eta trastienda, eta trastiendakoa ez da kontatzen inoiz. Bildu nintzen Marian Beitialarrangoitiarekin, Oskar Matuterekin, Jon Iñarriturekin, Sabino Cuadrarekin… Haiekin egoera aztertzen aritu nintzen, baita nire familiarekin ere. Garrantzitsuena da Madrilen ni neu izaten jarraitu ahal izatea.

Soziologoa ere bazara. Zure formakuntzak ematen dizun ikuspuntutik, uste duzu Nafarroa modu esanguratsuan aldatu dela azken urteetan?

Nik uste bide batzuk jarri direla, eta hainbat gaietan aldaketak sumatzen direla; dena den, oraindik asko dago aldatzeko, asko. Oroitzen naiz duela urte batzuk ze giroa zegoen kalean, Barcina zegoenean, jende asko etengabe aritu zen borrokan, eta horrek indar handia sortu zuen, ikusarazi posible zela aldaketa sortzea. Oso garrantzitsua da horrekin jarraitzea, sendotasunez eta sinistuta. Legegintzaldietan hiru urte igaro eta laugarrenean sartzen zarenean jende asko hasi ohi da “uf, eta orain auskalo zer gertatuko den…”, eta sortzen diren zalantza horiek indarra eta ilusioa kendu dezakete. Adibidez, Skolaerekin duela bi urte hasi ginen, gogo betez, eta ia pasa den urtean batzuk esaten hasi ziren. “baina honekin hasten bagara, jakizu nor datorren hurrengo urtean gobernura, eta orduan ez du ezertarako balioko…”. Beste ikuspuntua begirada luzea da, garrantzitsua da sinestea aldaketa gauzatu egingo dela.

Zer iruditu zaizkizu CIS-en emaitzak, Nafarroari dagokionez?

Jakin badakigu askotan inkestak iritzi publikoa sortzeko proiektatzen direla. Baina inkesta batzuk errepikatzen dira, guk ere gure informazioa jaso dugu, eta bai, badirudi gure eserlekua kolokan dagoela, Navarra Sumaren eta EH Bilduren artean, eta posible dela gure esku geratzea.  Aukera daukagu eserleku hori eskuinari kentzeko, eta badakigu horrek ze mina emango dien; ezin da bozka bakarra etxean geratu eta arduraz jokatu behar dugu.

Orain arte asko esan izan da, bereziki eremu abertzalean, UPNren oinarri sozialaren zati handi bat espainiarra baino oso navarrisimoa eta oso foralista dela. Kontutan hartuta foruak eta estatutua desegin nahi dutenekin bildu dela UPN, ze iruditzen zaizu: oinarri hori hor dago, edo kontatu diguten ipuin bateko adarbakarra da?

Nik uste dut existitzen dela, baina ikusita nola jokatu duen UPNk deskolokatuta nago. Gaur goizean irakurri dut ekitaldi batean UPNkoa ari zela bere betiko diskurtsoa egiten, eta ondoan Ciudadanosekoa esaten konpetentziak ez direla gauzatu behar, moztu eta kontrolatu egin behar direla. Honek erakusten du boterea edota eserlekuak mantentzeak noraino eramaten dituen alderdiak. Orain arte ohituraz UPNri bozka eman dionak ariketa kritiko bat egingo balu, ez luke berdina egingo, baina ez dakit, ez dut oso ondo ulertzen zertan ari diren.

 

“Badirudi gure eserlekua kolokan dagoela, Navarra Sumaren eta EH Bilduren artean, eta posible dela gure esku geratzea”

 

Bada Euskal Herrian “abstentzio aktiborako” deia egiten duten sektoreak. Ze mezu luzatuko zenieke?

Erregimenari eta eskuinari aurre egiteko ezin dela bozka bakar bat galdu, merezi duela. Arduraz jokatzeko. Pena bat litzateke ikustea bozka gutxi batzuengatik ez dugula eserlekua lortu.

Kongresuan izan diren ze pertsona hartu izan dituzu erreferentziatzat? Noren jarduteko modua izan duzu gustuko?

Sabinoren (Cuadra) egiteko estiloarekin eta pertsonarekin asko egiten dut bat. Ikusten dut antzeko moduak dauzkagula, entzuteko, irri egiteko, hitz egiteko… Patxadaz. Igandean egon nintzen berarekin, eta esan nion: “zuk eta nik asko hitz egin behar dugu!”

Bel Pozueta

EH Bildu eta ERC elkarrekin zoazte kongresura, eta bertan batuko zaizkizue BNG eta Ahora Canarias.

ERC indartsu dator, eta denon artean Madrilgo politikan eragin ahalko dugu. Gure helburua ez da Madrilen kudeaketa lanak egitea, baizik eta gutxiengo batzuk markatzeko baldintzatu ahal izatea. Errepublikak, preso politikoak etxera ekartzea, politika sozial eta aurrerakoiak bultzatzea… Nafarroako Parlamentuak onartutako 17 lege bota dituzte atzera, eta horretan ere eragin nahi dugu, politika egiteko modu bat markatu.

PSOE eta Ciudadanos elkarrekin joango diren agertoki bat sortzen bada, planteamendua erabat aldatuko da eta beste modu batean egin beharko dugu lan. Bestelako aukerak egon daitezke, kontutan hartu behar baita Euskal Herriaren interesak defendatuko dituen taldea hogeitik gorakoa izango dela. Hor dago Pedro Sanchez esanez “ez da ez”, baina ikusiko da…

Zaila izango da 155a babestu zuen PSOE bera presionatzea.

Leporatzen digute eskuinari aurre egitea eta gobernua PSOEri ematea kontraesan bat dela. PSOEri ez diogu erraztasunik emango, eta ez diogu men egingo dioenari, baldintzak jarriko dizkiogu. Argi daukaguna da gobernua ez diogula eskuinari emango. Hortik aurrera joango dira agertoki berriak sortzen.

Marta Rovirarekin izan zinen Ginebran. Zer moduz ikusi zenuen ?

Indartsu, erreferente bat da eta uneoro buruan dauka Kataluniako etorkizuna. Ez da egoera erosoa (iheslari euskaldun asko daude egun ere) baina aldi berean zorte handia daukatela uste dut, babes handia daukatelako atzetik; Valtonicekin ere egon ginen Altsasuko Gurasoaken bidez, eta bera bakarrik dago, gazte eta etorkizuna kolokan… Dena den, Rovirari bizitza erabat aldatu zaio, noski. Nik planteatu nion ea nola ikusten zuen egoera, noiz itzuli ahalko zen etxera, eta berak esaten zidan 8-10 urteko aurreikuspena egiten duela (Valtonycek ere); hori bere irudipena, gero auskalo. Politika egiteagatik…

 

“PSOEri ez diogu erraztasunik emango, eta ez diogu men egingo dioenari, baldintzak jarriko dizkiogu. Argi daukaguna da gobernua ez diogula eskuinari emango”

 

Ze panorama izan nahiko zenuke 2023an?

Lehenik eta behin gure presoak Euskal Herrian izatea, eta bidea zehaztuta etxean egoteko. Ezin da gehiago itxaron, odoluste bat da, lotsagarria, ankerra da, honekin bukatu behar da. Politika sozialetan oinarriak finkatu baino gauzak eginda ikusi nahiko nituzke…

Altsasuko kasua lantzeko aukera ere izango duzue.

Bidegabekeria guztiei eman nahi diegu ahotsa, tartean gure herrian gertatu denari. Altsasuko kasua pisuzkoa da, ni bertan izanda presente egongo da, eta egoera honekin amaitzeko aukerak egon daitezen lan egingo dugu, dudarik gabe. Orokorrean eskubide zibil eta politikoen arloan atzerakada handia jasan dugu, eta argi dugu salbuespen egoerako legeak marra gorri bat direla (Podemosek gauza bera dio), amaitu behar dira, eta baditugu ereduak lan egiteko.

Nola baloratuko zenuke hauteskunde kanpainan bizi izandakoa?

Azken bi urte eta erdian daramadan dinamikarekin kanpainako martxa ez da berria izan niretzat; lan egiteko modua bai. Orain arte tripetatik ateratzen zitzaidana esaten aritu naiz, baina orain gauzak apur bat gehiago barneratu eta prestatu behar ditut. Ez da erraza. Nabaritzen dut duela bi urte eta erdi gauzak errazago ateratzen zitzaizkidala, banuela beste freskura bat, baina neke mentala nabaritzen dut. Bestalde, jendea asko gerturatzen zait eta sentitzen dudan babesa izugarria da.

Ze plan daukazu iganderako?

Larunbatean Adur bisitatzera joango gara. Igandean bozka eman eta posible badut Baigorrira joango naiz Nafarron Egunera, eta handik Iruñera kontaketa jarraitzera. Gainera, hautagaia izango nintzela jakin aurretik bidai bat programatu genuen, eta kasualitatez astelehenean goaz, beraz dena dator bat!

Bel Pozueta
Bel Pozueta
Bel Pozueta
Bel Pozueta  Bel Pozueta
Bel Pozueta  Bel Pozueta  Bel Pozueta  Bel Pozueta

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Bel Pozueta: “Gure helburua ez da Madrilen kudeaketa lanak egitea, baldintzatzea baizik””-ri buruz

  • juan inazio hartsuaga 2019-04-25 09:00

    Ez dut inoiz ulertu ezker abertzaleak kudeaketari dion alergia. Badirudi garai berri hauetan ere bere horretan dirauela eta nire uste apalean ez dio batere mesederik egiten.

  • Oso ondo ezagutzen duzu erantzuna, baina galdera egin duzunez, begiratuko dugu ea zertxobait aklaratu daitekeen.

    KUDEAKETA termino tekniko samarra da.eta arlo publikoan batez ere, administrazioarekin eta burokraziarekin lotua joaten da.
    Beste aldetik, KUDEAKETA beti da PROIEKTU planifikatu baten barneko mekanismoa, hartan markatutako helburuak modu arrakastatsuan ateratzeko mekanismoa.
    PROIEKTU PLANIFIKATUA termino politikoa da eta hari jartzen zaion norabidea baten batek (alderdi politikoak, gobernuak, jefeak) erabakitzen du beti.
    Hau da, baten batek dio zer egin, zenbateko aurrekontuarekin, noiz eta nola (PROIEKTUA) eta beste batek bideratzen du hori guztia txintxo-txintxo, jarritako baldintzak eta aurrekontuak errespetatuz (KUDEAKETA).
    Askatasun gutxiko prozesu automatizatua, beraz.

    Edo modu grafikoago batean esanda, Ryanair-ek erabakitzen du noiz eta nondik-nora eraman nahi duen hegazkina eta zenbat erregai xahutu nahi duen bidaian (Proiektu planifikatua), eta pilotuak eraman beharko du gero hegazkin hori enpresak esandako tokira, itolarrian bada ere (kudeaketa).

    Eskuak aski lotuta uzten ditu KUDEAKETA prozesuak, baina aldi berean egia da oso une interesgarriak eskaintzen dituela lagunak eta negozioak egiteko eta diru-partidak handik eta hemendik atera eta gordetzeko, paradisuetara eramateko eta aitaginarrebaren armairuan diruz betetako maletatxo beltzak uzteko.

    KUDEAKETA mota hori da, esango nuke nik, Ezker abertzaleari alergia sortzen diona.