Argala, Cereceda, Sarrionandia, Txillardegi

Argala, Cereceda, Sarrionandia, Txillardegi –

Ezker independentistarentzat estrategikoak izango diren zenbait gai lantzeko bildu ginen duela hamar bat egun 250 kide Plaza Hutsean. Gure taldearen lana, euskarak prozesu independentistari egiten dion ekarpena aztertzea izan zen.

Argala, Cereceda, Sarrionandia, Txillardegi

Abiapuntua Ezker Abertzaleak historikoki bere buruari ezarri dion hizkuntza helburua izan zen, hau da, euskal herritar eleanitzez osaturiko Euskal Herri euskalduna sortzea. Edo beste hitzetan esanda, nagusiki euskaraz funtzionatuz, erdaldunei beren hizkuntza eskubide pertsonalak bermatuko dizkien euskal Estatua eraikitzea. Horretan datza prozesu independentistaren hizkuntza helburua: trantsizio linguistikoa burutzea. Erdaretatik euskarara pasa behar dugu, energia fosiletatik energia garbietara pasa behar dugun moduan. Ereduaren aldaketaz ari gara, beraz, eta ez egungo ereduaren optimizazioaz ala potentzialitateaz.

Hauek izan ziren, besteak beste, Durangon azaldu ziren lau ideia nagusiak.

Lehena. Euskara garrantzitsua da prozesu independentistarentzat, hizkuntzak -euskarak- lurralde bat -Euskal Herria- finkatzen diolako prozesu independentistari. Bestetik, euskara delako sortuko dugun Euskal Estatuko herritartasunaren zutabe nagusietako bat, munduko gainerako Estatuek egiten duten moduan. Eta, azkenik, euskara delako sortu nahi dugu Estatua euskaldun bihurtuko duena.

Bigarrena. Euskal Estatuak ez du berez euskararen normalizazioa bermatuko, gure abiapuntua hizkuntza minorizatuarena delako. Baina era berean, Euskal Estaturik gabe, euskarak ez duela normalizatzerik izango azpimarratu genuen. Irlandako ereduak argi erakusten du Estatua izateak ez dakarrela hizkuntza normalizazioa berarekin. Estatua ezinbesteko tresna da, baina ez da nahikoa. Irlandan hizkuntzaren normalizazioa Estatu lortu ondorengo fase politikorako utzi zuten eta prozesu independentista ingelesez garatu zuten. Gaur,  ehun urte beranduago, Estatu Irlandar askean gaelikoa galbidean dago, Ipar Irlandan baina egoera kaskarragoan. Gauza bera gertatu da beraien jatorrizko hizkuntza baztertu duten prozesu independentista deskolonizatzaileetan. Kolonizatu zituen okupatzailearen hizkuntza bilakatu da Estatu independiente berriaren hizkuntza nagusia eta baita metropoli zaharrekiko kate begia, Calvetek “Linguistika eta Kolonialismoa” liburuan ondo azaltzen duen moduan. Gauzak horrela, nagusiki erdaraz funtzionatuko duen Euskal Estatuan euskaldunok ez gara libre izango.

Hirugarrena. Euskarak emango dio euskal herritar izan nahi duen orori -hemen zein  atzerrian jaio- Euskal Herrian integraziorako bide nagusia. Euskal Estatuak ez dio bere lurraldean bizi den inori euskal naziotasuna ala identitatea inposatuko. Norberak bereari eusteko eskubide indibiduala izango du, baina Euskal Estatuak bertan bizi den orori euskal naziotasunaz jabetzeko aukera emango dio, euskal komunitateko eta euskal kulturako partaide izateko hizkuntza, euskara, dohain ikasteko bitartekoak guztiak ermatuz.

Eta laugarrena. Euskara da, sozialismoarekin eta feminismoarekin batera, sortuko dugun Euskal Estatuaren ADNaren osagarrietako bat. Eta prozesu independentista indartuko bada, hiru zutabe horiek elkar elikatuko dutelako izango da. Euskal Estatuaren proiektua erakargarria izango da, prozesu independentista mota guztietako zapalduekin bat egingo dugulako, Peraltan erakutsi dugun moduan.

Durangon eginiko hausnarketa hauek ez dira gaurkoak, modu berrian adierazten baditugu ere. Argala Hendaian ezagutu genuen, errefuxiatuentzat antolatutako barnetegian euskara ikasten ari zela. ETAko buruzagi historikoak argi ikusi zuen euskara jakin gabe euskal herritar osatu gabea zela eta euskaldun oso bihurtzeko asmoz, euskara ikasteari ekin zion. Eredugarria horretan ere, Argala. Bide beretik, adinean aurrera zihoan LAB eta HASIko buruzagi historikoa zen Joselu Cerecedak euskara kartzelan ikasi ondoren kalera irten zenean, ezagutzen ez zuen mundu oso baten ateak zabaldu zitzaizkiola adierazi zuen, euskal komunitatearenak, alegia. Cereceda euskararen erabiltzaile amorratua bihurtuta hil zen. Sarrionaindiak argi esan zuen moduan, “euskara da gure territorio libre bakarra” edota Txillardegiren hitzetan, “euskara da euskaldunon aberria”.

Horregatik guztiarengatik, euskarak prozesu independentistaren ezaugarri eta zutabe nagusietako bat izan behar du, Euskal Herri euskalduna, sozialista, feminista eta librea eraiki nahi badugu behintzat.

Argala, Cereceda, Sarrionandia, Txillardegi
Argala, Cereceda, Sarrionandia, Txillardegi
Argala, Cereceda, Sarrionandia, Txillardegi

6 pentsamendu “Argala, Cereceda, Sarrionandia, Txillardegi”-ri buruz

  • Joseba, ezker abertzaleko maila guztietako dozenaka hautetsi erdaltzaleek badute ondorio horien berri?

  • “Horregatik guztiarengatik, euskarak prozesu independentistaren ezaugarri eta zutabe nagusietako bat izan behar du”

    Ez, Joseba, euskarak (eta euskal den orok) prozesu independentistaren ezaugarri eta zutabe BAKARRA izan behar du. Herri honen aldeko borroka beste batzuekin nahastea etxekalte besterik ez da izango. Baldintza bat eta bakarra, gainerakoak soberan

  • Euskera beste hizkuntzen gainetik dago.
    Kontu hau ez da oraingoa. Inoiz entzungabea ba duzue ere, geurekin dugu. Eta horretan du Euskerak garrantzia.
    Euskera zuzena da. Euskera erderen Ama da. Berari ezker beste historia ikuspegi bat soma dezakegu.
    Azalean gabiltza. Sakondu nahi duenak ba du gaia:
    “Hizkuntzaren balioa gizadiaren gogo osaketan eta euskera”.
    Egia beti omen dago zai. Eta berak askatzen omen gaitu.

  • Amonamantangorri 2019-01-25 03:05

    “euskarak (eta euskal den orok) prozesu independentistaren ezaugarri eta zutabe BAKARRA izan behar du”.

    Ea zein nazio-proiektu oinarritu den BAKARRIK hizkuntzan.

  • Irakurri ondo, “euskal (eta euskal den orok)”. Herriaren biziraupenerako borroka horixe bera baita, biziraupenaren aldeko borroka. Ez nahastu sozialismo, feminismo edo ezkerraren azken burutazioekin.

    Euskaldunok lehenengo, euskara lehenengo

  • Aldaketak guztiak gizakion gogoan hasi ohi dira.
    Izenak aldatuz, mendez mende,
    CANTABRIA giñen batzuentzat lehen.
    ESPAÑA, euskerazko hitzez ezaguna munduen.
    EUSKERA, bere LENGUA orain ere.
    Euskaldunok alferrik ote gaude ba hemen?